euskaraespañol

Liburuz blai, eta euskaraz ere bai! 40 urte euskaraz ere argitaratzen

  • Photocampus

Lehenengo argitaratze data: 2022/11/29

Irudia

NON: Bizkaia Aretoa. NOIZ: 2022ko azaroaren 28a. NORK: Elisabete Alberdi.

“Gure unibertsitatea Euskararen Astean guztiz murgilduta dago. Aste berezia da azaroaren 28tik abenduaren 2ra artekoa; eta zer esanik ez Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko Errektoreordetzarentzat zeinek hainbat ekintza antolatu baititu euskara ardatz hartuta.

Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzuak ere euskaraz argitaratutako lanari ikusgarritasuna eman nahi izan dio, eta horretarako, Bizkaia Aretoko erakusleiho batean irakurketa txoko bat irudikatu du, liburuak eta euskara uztartuz.

UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuarentzat, gainera, 2022. urtea apartekoa da, 40 urte bete baititu aurten. 1982. urtean, gure zerbitzua sortu zenean, aurreikusten zen euskaraz sortutako materialak zer hazkunde izango zuen, eta Argitalpen Zerbitzuak haiei bide eman ziezaiekeela ere bai. Euskarari gagozkiola, euskal ikasketei buruzko programak ezarrita zeuzkaten atzerriko unibertsitateetako sailekin lanean jarduteko espazio interesgarri gisa ere ikusten zen zerbitzua.

Hizkuntza ezberdinetan argitaratu izan ditu lanak. Bereziki, euskaraz eta gaztelaniaz; eta argitaratutako lanen kopuruari dagokionez, zerrendako hirugarren lerroan ingelesezko lanak daude. Gaztelaniazko argitalpen bolumenari gainerako hizkuntzetan argitaratutako lanek gerizarik egiten ez zioten urteak izan baditugu ere, 2021ean argitaratutako lanen % 52 gaztelaniazkoak izan ziren, eta % 44 euskarazkoak. Hau da, euskarazko produkzioa pil-pilean dago.

Aurreikuspen guztiak beteta gure lema pozik aldarrikatzeko moduan gaude: Liburuz blai, eta euskaraz ere bai!”.

Elisabete Alberdi, UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuko zuzendaria.

Eguneko irudi guztiak Photocampus atalean ikus ditzakezu.

Zuk egindako irudi bat argitaratzea nahi duzu atal honetan? Bidal iezaguzu, mesedez, helbide honetara: campusa@ehu.eus