euskaraespañol

UPV/EHUk apustu estrategikoa egin du etengabeko prestakuntzan eta berezko graduondokoen eskaintza bikoiztu du 2018/2019 ikasturterako

Moduluka antolatutako egitura berriak aukera ematen du tituluak zatika egiteko

Lehenengo argitaratze data: 2018/06/08

Irudia

Eropako Batzordearen “Hezkuntza eta Prestakuntza 2020” marko estrategikoan etengabeko prestakuntza oinarrizko ardatza da Europar Batasuneko lehiakortasun ekonomikorako eta gizarte kohesiorako. UPV/EHUk bat egin du marko estrategiko horrekin eta, Gobernu Kontseiluak gaur onartu duenez, bikoiztu egin du 2018/2019 ikasturterako berezko masterren eta bestelako berezko graduondokoen eskaintza, profesionalen eta, oro har, gizartearen prestakuntza premia berriei aurre egiteko, ahalik eta malgutasun, dinamikotasun eta moldagarritasun handienarekin. Eskaintza handitzeaz gain, moduluka antolatutako egitura berriak ere onartu dira. Horrela, bada, graduondokoetako asko banatuta daude banaka egin daitezkeen iraupen txikiagoko programetan eta programa horiek guztiak batuz, goragoko titulua lortu daiteke.

Bestalde, eskaintza hedatu egin da eta jakintza eremu, erronka, lankide eta egoitza berriak barne hartu ditu:

  • Eskaintza handiagoa: guztira, 86 titulu eskainiko dira. Zehazki, 29 berezko master; espezializazioko 39 titulu; unibertsitateko 17 aditu titulu; eta unibertsitate hedakuntzako diploma bat. Eskaintza handitu egin da hiru campusetan: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Esaterako, Araban hirukoiztu egin da.
  • Jakintza eremu berriak: ohiko eremuei (arkitektura, politika zientzia eta gizartea, hezkuntza, enpresa eta ekonomia, zuzenbidea, ingeniaritza eta teknologia, etab.), gizartearen erronka eta ardurei erantzuten dieten eremu berriak gehitu zaizkie: artea eta zientzia, gizarte ongizatea, bizi kalitatea eta osasuna, ingurumena, biktimologia, etab.
  • Erronka berriak: eskari handia izan ohi duten eremuetako bi (enpresa eta ekonomia; eta ingeniaritza eta teknologia) berrantolatu egin dira eta horietan etorkizuneko enpresen prestakuntza premiei hobeto erantzuteko arloak gehitu dira: digitalizazioa eta 4.0 industria.
  • Lankide berriak: lehen aldiz, Ingeniaritza Dualaren Unibertsitate Eskolak (Elgoibarko Makina-erremintaren Institutua) eta University Institute for Regenerative Medicine and Oral Implantology institutuak –biak ere UPV/EHUri atxikitakoak– parte hartu dute masterren eta graduondokoen eskaintzan.
  • Unibertsitate arteko master gehiago, UNEDen, Granadako Unibertsitatearen eta Santiagoko Unibertsitatearen lankidetzarekin.
  • Lankidetza hitzarmen gehiago, bai enpresa pribatuekin, bai erakunde publikoekin, hainbat helburutarako: ikasleentzako praktika programak sortzeko, unibertsitateaz kanpoko irakasleek parte hartzeko, masterrak eta graduondokoak finantzatzeko, etab.

Apustu estrategikoak, eskaintza zabaltzeaz gain, eskaintza hori malgua, dinamikoa eta moldagarria izatea eskatzen du. Zentzu horretan, hainbat berritasun aipagarri daude:

  • Moduluka antolatutako egitura berriak: ikasleak goragoko mailako tituluak lortu ahal izango ditu kreditu gutxiago dituzten prestakuntza programak batuz, eta bere denbora eta baliabide ekonomikoak hobeto kudeatzeko aukera izango du. Sistema berri honen helburua da lanean ari diren pertsonek lana eta prestakuntza errazago uztartu ahal izatea.
  • Sartzeko baldintza malguagoak: sartzeko baldintza irekiagoak dituzten titulazio berriak sortu dira, eta horiei esker unibertsitateko prestakuntzarako sarbidea izan dezakete unibertsitateko titulurik ez duten pertsonek.
  • Prestakuntzaren aldeko apustua, pertsonaren, gizartearen eta kulturaren ikuspegitik: helburuak dira gizartearen kultura ezagutza handitzea, bizi kalitatea hobetzea, integrazio eta partaidetza soziala bultzatzea, belaunaldien arteko harremanak garatzea, etab.  
  • Online modalitatearen eta ikasgelako eta ikasgelaz kanpoko modalitatearen garapena.
  • Hizkuntza eskakizunetara egokitzapena: prestakuntza programak eskaintzen dira euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta hizkuntza anitzetan. 

«Etengabeko prestakuntza, zentzurik zabalenean, euskal egitura sozioekonomikoaren sektore profesional guztiek duten premia bat da, gero eta handiagoa, eta Euskal Herriko Unibertsitateak, eskaintza berri honekin, eskaera horri aurre egiten dio modu egoki eta berritzailean», adierazi du Nekane Balluerka errektoreak.