euskaraespañol

Maixabel Lasa: «Denok merezi dugu bigarren aukera bat»

ETAren biktimak ikasleekin hitz egin zuen Unibertsitatetik eskainitako Radio Euskadiko saioan, jarduera armatuaren amaieraren hamargarren urteurrenean

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2021/10/21

Irudia
Xabier García Ramsden eta Maixabel Lasa ikasleekin Paraninfoan izandako solasaldian. ARGARZKIA: Fernando Casabella. Komunikazio Bulegoa. UPV/EHU

"Uste dut mundu guztiak duela bigarren aukera bat izateko eskubidea", zioen Maixabel Lasak Zientzia eta Teknologia Fakultateko Paraninfoan, ikasleek osatutako auditorio baten aurrean. Hitzordua Radio Euskadik antolatu zuen, UPV/EHUtik eman zuen bere magazinean, ETAren amaieraren hamargarren urteurrena zela eta. Topaketak ETArekin bizitzea zer zen ia gogoratzen ez duen belaunaldi baten eta hura lehen pertsonan pairatu zutenen arteko elkarrizketa ahalbidetu zuen.

Atzo, urriak 20, ETAren amaieraren hamargarren urteurrenean, Radio Euskadiko 'Boulevard' saioak UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Paraninfora eraman zuen bere estudioa, bertan publiko berezia zegoela: Politika Zientzia eta Kudeaketa Publikoko eta Kazetaritzako ikasleak.

Goizean zehar, ETAk indarkeria armatua utzi zueneko hamargarren urteurrenari heldu zion saioak, protagonista batzuen bidez: Iñigo Urkullu lehendakaria; Iñaki Uraga ertzaina eta eskolta ohia; Carmen Gisasola, ETAtik kanporatua Langraiz Bideari egindako harrera eta indarkeria zalantzan jartzeagatik; Ramón Gómez, PPko zinegotzi ohia; UPV/EHUko irakasle Imanol Zubero eta Jon Mirena Landa--- Eta Maixabel Lasa, eguneko protagonista eztabaidaezina.

Zinema-aretoetan hilabete bete duen 'Maixabel' filmak beste dimentsio bat eman dio Maixabel Lasari. ETAk 2000. urtean hil zuen Juan Mari Jaureguiren alarguna da, eta Euskadiko bizikidetzaren aldeko aktibista garrantzitsuenetako bat. “Pelikularen erreakzioek apur bat gainezka egiten didate, ez bainuen espero izan duen oihartzuna izango nuenik, bai Euskadin, bai kanpoan. Ikaragarria da beragatik iristen zaidana”, azaldu zuen.

Nola hitz egin ahal izan zenuen zure senarraren hiltzailearekin?                     

Irratsaioa Paraninfotik ematen zen bitartean, Kazetaritzako bigarren mailako hamar ikaslek filma ikusi zuten alboko aretoan, eta gero Radio Euskadiren bat-bateko estudioan sartu ziren, benetako Maixabelekin hitz egiteko.

Ikasle talde horrek irudikatzen du ETA existitzen zenean nola bizi zen ia gogoratzen ez duen belaunaldi bat; baina, filmak hunkituta, biktima bat bere biktimarioekin zergatik elkartzeko gai den ulertu behar zuen. Zuzenean galdetu zion Leirek, proiekzioan izan zen batek: nola jarri ahal izan zinen zure senarra hil zuenaren aurrez aurre?

“Luis Carrascok eta Ibon Etxezarretak [Juan Mari Jauregi hiltzeagatik kondenatuak] ibilbide bat egina zuten Langraizen biltzeko eskatu zigutenerako; izan ere, eskaera haiengandik abiatu zen, eta nik defendatzen dut mundu guztiak merezi duela bigarren aukera bat”, adierazi zuen.

«Pisua kentzen dizu jakiteak senarra hil duena ez dela kartzelatik aterako heroi bat dela pentsatuz»

Hizkuntza garrantzitsua da. Maixabel bere senidea hil zutenekin topo egin zuen ETAren lehen biktimetako bat izan zen. Adeitasun handiz aukeratzen ditu bere hitzak, txalo egin ziotenei eta kritikatu zutenei seguruenik asetasuneraino errepikatu diena transmititzek.”Espetxe-politikak delitu bat egin duena gizarteratzeko balio behar du”, azaldu zuen.

"Topaketetarako prestatu gintuen bitartekariak esan zigunagatik, guri beraiei baino gutxiago kostatu zitzaigun", esan zuen. Eta bilerek fruituak izan zituzten, Lasak gogoratzen duen bezala. “Pisua kentzen dizu jakiteak senarra hil duena ez dela kartzelatik aterako heroi bat dela pentsatuz. Lasaitu ederra da niretzat".

Eusko Jaurlaritzako Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Bulegoko zuzendari izan da hamarkada batez baino gehiagoz, eta Lasak gatazka askoren biktima eta biktimario ugari ezagutu ditu. “Denok bat gatoz egia ezagutzeak zauriak sendatzen laguntzen duela, eta topaketa horiek horretan laguntzen dutela”, azaldu zuen.

"Ez gara lagunak izango, lagun-lagunak urriak izan ohi direlako, baina beharrezkoa da mundu guztiak onartzea desberdinekin bizi daitekeela, errespetuan eta entzutean oinarritutako bizikidetza egon daitekeela. Egia da, zurekin zerikusirik ez duen norbaitekin bizi daiteke”, adierazi zuen Maixabelek.

Eta ordurako Xabier García Ramsden, Boulevard' saioko aurkezlea, irratsaioari agur esaten eta entzuleei eta elkarrizketatuari eskerrak ematen ari zen, nahiz eta solasaldia jende guztiari laburra iruditu.