euskaraespañol

Ekain Payán Ellacuria

Pandemia garaian erabilitako terminologiaren inplikazio etikoak eta juridikoak

Zuzenbide Penaleko irakasle laguntzailea

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2020/07/27

Irudia
Ekain Payan. Argazkia: Mikel Martínez de Trespuentes. UPV/EHU
Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Ekainaren 21etik aurrera Espainiako lurralde osoa dago normaltasun berri irrikatuan. Botere publikoek eman diote izen hori, herritarrok gure ohituretan txertatu behar ditugun garbitasun eta segurtasun neurrien sorta legitimatzeko.

Gizartean errotutako beste batzuk gehitzen zaizkio horri, SARS-CoV-2 birusaren –eta ez gerra egoera baten– ondoriozko glosario terminologiko oso bat eratuta. Baina guztiak ez dira sinonimoak eta ez dute intzidentzia bera.

Konfinamendua, berrogeialdia edo isolamendua?

Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak eta haren luzapenek ezarritako alarma egoera bertan behera utzita, oinarrizko eskubideak eta askatasun publikoak berrezarri dira, gizabanakoaren eta zirkulatzeko askatasuna barne, Konstituzioko 17.1 eta 19. artikuluetan aitortuta, hurrenez hurren. Orain arte hiru termino erabili ditugu: konfinamendua, berrogeialdia eta isolamendua.

Lehenik, konfinamenduak zigor konnotazio bat du, beste bi terminoek ez dutena, zeina honela definitzen baitu Espainiako Errege Akademiaren hiztegi juridikoak: “Askatasuna murrizten duen zigorra, zeinaren bidez akusatua penintsula edo uharte lurraldeko herri edo barruti batera eramaten baitzen, non aske baina agintaritzaren zaintza pean egon behar zen.”.

Berrogeialdia, berriz, ezin izango da dekretatu, salbu eta, agerraldien intentsitateagatik (ez, ezinbestean, “bigarren oldarraldi” baten barruan), tresna juridiko hori berriz hartu behar bada.

Hori bi modutara egin daiteke. Lehena, alarma, salbuespen edo setio egoerei buruzko Lege Organikoaren (ekainaren 1eko 4/1981) 11 a eta 12.1 artikuluetan oinarrituz, 4 b artikuluari lotuta. Edo, bestela, ad hoc manuak sartuz Osasun Publikoaren alorreko neurri bereziei buruzko Lege Organikoan (apirilaren 14ko 3/1986).

Hori hala da, batetik, azken lege horrek hautabidez baino ez duelako ezartzen 2. artikuluan “pertsona edo pertsona talde baten egoera sanitario zehatza dela kausa”, eta, bestetik, 3. artikuluan, “gaixoak, haiekin harremanetan dauden edo egon diren pertsonak kontrolatzeko (...)”.

Horrenbestez, aurretiaz baimendu edo ondoren epaile bidez berretsi behar da (PZLren 763. art.) artikuluetan zehaztutako kasuak isolatzeko, eta ezin du inola ere izan irismen orokorrik. Horren adibidea dugu Segrià eskualdearen isolamendua, “konfinamendu kirurgikoa” adierazpenaren pean agerraldien aurkako estrategia berria bihurtu dena. Adierazpen hori anbiguoa da, ordea, eta Espainiera urgentearen fundazioak zehaztu behar izan du: “selektiboa” hobeto, “kirurgikoa” baino.

Gainera, EKren 116. artikuluaren tresnen presentziak zalantzan jartzen du haren bideragarritasun juridikoa. Alde batera uzten dira, ondorio horietarako, 14/1986 Lege Orokorra, apirilaren 25ekoa, Osasunari buruzkoa; eta 33/2011 Legea, urriaren 4koa, Osasun Publikoari buruzkoa, oinarrizko eskubideak lege organikoari erreserbatzen zaizkiolako (apirilaren 22ko 142/1993 KAEren 2. OJ).

Normaltasuna adjektibatzearen arriskuak

Zergatik hitz egiten da, orduan, normaltasun berriaz? Oraingo testuinguru sanitarioko ezinbesteko prebentzio irizpide batzuei erantzun nahi die termino horrek; besteak beste, musukoa erabiltzea listu tantatxoak edo sudurreko jariakinak ez barreiatzeko.

Baina adiera horren azpian egon daiteke ohikotasunera (iraunkorki) itzuli ezina, eta hori egunerokoa eta ohikoa besterik ez da, edo, beste modu batera esanda, Eskubidezko Estatu sozial eta demokratiko bati dagokiona (EKren 1.1).

Ondorioz, normaltasuna ezin da ez “berria”, ez “desberdina”, ezta “behin-behinekoa” ere izan, eragile politiko eta sozial jakin batzuek horretaz aritzen direnean erabili ohi dituzten hitz batzuk aipatzearren. Aipamen berezia merezi du “errealitate berri”tzat hartzeak, iradokitzen baitu oraingoa genero nobelesko edo fantastikoari dagokiola.

Horiek guztiek garrantzia izan dezakete, lexikoki ez ezik, baita juridikoki ere, eta herritarrek kontziente edo inkontzienteki onartuko dituzte azkenean. Era horretan, normalizatu ahal da eskubideen eta askatasunen murrizketa (ez bertan behera uztea, ordea; apirilaren 28ko 83/2016 KAEren 8. OJ, baina zenbait adituk ohartarazi dute dagoeneko arrisku horretaz), zeinak, nabarmendu beharra dago, ezohiko egoeretan (“normaltasunaren nahasmendu larriak”) eta beharraren, behin-behinekotasunaren eta proportzionaltasunaren printzipioak betez baino ez du tokirik.

Urruntze soziala?

Birusa ez barreiatzeko beste bide bat, eskuak maiz garbitzearekin batera, “pertsonen arteko segurtasun distantzia” da, metro batekoa gutxienez, zeinak kutsakortasuna % 12,8tik % 2,6ra gutxitzen duen,  ekainaren 9ko 21/2020 LEDren (COVID-19ak eragindako osasun-krisialdiari aurre egiteko prebentzio, geldiarazte eta koordinazioko premiazko neurriei buruzkoa)  6.1 a), b) eta 7.1 c) artikuluek 2 metroren ordez, 1,5 metroan finkatuta.

Distantzia fisiko hori, edozelan ere, ez da “soziala” izan behar, Jamil Zaki irakasleak agerian utzi zuenez, giza izaeraren berezko balioak aditzera ematen baititu horrek, hala nola afektibitatea, enpatia, gizarte kohesioa eta integrazioa eta elkartasuna, eta ongizate emozionalari zein buruko osasunari eragingo lioke.

Izan ere, konpainiaren beharra areagotu egiten da, are gehiago, hiltzeko prozesuan eta bereziki zaurgarriak diren pazienteen kasuan, Espainiako Bioetika Batzordeak azkenaldiko adierazpenetako batean gogora ekarri zuen bezala.

Kutsatzaileak eta superkutsatzaileak

Kezka handien eragiten duen gaietako bat kutsatzeko ahalmena da. Zenbait azterlanen ustez, bi eta hiru pertsonakoa da infektatu bakoitzeko, baina ez kasu guztietan, gaixo batzuek, izan ere, modu esponentzialean zabaltzen omen baitute.

Hori horrela, “superkutsatzaile”en figura azaleratzen da, estigmatizatzailea izan litekeena (ohartu ez dagoela nahitakotasun edo dolorik), eta eredu absolutuei ere lotu izan zaie:

Trazabilitatea ez da horren erraza: galdera ugari daude oraindik erantzun gabe, eta urriak dira ziurtasunak, gazteenen izaera asintomatikoa, patogenoak gizonetan duen larritasun eta hilgarritasun handiagoa eta emakumeen erresistentzia handiagoa alde batera utzita.

Azken batean, txertoa edo tratamendu eraginkorra aurkitu arte, eta oso paziente zehatzetan gutxi gorabehera eraginkorrak diren medikamentuak identifikatzen ari badira ere, COVID-19arekin batera bizitzea beste biderik ez da egongo.

Hizkuntza egoki erabiltzea lagungarria izan daiteke kezka juridiko-soziala are handiagoa izan ez dadin; izan ere, horrek ziurtasuna ematen du, eta, bide batez, fake news beldurgarriak ugaritzea ere eragozten du.

The Conversation