euskaraespañol

Juan Ignacio Pérez Iglesias

Gizakiok altruistak gara; zenbait, banpiroak ere bai

Fisiologian katedraduna

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2022/11/28

Irudia

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Gizakiok janaria eta bestelako ondasunak partekatzen ditugu. Altruistak gara, edo izan gaitezke. Ez gara altruistak edonorekin, ezta edozein egoeratan ere, baina ohiko portaera bat da. Horregatik normala iruditzen zaigu, nahiz eta eboluzioaren ikuspegitik harrigarria izan. Jokaera altruistak dakar taldeko beste kide batzuekiko lehiarako abantaila bati uko egitea, edo abantaila hori itzultzea ere.

Hiru arrazoi hartzen dira aintzakotzat altruista izateak merezi izateko. Lehenengoa ahaidetasunaren araberako hautaketa da. Horri jarraikiz, onuragarria da geneen zati bat partekatzen duten pertsonekin (ahaideekin) altruista izatea, horrela ondare genetikoaren zati batek irautea errazten baita.

Baliteke ere jasaten (edo onartzen) dugun bizkarroikeria izatea, batez ere elikagaiak edo bestelako ondasunak partekatzeaz ari garenean. Hori gertatzen da janaria duenak janari hori monopolizatu ezin duenean, janaria ez dutenek ezartzen dizkioten kostu altuak direla eta. Azken hauek janaria partekatzera behartzen ez badute ere, ez partekatze hori oso garestia izan dadila lor dezakete.

Hirugarrenik, elkarrekikotasuna dugu: gaur janaria edo beste ondasun baliotsu bat duenak, agian, iraganean, beste baten laguntza jaso du, edo agian etorkizunean beharko du laguntza hori. Hau da, abantailatsua izan liteke janaria partekatzea baldin eta jasotzen duenaren aldetiko elkarrekikotasuna onuragarria izan badaiteke etorkizunean partekatzen duenarentzat.

Aurreko hiru arrazoi hauei laugarren bat gehitu behar zaie; hots, eskuzabaltasuna eragin dezakeen mekanismoa. Altruismoa eta, oro har, jokabide prosoziala, talde kulturalaren barneko hautespenaren ondorioa izan daiteke ere. Lankidetza sustatzen duten arauak garatu eta transmititzen dituzten taldeak abantailarekin lehiatzen dira horrelako arau ahulagoak edo irismen txikiagokoak dituztenenekin. Beraz, jokabide prosozialak bilakaera kulturaleko (edo genetiko-kulturaleko) prozesu baten emaitza izan daitezke. Prozesu hauetan, hautespena ez da bakarrik genearen edo banakoaren gainean gertatzen, baizik eta taldearen gainean ere. Modalitate hori gurea bezalako espezie hipersozialen esklusiboa da, seguruenik.

Txinpantzeek, bonoboek eta beste primate batzuek ere janaria partekatzen dute

Gu ez gara janaria partekatzen duten primate bakarrak. Aurreko paragrafoetan aipatutako lehen hiru arrazoiak beste primate batzuen (txinpantzeen, bonoboen, kaputxinoen eta tamarinoen) portaera eskuzabalaren oinarrian ere badaudela dirudi. Eragin handiena duten bi arrazoiak bizkarroikeria onartua eta elkarrekikotasuna dira, eta ahaidetasunaren araberako hautaketarena, berriz, txikiagoa da.

Giza espeziean, populazioen artean horien kideen elkarrekikotasun mailan dauden aldeak eskuragarri dagoen elikagai kantitatearen iragarpen mailarekin lotuta daudela dirudi. Janaria aldizka izateko aukera zalantzagarriagoa den populazioetan, elkarrekikotasuna garrantzitsuagoa izaten da.

Banpiro altruistak

Altruismoa ez da primateengan soilik ematen. ‘Desmodus rotundus’a odolez elikatzen da; benetako banpiro bat da, hau da, saguzar hematofago bat. Gainera, lortzen duen odola bere taldeko beste banpiro batzuekin partekatzen du.

Bereziki diseinatutako esperimentuen bidez egiaztatu denez, odola partekatzean, espezie horretako saguzarrek lotura iraunkorrak ezartzen dituzte kideekin eta, ondorioz, elkarren artean janaria partekatzeko ohitura hartzen dute. Janaria partekatzen duten horiekin familiakoak izan daitezke edo ez, beraz, haien altruismoa ez dirudi ahaidetasunaren araberako hautaketaren ondorio denik. Era berean, odola partekatzeko era berezia dela eta (berrahoratzea), bizkarroikeria onartua ere ulertezina da.

Hemen: ‘Desmodus rotundus’en artean elkarrekiko altruismoa izaten da. Banpiro batek bere elikagaia beste batekin partekatzen duenean eta horrekin lotura bat ezartzen duenean, biei egiten die mesede harremanak. Izan ere, batzuetan batak lortzen du elikagaia eta, besteetan, besteak. Jokabide horrekin, elikadura lortzeko probabilitate ezezagunak dituzten lekuetan elikadura gabezia izateko aukerak murrizten dira bientzat.

Kasu bakoitzean partekatzen den odol kantitate txiki hori ugaltzea edo ez ugaltzea, bizirik irautea edo hiltzea izan daiteke jasotzen duenarentzat. Ematen duenak, berriz, lortutakoaren zati bat baino ez du galtzen. Horregatik, altruismoak egokitze balio oso handia du animalia horientzat (gainera, sozialak dira). Talde osoaren jarraitutasuna horren menpe dago.

 

Artikulu honen jatorrizko bertsioa UPV/EHUren Cuaderno de Cultura Científican argitaratu zen.