euskaraespañol

Marteko materiala metodo ez-suntsitzaileekin analizatzeko prestatzen ari da UPV/EHU

IBeA ikerketa-taldeak estrategia berritzaile bat proposatu du, Martetik itzuliko den misio bateko laginak karakterizatzeko erabil litekeena

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2021/02/02

Irudia
Cristina García-Florentino. Argazkia: Tere Ormazabal. UPV/EHU.

UPV/EHUko IBeA ikerketa-taldea, Raman espektroskopian aditua, meteoritoen analisian ari da lanean estrategia analitiko ez-suntsitzaileak garatu eta bi helbururekin erabiltzeko: planeta gorrira laster iritsiko den 'Perseverance' roverrak Marteko materialen ikerketan erabiltzeko eta 2026tik aurrera garatuko den Mars Sample Return misioaren ondoren 'Rosalind Franklin' roverrak jasoko dituen materialak Lurrera iristean egingo diren analisietan erabiltzeko.

UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Kimika Analitikoa Saileko IBeA Ikerketa Taldea NASAren Mars2020 misio espazialean ari da parte hartzen. Aurreikusita dago misio hori aurtengo otsailean marteratzea. Zehazki, 'Perseverance' roverraren Supercam lanabeseko kalibraketa-txartelean hartu du parte taldeak, han txertatutako patroien homogeneotasun kimikoa eraikitzen eta egiaztatzen: "Perfektuki karakterizatutako pilula batzuk egin genituen, gure sailean ditugun tresnekin, ziur jakiteko SuperCam-ek egiten dituen LIBS eta Raman espektroskopien neurketak zuzenak direla", azaldu du Cristina García-Florentino doktoreak. "Raman espektroskopiaren bidez, lagin ezezagunen konposizio molekularra zehazten da; hau da, kaltzioa, burdina eta abar dauden jakiteaz gain, zer forma molekularretan dauden ere jakin daiteke. Orduan, jakin dezakegu ea kaltzita, igeltsua eta abar dauden. Planetaren konposizio geokimikoa zehaztu daiteke", erantsi du.

Horrez gainera, ikerketa-taldea meteoritoen karakterizazioarekin ari da lanean, bi helbururekin: "Batetik, 'Perseverance' roverrari esker Martetik irits daitekeen informaziorako prest egoteko, eta, bestetik, estrategia analitiko ez-suntsitzaileak garatzeko, Mars Sample Return mission itzulera-misioko lagin martetarrak Lurrera iristen direnean haiekin karakterizatu ahal izateko". Izan ere, orain arte, Marteko meteoritoak dira analisi-metodoak garatzeko aukera ematen duten Marteko lagin bakarrak. Alde horretatik, berriki egindako lan batean, taldeak estrategia analitiko ez-suntsitzaile berritzaile bat proposatu du, etorkizuneko lagin horiekin erabil litezkeen analisi azkarretako tekniken parte izateko.

Estrategiaren gaitasunak frogatzeko, "'Dar al Gani 735' martetar meteoritoa karakterizatu dugu, gure proposamen analitikoa erabiliz, meteoritoak Lurrean eta Lurretik kanpo jasan dituen alterazioak identifikatzeko, analisi petrografiko tradizionalagoen osagarri oso baliotsu gisa", zehaztu du García-Florentinok.

Laginak aztertzeko aukera zalantzan

Ikertzailearen iritziz, "ikerketa honek agerian uzten du Raman espektroskopia funtsezko teknika ahaltsua dela Exomars2022 misioko 'Rosalind Franklin' roverrak (ESA) eta Mars2020 misioko 'Perseverance roverrak' (NASA) —zeinetan Raman espektrometroak muntatu baitira lehen aldiz— Marteko materialetan egingo dituzten ikerketa berrietan". Ikertzaileak teknikaren garrantzia nabarmendu du; izan ere, "zuzenean Martetik ekarritako laginak eskuetan ditugunean, ezin ditugu suntsitu azterketen lehen fase batean. Garrantzitsua da prest egotea Marteren laginak iristen direnerako, ahalik eta informazio gehien lortzeko, ahalik eta akats txikienak eginez eta laginak ahalik eta gutxien suntsitzen saiatuz". Hala ere, doktoreak ohartarazi du zaila izango dela informazioa eta laginak eskuratzea: "Espero dezagun laginak maneiatzen uztea; espero dugu guk proposatutako moduan eta hemen ditugun teknikekin aztertzen uztea". IBeA taldeak, bien bitartean, lanean jarraituko du, "meteorito bakoitza mundu bat delako; meteorito bakoitza guztiz desberdina delako".

Erreferentzia bibliografikoa