euskaraespañol

Arrainetan metatzen dira antidepresibo, antibiotiko eta eguzki-krematako osagai batzuk

UPV/EHUn ikusi dute farmako eta eguzki-iragazki batzuek ura kutsatzen dutela, arrainetan metatzen direla eta albo-ondorioak eragiten dizkietela

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2019/04/17

Haizea Ziarrusta Intxaurtza
Haizea Ziarrusta Intxaurtza. Argazkia: Gorka Estrada. UPV/EHU.

Antidepresibo, antibiotiko eta ultramore-iragazki batzuk uretan eta arrainetan neurtzeko metodo analitikoak garatu dituzte UPV/EHUko Kimika Analitikoa Sailean. Halaber, kutsatzaile horiek arrainen ehunetan eta jariakinetan nola metatzen diren, nola eraldatzen diren eta maila molekularrean zer eragin duten aztertu dute.

Gero eta gehiago ageri dira farmakoen eta zaintza pertsonaleko produktuen hondarrak ur-ekosistemetan, eta bizidun urtarretan eragin ditzaketen albo-ondorioek kezka handia eragiten dute, bai zientzialariengan, bai gizartean. Orain arte, ahalegin handiak egin dira ur-araztegietako isurietan eta ingurumeneko azaleko uretan halako kutsatzaileak eta haien azpiproduktuak identifikatu eta kontrolatzeko, baina erronka handia da biotan zer-nolako eragina duten ebaluatzea, oraindik ere.

Ingurumeneko biomonitorizazioen bidez frogatuta dago kutsatzaileok arrainetan eta bestelako organismo urtarretan metatzeko arriskua dagoela, baina ez da asko ikertu organismo horietako ehun eta jariakin biologikoetan farmakoak eta zaintza pertsonaleko produktuak nola metatu, banatu, metabolizatu edota kanporatzen diren. “Farmakoen eta zaintza pertsonaleko produktuen transformazioaren eta biodegradazioaren inguruko ezagutza-faltak arrainen esposizioaren benetako eraginak gutxiestea eragin dezake —dio Haizea Ziarrusta Intxaurtza UPV/EHUko ikertzaileak—. Izan ere, azpiproduktu horiek (bai transformazio-produktuek bai metabolitoek) konposatu aitzindariek besteko arriskua edo handiagoa sor dezakete”.

Hain zuzen ere, Haizea Ziarrustak Kimika Analitikoa Sailean egindako ikerketan ikusi du amitriptilina antidepresiboa, ziprofloxazin antibiotikoa eta oxibentzona ultramore-iragazkia arrainetan metatu daitezkeela, eta kutsatzaile horiek “plasman, burmuinean eta gibelean albo-ondorioak eragiten dituztela, metabolismoan eragina baitute, organismo mailara hedatzeraino”, dio.

 

Galdera bat erantzun nahian, dozenaka sortzen dira

Ondorio horietara heltzeko, lehenik eta behin, ikertzaileek hainbat metodo analitiko optimizatu dituzte “farmakoak eta zaintza pertsonaleko produktuak uretan eta arrainen ehunetan determinatu ahal izateko”, zehaztu du ikertzaileak. Metodo horiek erabilita ikertzaileek ikusi dute kutsatzaile horiek egon badaudela Bizkaiko zenbait estuariotan eta arrainetara heltzen direla, baina “ikusi nahi izan dugu nola eragiten dieten arrainei, haien metabolismoan gertatzen diren aldaketak aztertuz”, azaldu du Ziarrustak.

Plentziako Itsas Estazioan esposizio-esperimentuak egin dituzte urraburuekin, ebaluatzeko amitriptilinaren, ziprofloxazinaren eta oxibentzonaren biometaketa nolakoa den eta ehunetan nola banatzen diren. “Horrez gainera, kutsatzaile horien biotransformazioa aztertu eta degradazio-produktuak karakterizatu ditugu, eta, azkenik, kutsatzaile horiek arrainetan eragin ditzaketen maila molekularreko aldaketak ikertu ditugu, haien metabolismoa aztertuz”, gehitu du. Kutsatzaileen eragina banan-banan aztertu dute, baina Ziarrustak nabarmendu du errealitatea ez dela hori: “Lehenengo gauzak banaka ulertu behar ditugu, gero ulertzeko oro har zer gertatzen den. Izan ere, uretan ez dago kutsatzaile bakarra, eta arrainak etengabe daude haien guztien eraginpean”.

Horrekin lotuta, ikertzaileak dio lan asko dagoela egiteko: “Kezkatzekoa da kutsatzaile horien kontzentrazioa, kontsumoa gora baitoa eta ez baikara gai araztegietan horiek ezabatzeko. Arrainetara heltzen dira, eta haien metabolismoa aldatzen ari da. Ez dakigu horrek zenbaterainoko eragina izango duen indibiduo mailan, eta litekeena da arazoa populazio mailara heltzea. Itsasoa kutsatuz doan neurrian, alegia, zenbat eta kutsatzaile gehiago egon, gauzak ez dira hobera joango. Gainera, arrainetan metatzen diren kutsatzaileak gizakiengana heltzeko arriskua dagoen jakin beharra dago”. Nolanahi ere, ikertzaileak adierazi duenez, “beste kutsatzaile edo espezie batzuen joerak ikertzeko erabili daitezke guk garatutako hurbilketa analitikoak, eta, hala, aukera izango da ingurumen-arriskuak ebaluatzeko funtsezko informazioa biltzeko, neurri arautzaile berriak ezarri ahal izateko”.

 

Informazio osagarria

Ikerketa hau Haizea Ziarrusta Intxaurtzaren (Dima, 1990) doktore-tesian egin da. Ikerketa UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Kimika Analitikoa Sailean eta Plentziako Itsas Estazioan egin du, Maitane Olivares Zabalandikoetxea eta Olatz Zuloaga Zubieta irakasleen zuzendaritzapean. Stockholmeko Unibertsitatean (Suedia) aritu da metabolomikako erauzketa- eta analisi-metodoak martxan jartzeko, eta Kataluniako Unibertsitate Politeknikoan, Bartzelonan, izan da datuak tratatzeko metodoak ikasteko. Horrez gainera, ikerketan laguntzaile izan dituzte Kimika Organikoko adituak eta Biologoak ere.

Erreferentzia bibliografikoa