euskaraespañol

Ibaizabal Itsasadarra, bere eraldaketa eta berreskurapena, protagonista ‘UPV/EHU gure inguruan’ erakusketa eta jardueretan

UPV/EHUk Zientzia Astea 2020ren baitan antolatuta, ekitaldiak itsasadarraren eta inguruaren bilakaera erakusten du arlo zientifiko desberdinetatik

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2020/10/13

Irudia
Nekane Balluerka. Argazkia: Mikel Martínez de Trespuentes. UPV/EHU

Zientzia Astea 2020 aurreko hiru asteetan, zehazkiago urriaren 13tik azaroaren 1era, Bizkaia Aretoak (Abandoibarra 3, Bilbao) ‘UPV/EHU gure inguruan’ ekitaldia hartuko du. Ekitaldi horrek Ibaizabal itsasadarra du protagonista, eta jarduera desberdinen bitartez bere ingurua, bere sekretuak eta gordetzen dituen berezitasunak ezagutu ahal izango dira, betiere, zientzia eta teknologiaren iksupegitik.

Nekane Balluerkak, UPV/EHUko errektoreak, eta Fernando Tapia, Garapen Zientifiko eta Transferentziaaren arloko errektoreordeak inauguratu dute jarduera. Ekitaldian, Susana Palomino, Metro Bilbaoko Marketing eta Komunikazio arduraduna ere egon da, erakunde hori BBK Fundazioarekin eta Euskotrenekin batera, ekitaldiaren laguntzaileak baitira. Materialen prestakuntzan UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak, Zientzia eta Teknologia Fakultateak eta Bilboko Hezkuntza Fakultateak eta Itsasmuseum Bilbaok ere parte hartu dute. "Zientzia kontzeptuak eta zientzia edukiak zabaldu nahi ditugu, baina beti ikuspegi ludikotik jorratuz eta, aldi berean, zehaztasunez eta zorroztasunez. Beti bezala, herritar guztiei zuzendua dago, baina bereziki haur eta nerabeei zuzendua",  nabarmendu zuen Nekane Balluerkak bere hitzaldian.

Laburbilduz, jarduerak erakusketa eta hitzaldi-saio baten bidez, itsasadarraren bilakaera aztertzen du, diziplina eta arlo zientifiko desberdinetatik. Horrela, bertaratzen diren pertsonek itsasadarrak izan dituen eraldaketak ezagutu ahal izango dituzte argazki eta infografien bidez, historia zeharkatu eta bertako ekosistema esploratu ahal izango dute, baita Bizkaiko gizartean izan duen eragin ekonomikoa eta kulturala ulertu ere. Era berean, Bilbo Handiko orografia osatzen duten arrokak eta mineralak behatzeko, eta duela milioika urte gure ingurunean bizi ziren izakien fosilak ezagutzeko aukera egongo da.

Era berean, Lehen Hezkuntzako bigarren zikloko eta DBHko lehenengo ziloko ikasleek laster erakusketa birtualera sarbidea izango dute, eta haientzat bereziki prestatutako material didaktikoa ere izango dute.

Zehazkiago, ‘UPV/EHU gure inguruan’ biltzen diren jarduerak honako hauek dira:

ERAKUSKETA: Ibaizabal itsasadarra zientziak eta teknologiak ikusita

Oraingo honetan, Zientzia Astearen edizio honetan, Bilboko itsasadarrari, bere, zena ematen dioten ondare naturala, teknologikoa, kulturala eta soziala aldarrikatu nahi dira. Izan ere, Ibaizabal itsasadarra izan da, zalantzarik gabe, XIX. mendetik gaur egunera arteko garapen ekonomiko eta giza garapenaren ardatza, eta garapen hori, neurri handi batean zientzia eta teknologiari esker gertatu da. Itsasadarrak, bereziki, meatzaritzaren, burdingintzaren eta ontziolen agerraldia eta loraldia ahalbidetu zituen.

Itsasadarrak, bere ingurua eraldatzeaz gain, berak ere aldaketa handiak izan ditu askotariko elkarreragin eta jardueren ondorioz. Horiek bertako fauna eta floran, bai eta ekosistema dinamiko honetako beste bizitza forma batzuetan ere, eragina izan dute.

Kontu hauei eta beste batzuei buruzko informazio zehatza eta zorrotza aurki dezakezu Bizkaia Aretoan, astelehenetik larunbatera 10:00etatik 13:30ak arte  eta 16:00etatik 19:30ak arte; eta igandetan 10:00etatik 13:30ak arte.

HITZALDI-SAIOAK

Erakusketaren osagarri modura Bilboko itsasadarrari buruzko bi hitzaldi antolatu dira. Hitzaldiok itsasadarraren bilakaera arlo eta ikuspuntu desberdinetatik jorratuko dute. Itsasadarraren inguruaren eraldaketa eta berreskurapena ezagutuko ditugu, bai ur barrukoa eta kanpokoa, baita bi ertzetan zehar hazi dena ere. Bizkaiko estuario handienaren argazki garbia izatea dugu xede.

Urriak 14 "La ría como reflejo de la actividad industrial"

Jon Ruigómez, Itsamuseumeko zuzendaria, eta Jaio de la Puerta Rueda, UPV/EHUko Ekonomia Historian doktorea, izango dira itsasadarraren garapen industrialaz eta horrek gure inguruan izan duen eraginaz hitzaldia aurkezten.

Urriak 20 “Geología y minería en la ría del Nervión”

Lydia Rodriguez Méndezek eta Pedro Pablo Gil Crespok, UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Saileko irakasle ikertzaileek, Bilboko testuinguru geologikoa eta horrek inguruko meatzaritzan izan duen eragina azalduko digute.

Bi hitzaldiak Bizkaia Aretoko Baroja gelan eskainiko dira, arratsaldeko 19:00etan. Bertaratzeko ez da erreserbarik egin behar eta sarrera librea izango da, edukiera bete arte.  Gainera, Streaming bidez ere jarraitu ahal izango dira, EITBko web orrian, esteka honen bitartez: https://www.eitb.eus/es/divulgacion/

ARGAZKI LEHIAKETA: Nerbioi itsasadarra zientziak eta teknologiak ikusita

Erakusketari lotuta eta Bilboko Itsasadarraren bilakaera eta bere berreskurapena ikusarazteko helburuarekin, antolaketak gure itsasadarra eraldatu duten gertaera garrantzitsuenak utzitako aztarna irudietan jasotzea proposatzen du, argazkien bidez.

Parte hartzaileek urriaren 28ra arteko epea izango dute lanak aurkezteko. Sariak bi kategoriatan banatuko dira, 16 urtetik beherakoak eta 16 urtetik gorakoak. Irabazleek azaroaren 7an jaso ahal izango dute saria Zientzia Astearen ospakizunean, lehiaketako oinarrietan adierazten den moduan.

Lehiaketaren oinarriak eta informazio guztia www.zientzia-astea.org webgunean kontsulta daitezke

Segurtasun neurriak-Covid19

UPV/EHUk aurrez aurrekoaren aldeko apustua egin du Zientzia Astean eta aurreko jardueran, egungo testuinguruak hartzera behartzen gaituen neurriez jabetuta. Espazio segurua sustatzeko, beharrezko neurriak hartuko dira COVID-19 prebentzio protokoloari jarraituz. Instalazioetara sartu aurretik, ezinbestekoa izango da bertaratutako guztien datu pertsonalak ematea, baita haien kontaktua ere. Eraikinaren barruan beharrezkoa izango da musukoa jartzea eta 1,5 m-ko distantzia mantentzea. Bizkaia Aretoak gel hidroalkoholikoen banatzaileak izango ditu bere gela guztietan.