euskaraespañol

UPV/EHUk Jocelyn Bell Burnell astrofisikaria honoris causa doktore izendatu du

Oxfordeko Unibertsitateko irakasle honen ikerketek eragin handia izan dute neutroi-izarren aurkikuntzan

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2022/10/26

Irudia
Eva Ferreira errektoreak Jocelyn Belli birreta jartzen dion unea. | Argazkia: Mitxi. UPV/EHU

Euskal Herriko Unibertsitateak honoris causa doktore izendatu du Jocelyn Bell Burnell Oxfordeko Unibertsitateko astrofisika irakaslea. Bera izan zen pulsar izeneko neutroi-izar mota batetik datozen irrati-uhinak detektatu zituen lehen pertsona.

Jocelyn Bell Euskal Herriko Unibertsitateko zortzigarren emakume honoris causa doktorea da 1982tik, Micaela Portilla (1993), Carmen Codoñer (2003), Marilyn Strathern (2011), Carmen Reinhart eta Maria Vallet Regi (2013), María Jesús Esteban (2016) eta Sonia Livingstonen (2017) ondoren.

Errektoreak Honoris Causa doktore izendatzeko akta sinatu ondoren, Jocelyn Bellek ohiko zuhaitza landatu du, kasu honetan pago bat, Bizkaiko Campuseko Leioa Erandioko Honoris Causa pasealekuan. Ondoren, errektoreak titulua eta birrete saritua eman dizkio, eta Ruth Lazcoz amabitxiak, Zientziaren Liburua, oraingo honetan Siri Husvedten A Woman Looking at Men Looking at Women izan dena.

Doktore izendatzeko ekitaldia UPV/EHUko Bizkaia Aretoan izan da, eta Eva Ferreira unibertsitateko errektorea izan da buru, Adolfo Morais Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordea bertan zela.

Eva Ferreira UPV/EHUko errektoreak eskerrak eman dizkio Bell Burnelli, hiru arrazoirengatik: “lehenik eta behin, ekarpen zientifikoagatik; bigarrenik, giza kalitate xume eta eskuzabalagatik; eta, hirugarrenik, Euskal Herriko Unibertsitatearekin duen harreman estu eta emankorragatik”.

“Gogoan dut Etxenike irakaslearen esaldi bat, ukatu ezin den gertaera objektibo bat zehatz -eta eder- laburbiltzen duena: Jocelyn Bell da Nobel Saria osatzen duen izarrartean falta den izarra”, gaineratu du errektoreak.

Ruth Lazcoz irakasleak, Bell Burnellen laudatua egiteaz arduratu denak, nabarmendu du Jocelyn Bell Burnell irakasleak, “neutroi-izarren aurkitzaileak, bere eskola-garaian (joan den mendeko 60ko hamarkadan) fisika ikastea eragozten zuten hormak bota behar izan zituela. Eta, beharbada, irabazitako lehen borroka horrek bultzatu zuen gogor lanean jarraitzera, nahiz eta hark zalantzak izan bere balioaz, batzuetan iruzurgile sentitzeaz, berak aitortzen duen bezala”.

Bere hitzaldian, UPV/EHUko honoris causa doktore berriak, Jocelyn Bellek, aintzatespena eskertu du: "Asko estimatzen dut Unibertsitatearen eskuzabaltasuna ohore zoragarri hau emateagatik. Bereziki eskertzen diet izendapena Unibertsitateko prozesuen bidez bultzatu zutenei. Eskerrik asko zure abegikortasunagatik, eskerrik asko eskuzabaltasunagatik, eskerrik asko adeitasun guztiengatik. Eta, batez ere, eskerrik asko zuen komunitatearen parte egiteagatik”.

Honoris Causa doktore titulua Jocelyn Bell Burneli emateko erabakia UPV/EHUko Gobernu Kontseiluan hartu zen, 2022ko otsailaren 3an. Bell Burnellen izendapena, Ruth Lazcoz irakasleak babestua, Zientzia eta Teknologia Fakultateak bultzatu zuen, bere ekarpenagatik eta fisikaren arloko beste figura nabarmenekin batera, oro har STEM bokazioen eta, bereziki, emakumeen sustapenean.

Jocelyn Bell

Jocelyn Bell Burnel (Belfast, 1943) britainiar astrofisikaria Erresuma Batuko zientzialari garrantzitsuenetako bat da. Graduondoko ikasle gisa, 1967an, pulsarraren lehen irrati-seinalea aurkitu zuenetako bat izan zen, eta, horri esker, izarren bilakaeraren teoria kontrastatu ahal izan da.

 Bell-en figura polemikan sartua izan zen, zeren pulsarren aurkikuntza iragartzen zuen artikuluak bost autore baitzituen eta bere tesiaren ikuskatzaileak, Antony Hewishek, bakarrik, 1974an jaso baitzuen, lan horrengatik, Fisikako Nobel Saria.

 Zientzialari askok kritikatu zuten Bell-en omisioa, eta eztabaida handia sortu zen, nahiz eta berak beti garrantzia kendu dion. Jocelyn Bellek bere karrera zientifikoa garatzen jarraitu zuen. Astronomiaren Errege Elkarteko eta Fisika Institutuko presidentea izan da Erresuma Batuan.

 Sari ugari jaso ditu, besteak beste, Oinarrizko Fisikaren Aurrerapenerako Sari Berezia (Breakthrough Prize in Fundamental Physics, 2018), munduan diru saririk handiena duena. Bellek sari horren 2,3 milioi libra eman zien gutxiengo etnikoetako emakume eta emakume errefuxiatuak fisikako ikertzaile bihurtzen laguntzeko. Gaur egun, astrofisikako irakasle bisitaria da Oxfordeko Unibertsitatean, eta Mansfield Collegeko kidea.