euskaraespañol

Itsaso Biota Piñeiro eta María Dosil Santamaría

Sexu indarkeria areagotzen ari da nerabeen artean: zer ari da gertatzen?

UPV/EHUko ikertzaileak

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2023/01/16

Irudia

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Milioika haur, gazte eta helduk pornografiaren kontsumo masiboa egiten dute –emakumeen aurkako sexu praktika bortitzez betea– eta kontsumo hori kaltegarria da sexu desira eraikitzeko orduan, baita beste pertsona batzuekin sexu harremanak izateko orduan ere.

Bisita gehien izan dituen pornografia atarietako batek urtero argitaratzen dituen datuen arabera, 2021ean honako hauek izan ziren beren webgunean trafiko gehien izan zuten herrialdeak: Estatu Batuak, Erresuma Batua, Japonia, Frantzia, Italia eta Mexiko.

Mexikok lau postu egin zituen gora bistaratzeen rankingean, eta top 20 zerrendako seigarren postuan kokatu zen. Brasil hamargarren postuan dago, Espainia hamaikagarrenean eta Argentina hamaseigarrenean. Horrez gain, Kolonbia eta Txile kontsumo gehien egiten duten herrialdeen top zerrendan sartu dira lehenengoz (17. eta 20. postuetan, hurrenez hurren).

Indarkeriaren aurrekaria

Pornografia atariak –urtero gehien bisitatzen diren webguneen artean daude– emakumeen aurkako sexu indarkeria zuzen eta sinbolikoz beteta daude. Duela gutxi egindako azterlan baten arabera, aztertutako eszenen ia % 90ek emakumeen aurkako indarkeria zuten.

Zuzeneko indarkeria fisikoari bideoetako eszenen bidez eraikitzen den sexu imajinarioa gehitu behar zaio. Izan ere, bertan ez dute lekurik edo espaziorik emakumeen plazerak eta desirak, elkarrizketak, errespetuak eta afektibitateak. Gainera, alderdi kezkagarrienetako bat da pornografian beste pertsonaren onespena desagertu egiten dela eta sexua irudikatzeko sexu erasoak agertzen diren eszenak erabiltzen direla.

Ebidentzia zientifikoaren arabera, lotura esanguratsuak daude pornografia kontsumoaren eta sexu jokabide oldarkorren artean. Azterlan horiek adierazten dutenez, alde batetik, pornografia kontsumitzen duten gizonek hein handiagoan gauzatzen edo desiratzen dituzte praktika menderatzaileak eta umiliagarriak; eta bestetik, pornografiaren kontsumoa sexua lortzeko indarra edo mehatxuak erabiltzeko probabilitate handiagoarekin lotzen da.

Sexu indarkeria eta genero indarkeria

NBEren arabera, mundu osoan hedatuen dagoen giza eskubideen urraketa da genero indarkeria. Horrenbestez, gizarte guztien lehentasunetako bat izan beharko luke indarkeria horri aurre egitea, 2030 Agendan zehaztutako Garapen Jasangarrirako Helburuek (GJH) adierazten duten moduan. Bosgarren helburuaren arabera, ezinbestekoa da genero berdintasuna lortzea, eta ez funtsezko giza eskubide bat delako bakarrik, baita mundu baketsu, oparo eta jasangarri bat lortzeko beharrezko oinarria delako ere.

Espainiako Estatistika Institutuaren arabera, Espainian urtetik urtera gora egiten jarraitzen du genero indarkeriako kasuen kopuruak; 2021ean gertatu zen biktima kopuruaren igoerarik handiena, 18 urtetik beherako emakumeen artean (% 28,6). Sexu indarkeriarekin lotutako delituei dagokienez, Barne Ministerioaren Kriminalitate Balantzearen arabera, 2022ko lehen hiruhilekoan % 20tik gorako hazkundea gertatu zen, ia % 80 gehiago zortzi urtean.

Sexu delitu guztien biktimen erdiak adingabeak ziren.

Latinoamerikan eta Kariben, 15 eta 19 urte bitarteko 1,1 milioi neska nerabek sexu indarkeriaren bat edo bestelako sexu egintza beharturen bat jasan dute, eta 3 emakumetik 1ek, gutxienez, indarkeria fisikoa edo sexu indarkeria jasan dute beren bizitzetako uneren batean.

Negazionismoaren gorakada

Kasuen gorakada nabarmen hori emakumeen kontzientzia handiagoaren ondorio izan badaiteke ere –erasotzaileen % 97 gizonak izan ziren–, azken urteetan gobernuek eta erakundeek egin dituzten kontzientziazio kanpainen ondorioz –horiei esker tresna gehiago dituzte biktima gisa aitortzeko–, zifrak kezkagarriak eta onartezinak dira oraindik ere. Gainera, datu horiek icebergaren tontorra bakarrik islatzen dute; izan ere, horren azpian sexu indarkeriaren normalizazio, hutsaltze eta ukapen kezkagarriak daude.

Zifra horiez gain, ‘genero indarkeriaren negazionismoa’ deiturikoaren ezohiko gorakada gertatu da, eta bost mutil gazte eta nerabetik batek uste dute errealitate hori ‘asmakizun ideologiko’ bat dela. Zifra horrek bikoiztu egin du 2017koa, eta argi eta garbi islatzen du gizarte gisa aurrez aurre dugun arazoaren tamaina.

Sexu hezkuntza, gainditu gabe dagoen ikasgaia

Gaur egun, haurrek eta nerabeek gero eta lehenago jotzen dute pornografiara edozein gailu mugikorretatik, erregistratu eta inolako iragazkirik igaro beharrik izan gabe. 2021ean, pornografia atarietan gehien bilatu zen terminoetako bat ‘how to’ izan zen, hau da, ‘nola egin’, eta horrek garbi erakusten digu neska-mutil gazte askok pornografia erabiltzen dutela sexualitateari buruz ikasteko.

Errealitate horrek erakusten duenez, gaur egungo sexu hezkuntzaren eredua ez da eraginkorra, ezta nahikoa ere. Gure esperientzian oinarrituta, uste dugu Espainian oso modu bakanean eta isolatuan lantzen dela sexu hezkuntza. Biologizismoaren ikuspuntutik erakusten da gainera, sexualitatea ugalketarekin lotuta eta sexu transmisiozko infekzioen prebentzioarekin lotuta.

Neska-mutil eta nerabe guztiek, ezagutza akademikoez gain, bermatuta izan beharko lukete beren bizitzako alderdi guztietan, baita sexuan ere, erabat garatzen lagunduko dien hezkuntza bat jasotzeko eskubidea.

Indarkeria naturalizatuaren ikuspegi kritikoa

Hezkuntza afektibo-sexualaren ereduak kritikoa eta emantzipatzailea izan behar du. Onespenaren arazoa jorratu behar du, desira erdigunean jarriz, eta tresnak eskaini behar ditu sexu indarkeria detektatu ahal izateko, hura guztiz naturalizatuta baitago gizartean.

Horrela, zigorraren ikuspegia alde batera utzi eta dagozkien ezagutzak eta tresnak eskaini beharko litzaizkieke gazteei, beren harreman afektibo-sexualetan indarkeriarik normalizatuena antzemateko eta detektatzeko, eta beren buruak erasotzaile edo biktimatzat hartzen laguntzeko. Izan ere, sexu indarkeria ez da arazo indibidual bat, kulturala eta soziala baizik.

Horretarako ezinbestekoa da nerabeekin esku hartzen duten eragile guztiak prestakuntzaz eta tresnez hornitzea, sexu indarkeria ikuspegi feministatik eta intersekzionaletik prebenitzeko. Tresna horiek funtsezkoak izango dira, sexu esplotazioa desagerrarazteko eta irakaskuntzan kalitatezko sexu hezkuntza ezartzeko neurriekin batera, guztiontzako ongizate handiagoa eta indarkeriarik gabeko bizitza bermatzeko.