euskaraespañol

UPV/EHUk 437,37 M€-ko aurrekontu proiektua aurkeztu du 2021 ekitaldirako

Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak lehen bilera egin du Eva Ferreira errektore izendatu zutenik

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2021/02/11

Irudia
UPV/EHUko Gobernu Kontseilua. Argazkia: Mitxi. UPV/EHU

Gaur egin da, Bizkaia Aretoan, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Gobernu Kontseiluaren lehen bilera Eva Ferreira errektore berria buru dela. Bilera honetan, besteak beste, unibertsitate publikoaren 2021 ekitaldiko aurrekontu aurreproiektua aurkeztu da, kopuru handiduna; izan ere, 437,37 milioi euro dira guztira.

Iazko ekitaldian, Euskal Herriko Unibertsitateak 428,22 milioi euroko aurrekontua izan zuen; beraz, oraingo ekitaldirako zenbatekoa % 2,14 igo da. Aurreproiektu honen igoerarik nabarmenena Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearen eraikin berriak eragindakoa da, Basurtuko Unibertsitate Ospitalearen ondoan egingo diren lanen partidari dagokiona, aurten 4 milioi eurokoa baita.

Gaurko aurkezpenaren ostean, martxoaren 4tik 11ra bitarteko epea egongo da aurrekontuen aurreproiektuari zuzenketak aurkeztu. Ondoren, dokumentua berriz ere Gobernu Kontseilura eramango da, martxoaren 18ko bilerara, eta Gobernu Kontseiluak onartuz gero, UPV/EHUko Gizarte Kontseiluari bidaliko zaio, behin betiko onar dezan.

Gobernu Kontseiluaren laurden bat berritu da

Eva Ferreira errektorea buru dela egindako lehen bilera honetan, Gobernu Kontseiluko kideen laurdena berritu da; izan ere, errektoretza talde berriko 10 kidek Nekane Balluerka errektorearen aurreko taldeko kideak ordezkatu dituzte. Ferreira errektoreak aukera baliatu du aurreko taldeari eskerrak emateko agintaldian egindako lanagatik. “Oso harro nago —adierazi du— gure unibertsitate publikoko errektore izateaz, baina umiltasunez hartzen dut kargua. Izan ere, kargu publiko bat eskuratzea ez da pribilegio bat eskuratzea; kargu publiko bat eskuratzea gizarteari zerbitzua emateko ekintza batean konpromisoa hartzea da".

UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak euskal unibertsitate publikoaren politika orokorraren jarraibideak ezarri eta garatzen ditu, aurrekontuak egiten ditu eta urte anitzerako plana prestatzen du. Kontseiluak 47 kide ditu: idazkari nagusia; gerentea; zortzi errektoreorde; Unibertsitateko Klaustroak hautatutako 20 kide (horietatik zortzi irakasle iraunkor doktoreen ordezkariak izango dira; beste bi, irakasle-ikertzaile iraunkor ez-doktoreen ordezkariak; beste bat, gainerako irakasle-ikertzaileen ordezkaria; bost, ikasleen ordezkariak, haietako bat gutxienez, graduondoko ikaslea dela; eta lau, administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkariak); horiez gain, kontseiluko kide dira: fakultate eta eskoletako dekano eta zuzendarien zazpi ordezkari, Unibertsitateko Klaustroak hautatutakoak (horietako lau Bizkaiko Campusekoak, bi Gipuzkoakoak eta bat Arabakoa); sail, institutu eta doktorego eskolen zazpi ordezkari, Klaustroko arautegiak zehazten duen erara banatuak eta arautegi horretan zehaztutakoarekin bat, Klaustroak berak aukeratuak. Badira ere unibertsitateko kideak ez diren Gizarte Kontseiluko bi kide.