euskaraespañol

Juan Ignacio Pérez Iglesias

Lanera pedalei eraginez joateak biziak salbatzen ditu

Fisiologiako katedraduna

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2021/04/09

Juan Ignacio Pérez Iglesias
Juan Ignacio Pérez Iglesias. Argazkia: Mikel Mtz. de Trespuentes. UPV/EHU.
Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Norbaitek esango balizu gaixotasun kardiobaskular baten, minbiziaren eta kausa posible guztien eraginez hiltzeko arrisku arrunta ia erdiraino murrizten duen tratamendu bat dagoela, segur aski, ez zenuke sinetsiko. Edo, sinetsiz gero, tratamendu hori berehala emateko eskatuko zenuke. Bada, tratamendu hori badago, eta jende askoren eskura, gainera: nahikoa da lanera bizikletaz joatea.

Horixe da Erresuma Batuan egindako azterlan baten ondorio nagusia. Azterlan horretan, lanera joateko erabilitako garraiobidearen arabera, gaixotasun kardiobaskularrak eta minbizia izateko arriskua neurtu zuten, baita bi kausa horietako baten edo beste edozein kausaren eraginez hiltzeko arriskua ere. Ikerketan, 22 herritako 263.450 pertsonak parte hartu zuten (% 52 emakumeak ziren; batez besteko adina: 52,6 urte). Parte hartzaileak lau kategoriatan banatu zituzten: oinezkoak, txirrindulariak, mistoak eta inaktiboak (ibilgailu publiko edo partikular bat erabiltzen dutenak).

Parte hartzaileen ia % 1 (2.430) heriotza tasaren azterketaren jarraipena egin zuten bost urteko epearen barruan hil ziren; horietatik 496, arazo kardiobaskular baten eraginez, eta 1.126, minbiziaren eraginez; gainerakoak beste kausa baten ondorioz hil ziren. 3.748 pertsonak minbizia izan zuten, eta 1.110ek, gaixotasun kardiobaskular baten gertakariren bat.

Lanera bizikletaz joaten zirenen artean, edozein kausaren ondorioz hiltzeko arriskua ibilgailu bat erabiltzen zutenen arriskuaren % 59 zen, eta bizikleta eta paseoa konbinatzen zutenena “inaktiboek” zuten arriskuaren % 76.

Azterketa minbizira mugatuz gero, emaitzak are hobeak ziren. Lanera joateko pedalei eragiten zietenen artean, gaixotasun multzo horren intzidentzia pertsona inaktiboen intzidentziaren % 55 zen, eta hiltzeko arriskua, % 60. Eta bizikleta eta paseoa uztartzen zutenen artean, berriz, portzentajeak % 76 eta % 64 ziren, gaixotasunen intzidentziari eta hiltzeko arriskuari zegokienez, hurrenez hurren.

Istripu kardiobaskular bat izateko probabilitatea edo kausa horregatik hiltzeko arriskua neurtuta ere jarduera fisikoaren emaitzak hobeak ziren. Lanera bizikletaz joaten zirenen artean, gertaera kardiobaskular bat izateko probabilitatea autoan, autobusean edo metroan zihoazenek zuten arriskuaren % 54 zen. Eta lanera oinez zihoan pertsona batek istripu kardiobaskular bat izateko arriskua pertsona “inaktibo” batek zuenaren % 73. Joan-etorriak egiteko moduak kausa horrek eragindako hilkortasunean zituen ondorioak are handiagoak izan ziren: bizikletaz zihoazenen hiltzeko probabilitatea autoan edo garraiobide publikoan zihoazenen probabilitatearen % 48 izan zen, eta oinez zihoazenena, % 64.

Jarduera fisikoaren onurei buruzko ebidentzia gehiago

Minbiziaren edo bestelako kausa posible guztien eraginez hiltzeko arriskua ez zen txikiagoa lanera oinez zihoazenen artean. Ezta bizikleta eta paseoa uztartzen zituztenen artean ere.

Ikerketa honetako ondorioez gain, jarduera fisikoak osasunean dituen onurak baieztatu dituzten beste ikerketa batzuetakoak daude. Eta, zehazki, minbiziren bategatik edo istripu kardiobaskularren bategatik hiltzeko probabilitateari buruzko ikerketetakoak. Azterlan honen ondorio interesgarriena honako hau da: a priori oso sinplea den neurri bat hartzeak, hau da, lanera pedalei eraginez joateak, hiltzeko arriskuan eragin izugarria duela.

Pentsa dezagun bizikleta garraiobide gisa erabiltzeko ohitura zabaltzeak osasun sistemaren kostuetan izango lituzkeen ondorioetan, alde batetik, eta gutako bakoitzaren bizi kalitatean eta itxaropenean izango lituzkeenetan, bestetik.

The Conversation