euskaraespañol

María Dosil-Santamaría, Amaia Eiguren Munitis, Israel Alonso, Maitane Picaza Gorrotxategi, Miren Nekane Beloki Arizti, Naiara Berasategui Sancho eta Naiara Ozamiz Etxebarria

Nola egin aurre nerabeen jokabide antisozialeko kasuen gorakadari

UPV/EHUko ikertzaileak

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2022/07/18

Irudia

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Gero eta gehiagotan ikusten dira jokabide agresiboak eta ezegonkorrak haur eta nerabeen artean, eta haiek egindako delituak ere areagotu egin dira.

Egoera horri aurre egiteko, arrisku faktoreak hartu behar dira kontuan, pertsona bakoitzari modu batean eragiten diola ahaztu gabe. Ingurune sozial kaltegarriekin, familia estilo desegokiekin edo osasun mentaleko arazoekin lotutako faktoreek testuinguru konplexu bat osatzen dute, eta diziplinarteko tratamendua behar du.

Jokabide horiek gizartearen isla ere badira; izan ere, kolektiboa ez ulertzeaz gain, baztertu egiten du. Gaur egungo gizarteak, funtsean, berehalako emaitzak lortzeko beharra du, baita ondoeza eta agintea onartzeko gaitasun eskasa ere, eta indibidualismoan oinarritzen da.

Hauskortasun emozionala: jatorria

Gero eta nerabe gehiagok du hauskortasun emozionala. Hauskortasuna suminkortasun, agresibitate, lotura afektiboak sortzeko zailtasun eta oldarkortasun bihurtzen da kasu askotan, eta jokabide antisozialak areagotzen ditu.

Gehienetan, horrelako jokabideak dituzten haurren eta nerabeen familiek arazo ugari dituzte, eta ez dira gai izan ingurune hezitzaile eta seguru bat emateko. Gazteen jokabideen artean sartzen dira besteei min egiten dieten ekintzak –askotan eraso moduan–, baita gizarte arauak eta besteen eskubideak urratzen dituztenak ere.

Portaera motak

Benito de la Iglesia psikologoaren arabera, nahasmendu horiek dituzten haur eta nerabeak sumindu egiten dira, ezin dituzte bulkadak kontrolatu eta helduekin eztabaidatzen dute edo aurka egiten diete, hala nola aginduak nahiz ezarritako arauak betetzeari uko eginda.

Behin eta berriz egiten diete aurre haien zaintzaileei eta une bakoitzean nahi dutena egiteko joerari mugak jartzen dizkion hezitzaile orori. Nahita egiten diete enbarazu ikaskideei, eta, gainera, sarritan leporatzen dizkiete euren akatsak edo portaera desegokiak.

Baina egile horrentzat garrantzitsua da portaera horien kausak ulertzea eta horietan sakontzea. Kausa horiek murriztu edo desagerrarazteko, ezinbestekoa da aurrea hartzea eta esku hartzea.

Esku-hartze mailak

Arrisku faktore hauek ere haur eta nerabeen jokabideak okerragotzen dituzte: absentismoa eta eskola porrota, substantzien gehiegizko kontsumoa eta sare sozialekiko mendekotasuna.

Kasu horietan, ohikoa da indarkeriazko jokabideak aurkitzea, bai haien aurkakoak bai besteen aurkakoak. Eta jokabide horiek, azken finean, eragin handia dute inguruan dituzten pertsonengan, dela tutore, guraso, irakasle eta lagunengan dela hurbileko beste pertsona batzuengan.

Beraz, arazo soziala da, eta hainbat mailatatik landu behar da, nola erakundeetatik, komunitatetik eta eskolatik, hala familiaren eta hezitzaileen aldetik.

Haurtzaroa eta nerabezaroa: funtsezko uneak

Haurtzaroa eta nerabezaroa funtsezko uneak dira delitu portaerak eta agresibitatea lantzeko. Jokabidearen trastorno horren portaera bereizgarriak 15 urte bete baino lehen agertu ohi dira.

Askotan, familia aurrekariak daude, edota haurtzaroan tratu txarrak jasan dituzte edo abandonatu egin dituzte. Gainera, normalean, giro ezegonkorretan edo indarkeriazkoetan bizi dira, edota haien familien hezkuntza estiloak komunikazio gutxikoak, trebetasun emozionalen estimulazio txikikoak eta jokabide arauen esparru argirik gabekoak dira.

Haurtzaroa eta nerabezaroa erabakigarriak dira, garai horietako bizipenek eragin zuzena baitute nortasunean eta identitatean. Horregatik, garai horretan sortzen diren gatazka egoerak landu behar dira, ondorioak konponezinak izan ez daitezen.

Horrelako jokabideak finkatzen direnean, ez dute oso aurreikuspen ona izaten; helduarora iristean larriagotu egiten dira, eta justiziarekin edo osasun mentalarekin lotutako arazoak sortzen dituzte. Horregatik da hain garrantzitsua prebentzioa bizitzako lehen urteetan.

Gizarte hezitzaileen zeregina

Gizarte hezitzaileek ezinbesteko lekua dute hainbat eremutan esku hartzeak abiarazteko orduan, dela elkarteetan, egoitzetan edo adingabeentzako beste partaidetza toki batzuetan.

Adingabeen lagin orokor batekin alderatuta, hezitzaileek adingabe kalteberagoak, arazo ugariko errealitateak eta arrisku faktore gehiago aurkitzen dituzte eremu horietan. Pertsona horiek, askotan, familia desegituratuetatik datoz, indarkeria egoerak bizi izan dituzte edo jokabide arazoak eta beste arazo batzuk dituzte; besteak beste, gabezia afektiboak, gaixotasun mentalak, abusu esperientziak, psikopatologiak, nortasun antisoziala, indarkeria bultzatzen duten jarrerak, ezkongai harreman biolentoak eta egoeraren araberako faktoreak, hala nola alkoholaren edo drogen kontsumoa, antsietatea eta estresa.

Aldez aurreko azterketek adierazten dute egoitza harreran dauden adingabe horiekin esku hartzeko prozesuan sakondu beharra dagoela. Kolektibo horren ezaugarriek are kalteberagoa egiten dute. Hori dela eta, gizarte hezitzailearen laguntza funtsezkoa eta beharrezkoa da, garapen kognitiboari eta emozionalari ez ezik, bere heltze prozesuari ere mesede egiten baitio ikuspegi komunitario batetik.

Profesionalak adingabeek gizartearen eta hezkuntzaren esparruan dituzten zailtasunak diagnostikatu ditzake, eta, gizarte eta hezkuntza metodoen bidez, horiek gainditzen lagundu. Betiere beste eragile profesional batzuekin koordinatuta, hala nola irakasleekin eta gizarte eragileekin.

Zer tresna behar dira?

Egoera horietan nola jokatu ikasteko, oinarrizko gizarte tresnak eta trebetasunak eskuratu behar dira: modu egokian hurbildu behar dugu pertsona horiengana, eta konfiantzazko harremana ezarri pixkanaka.

Batzuetan, gizarte hezkuntzako profesionalek gainezka egiten dute kasu oso konplexuetan, eta burn-out sindromea agertzen da, estresarekin, antsietatearekin, depresioarekin edo sintoma psikosomatikoekin batera.

Prestakuntza espezifikoa eta zientifikoa izan behar dute loturako eta laguntzako prozesuan. Baita indarkeria egoera kritiko horiei modu osasungarrian heltzean eta horiek prebenituko dituzten hezkuntza testuinguruak sortzean ere. Halaber, norberaren osasuna zaintzeko eta egoera estresagarri horien aurrean higadura prebenitzeko gaitasunak izan behar dituzte.

Master espezifiko bat

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak master bat sortu du gizarte arriskuan eta gatazkan dauden nerabe eta gazteekin gizarte eta hezkuntza arloko ekintzak lantzeko gaitasunak garatzeko.

Master horretan, hainbat arlotan lan egiten duten profesionalek diziplina anitzeko ikuspegi batetik trebatuko dituzte gizarte hezkuntzako profesionalak. Jarrera biolentoei eta antisozialei aurre egiteko estrategia psikohezitzaileak eskainiko dituzte, baita hezkuntza lotura eta laguntza egokia ahalbidetzeko trebetasunak ere.

Halaber, gizarte arriskuan eta gatazkan dauden gazte kalteberekin esku hartzeko teknikak ezagutuko dituzte, hainbat baliabidetan gauzatzen ari den lotura emozional balidatzailearen eredu batetik abiatuta.

Gure ustez, ezinbesteko ikaskuntza da profesionalek beren jarduna hobetu dezaten eta haurrei eta nerabeei beren bizi kalitatea hobetzen lagun diezaioten, sinergian eraldaketa soziala lortze aldera.