euskaraespañol

Amaia Eiguren Munitis, José Miguel Correa Gorospe, Maitane Picaza Gorrotxategi eta Naiara Berasategui Sancho

Gazteen eta adinekoen bakardadea arindu egiten da belaunaldiarteko esperientzien bidez

Didaktika eta Eskola Antolakuntza saileko ikertzaileak

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2021/08/31

Irudia

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Gizartea aldatzen ari da, eta horren erakusgarri da, batetik, pertsonak gero eta urte gehiago bizi direla; eta, bestetik, familia nukleoen egitura aldaketek eragindako babesgabetasunaren ondorioz  haurrak izaten hasi diren zaurgarritasuna.

Azken urteotako ugalkortasun tasen jaitsierak, biztanle kopuruaren beherakadan ez ezik, zahartzean ere eragiten du. Mundu mailan, 65 urtetik gorako adin tartea gainerako tarteak baino azkarrago hazten ari da.

Nazio Batuen Erakundeak ‘Revision of World Population Prospects’ txostenean argitaratutako 2019ko datuen arabera, 2050ean munduko sei pertsonatik batek 65 urte baino gehiago izango ditu (biztanleen % 16). Zehatz esanda, 2050erako, Europan eta AEBn biziko diren lau pertsonatik batek 65 urte edo gehiago izango lituzke.

2018. urtean, historian lehen aldiz, 65 urtetik gorako pertsonek bost urtetik beherako haurren kopurua gainditu zuten mundu osoan. 60 urtetik gorako biztanle kopurua urtean % 3 hazten ari da mundu osoan, NBEk iragarri bezala 2017an.

Beraz, gizartean gero eta pertsona gehiago jotzen dira adinekotzat, baina kontuan hartu behar da “adineko pertsona” kontzeptua gai sozial, kultural eta pertsonalei lotuta dagoela, besteak beste.

Adinekoek bizitasun handia dute

Munduko Osasun Erakundeak (OME) adierazten duen bezala, adineko pertsonen osasun egoeran eta egoera funtzionalean aniztasun handia dago. Gehienak bizitasunez beteta daude eta oraindik ere oso aktibo baliotsua izan daitezke gizartearentzat.

Era berean, errealitate sozialaren ikuspegi holistikoa aztertzeko, beharrezkoa da aztertzea baita ere haurren eta gazteen bilakaera soziodemografikoa. Alde batetik, familia egituraren bilakaeran jarri behar da arreta, kontuan hartuta familia dela haur eta gazte horien oinarrizko gizarte egitura, eta, beraz, gizarteratzeko eredu naturala.

Familia egiturak aldatzen ari dira, nukleo egitura bihurtzen. Bestalde, aipatutako aldaketa horiez gain, kontuan hartu behar da migrazioak gora egin duela azken urteotan eta horrek ugaritu egin dituela familia tipologia berriak. Izan ere, askotan galdu egin da familia zabalarekiko harremana eta, ondorioz, familiako pertsona nagusiekikoa.

Beren tokia aurkitzeko arazoak

Egoera horretatik abiatuta, adineko pertsonek eta gazteek gaur egungo gizartean beren tokia aurkitzeko arazoak dituztela ikusi da. Hori dela eta, bakardade eta isolamendu arriskuan daude.

Gauzak horrela, behar‑beharrezkoa da belaunaldiak elkarrekin harremanetan jartzeko espazioak sortzea, gizarte loturak indartzeko eta memoria partekatua eta elkartasuna sustatuko dituen komunikazio aktiboa bultzatzeko.

Belaunaldiarteko esperientzien bidez harremanetan jartzen dira babesgabetasun handiena izan dezaketen taldeak, eta modu horretara gizarte parekideak eta irekiak sortu ahal dira adin guztietarako. Hau da, belaunaldiarteko esperientziak belaunaldien arteko zubiak dira, eta onura indibidualak zein sozialak ematen dituzte.

Belaunaldiarteko erakundeak

Belaunaldiarteko esperientziek gora egin dute azken urteotan. Nazioartean, erreferentea da Generations United, mota honetako esperientziak sustatzen dituen erakundea. Aipatzekoa da, halaber, Bridges Together INC eta Providence Mount St. Vincent erakundeek egiten duten lana.

Espainian hainbat ekimen daude. Alde batetik, Granadako Unibertsitatearen eta Macrosad kooperatibaren arteko hitzarmenaren ondorioz, belaunaldiarteko gaiak aztertzeko Makrosad katedra sortu zen 2018. urtean. Bestalde, belaunaldiarteko gaiei lotutako jardunaldiak antolatzen dituzte urtero Euskal Herriko Unibertsitateak eta Hartu Emanak elkarteak. Horiez gain, Matia fundazioak bultzatzen dituen esperientziak daude.

Europa mailan TOY plataformak –Together Old and Young– belaunaldiarteko esperientziak biltzen ditu. Badaude, halaber, webgune espezializatuak; esate baterako, ‘Lifelong Learning Platforms’ edo ‘Innovative education in the field of intergenerational cooperation support’. Webgune horietan baliabideak eta ereduak eskaintzen dira.

Egungo gizartearen aniztasunari aurre egitea ezinbesteko erronka izango da datozen urteetarako. Gizartearen zahartzea, pertsonen migrazio mugimenduak, eta gazteen behar ugariei erantzutea izango dira lan ildo garrantzitsuenetako batzuk.

Erronka horiei aurre egiteko, ezinbestekoa da belaunaldiarteko esperientziak bultzatzea, jardunbide egokiak identifikatu eta ebaluatzeko, bai eta pertsonak ardatz dituzten ikerketak  egitea ere, eragile aktibo izan daitezen beren ikaskuntza eta eraldaketa prozesuan.

​​​