euskaraespañol

Kantauriko kostaldeko makroalgak Mediterraneokoen gero eta antzekoagoak

UPV/EHUk egindako ikerketa batek iragarri du, klima-aldaketaren ondorioz, gure itsas algen banaketa eraldatuko dela

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2022/06/08

Irudia
Argazkian ezkerretik hasita: Endika Quintano, Nahiara Muguerza, María Bustamante eta Javier Tajadura. | Argazkia: Mikel Mtz de Trespuentes. UPV/EHU

UPV/EHUko Itsas Bentos ikerketa-taldeak lehendabizikoz iragarri du klima-aldaketaren ondorioz zer aldaketa gertatuko diren makroalgen komunitateetan. Ikerketak erakusten duenez, Kantauriko kostaldeak Mediterraneoko kostaren antz handiagoa izango du, eta bertan ur epeletako espezieak gailenduko dira; Galiziako kostaldeak, berriz, bere komunitateari eutsiko dio. 

Itsas algen banaketa eraldatzen ari da. Itsasoaren tenperatura igotzeak, besteak beste, eragina izan du organismo horien hazkundean, eta desorekak eragin ditu azken hamarkadetan itsas ekosistemetan. 

Klima-aldaketak espezieen banaketan izan duen eragina sarri ikertu da, baina komunitate-ikuspegia gutxi aztertu da oraindik. Hori dela eta, “gure ikerketak, lehen aldiz, eredu bat aplikatzen du, Iberiar penintsularen iparraldeko —Galiziatik Euskal Herrira—, mareapeko makroalgen komunitateetako aldaketak aurreikusteko, berrogeita hamar edo ehun urte barru klima-egoera jakin batzuetan”, adierazi du Nahiara Muguerza Latorre UPV/EHUko Itsas Bentos ikerketa-taldeko ikertzaileak.  

“Ikusi dugu uraren tenperatura dela gure azterketa-eremuan makroalga-multzoak banatzeko faktore nagusia; mantenugaien eskuragarritasuna, berriz, bigarren mailako faktorea dela ikusi dugu”, adierazi du UPV/EHUko ikertzaileak. “Uraren tenperaturak eragin handia du makroalgen biziraupenean, hazkundean, ugalketan eta erreklutamenduan”, erantsi du Nahiara Muguerzak.  

“Lan honen emaitzek —jarraitu du Nahiara Muguerzak— gure hipotesiaren zati bat berresten dute: etorkizunean Iberiar Penintsulako iparraldeko populazioak hegoaldeko populazioaren antz handiagoa izan dezaketela uste dugu”. “Eszenatoki ezkorrenean, ipar-mendebaldeko komunitateak (Galizia) gainerakoetatik desberdinak izaten jarraituko dute, eta ur hotzenetako espezieak babestuko dituzte; Iberiar Penintsulako iparraldeko kostaldeko erdiguneko eta ekialdeko multzoak, berriz, Mediterraneoko eskualdeen antz handiagoa izango dute ipar-mendebaldeko kostaldekoena baino. Ur epeletako espezieak gailenduko dira bertan”, erantsi du lanaren egile nagusiak. 

UPV/EHUko Itsas Bentos ikerketa-taldeko langileek argi dute algak oso sentikorrak direla klima-aldaketaren ondorioek ingurumenean eragiten duten edozein aldaketaren aurrean. Beraz, klima-aldaketaren eta horrek gainerako itsas ekosistemetan dituen ondorioen adierazle onak izan litezke. “Kostako ekosistemaren biodibertsitatea ingurumen-baldintza berriei nola erantzungo dien aurresaten lagun dezake ikerketa honek. Ezinbesteko informazioa da kudeaketa eta kontserbazio politika egokiak garatzeko”, adierazi du Nahiara Muguerza UPV/EHUko ikertzaileak. “Beste azterketa batzuetarako interesgarria izango litzateke azterketa-eremua Iberiar penintsulako mendebaldeko kostaldera zabaltzea eta Mediterraneoko laginketa-lekuak handitzea”, erantsi du. 

Erreferentzia bibliografikoa