euskaraespañol

UPV/EHUk 2.700 eskolatik gora ematen ditu egunero bideokonferentziaz

Konfinamenduak dirauen artean, EHUedonondik jarri du abian, irakaskuntza ez-presentzialeko programa

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2020/03/20

(Beste leiho bat zabalduko du)
Irudia

Aurrez aurreko jarduna eten duenetik astebete igaro barik, Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU)  EHUedonondik programa prestatu du, irakaskuntza ez-presentzialerako oinarriak eta jarraibideak ezartzen dituena. Aldi berean, unibertsitateak tresnak eta ikastaroak jarri ditu irakasleen esku, irakaslana modalitate birtualera egokitu dezaten. Neurri hauen bidez, irakasleek eta ikasleek eskolekin jarraitu ahal izango dute, modu ez-presentzialean, COVID-19 koronabirusak sortutako pandemiak ekarri duen konfinamenduak dirauen artean.  

Berrikuntzaren, Gizarte Konpromisoaren eta Kulturgintzaren arloko errektoreorde Idoia Fernandezek azaldu duenez, «EHUedonondik programarekin, ikasteko ingurune alternatiboak eta lankidetzazkoak ezartzeko baldintzak jarri ditugu, lehen aurrez aurre lantzen genituen irakasgaiekin jarraitu ahal izateko».  

Programa oinarritzen da UPV/EHUko Campus Birtualean  —eCampusean—. bildutako esperientzia zabalean. Irakasgaien irakaskuntza gidak egoera ezohiko honetara egokitu dira. Irakasleek oso azkar erantzun dute. Badira urte batzuk UPV/EHUk  eGelako Moodle plataforma propioa erabiltzen duela ikasgelako irakaskuntzaren tresna osagagarri gisa. Joan den martxoaren 9an aurrez aurreko irakaskuntza Arabako Campusean eten zenetik, baina, Moodle ikasleekiko harremanetarako kanal nagusia izatera pasatu da. Gauzak horrela, e-Gelako saioen kopurua 325.293 izatetik 581.765 izatera igaro da, hots, % 78.8 hazi da. Irakaskuntza ez-presentzialeko lehenengo aste honetan 90.000 saiotik gora izaten ari dira egunero eGelan.  

 

EGelako saioen kopurua 

Bestalde, eGela plataforma propioak badu bideokonferentzietarako tresna bat, BlackBoard Collaborate (BBC) izenekoa, eta horixe erabiltzen ari dira gehienbat irakasleak eta ikasleak Interneten bidez eskolak eman eta jasotzeko, zalantzak argitzeko eta lanak aurkezteko. Martxoaren 9az geroztik etengabe ireki dira bideokonferentzia gelak. Gela hauen kopurua 1.923tik gorakoa izan zen martxoaren 13an, eta izugarri igo zen martxoaren 16an, 2.700 gela baino gehiago ireki baitziren egun horretan. 

 

BBC Saioak eguneko 

«Jarduera praktikoak» arazo handiagoa dira beharbada, aitortu du Idoia Fernandezek. Irakaskuntza telematikoak eskaintzen ditu ordezko aukera batzuk, hala nola simulagailuak, bideoak eta bestelako euskarri didaktikoak. Horiek guztiak irakasleen daude dagoeneko. «Hala ere», esan du errektoreordeak, «jabetzen gara praktika batzuk ezin izango direla egin, eta birprogramatu edo atzeratu egin beharko direla salbuespenezko egoera hau amaitu osterako».  

Bestalde, EHUedondik programak modua ematen du jardun akademikoaren ohiko beste atal batzuk aurrera eramateko, hala nola tutoretzak, ebaluazio zereginak, eta gradu amaierako eta master amaierako lanak.   

Unibertsitateko kideak aldaketara egokitu dira 

Aldaketa hau —aurrez aurreko irakaskuntzaren parametroetatik irakaskuntza ez-presentzialaren parametroetara pasatzea— modu esponentzialean hazten ari den fenomenoa da, eta ezingo litzateke ulertu kontuan hartu barik irakasleen, teknikarien eta ikasleen inplikazioa eta erantzukidetasuna. UPV/EHUko errektore Nekane Balluerkak azaldu duenez, «Euskal Herriko Unibertsitateak 5.000 irakasle dauzka, 45.000 ikasle ingururi irakasten dietenak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako campusetan. Irakaskuntza guztia modu ez-presentzialean ematea erronka handia da, baina modu eraginkorrean egin diogu aurre, eta, zailtasunak zailtasun, datuek erakusten dute arrakastaz gaindi dezakegula».  

Alde horretatik, Nekane Balluerkak azpimarratu gura izan du unibertsitateko langileen ahalegina: «hain ataka gaitzean, jarraitzen dute beren zereginak betetzen, eta ohiz kanpoko egoera honetan ere, ikasleei zerbitzua ematen.EHUedonondik horren beste adibide bat da. Haien lanak berriz ere jarri du agerian Euskal Herriko Unibertsitateak jarraitzen duela betetzen euskal gizarteak eta haren erakundeek eman dioten mandatu garrantzitsua».

 

Gehiago jakiteko: 

https://www.ehu.eus/eu/ehu-edonondik