euskaraespañol

Irakasleen komunikazio estrategien erabilerako aditua

Montserrat Vila: «Ikasleek gelan egin dezaketen onena pentsatzea eta parte hartzea da, ez apunteak hartzea etengabe»

Trebetasun diskurtsiboetan trebatzen ditu lehen eta bigarren hezkuntzako irakasleak, eta hitzaldi bat eman zuen SEDLLen Nazioarteko Kongresuan

  • Elkarrizketa

Lehenengo argitaratze data: 2019/12/04

Irudia
Montserrat Vila SEDLLeko Kongresuan eman zuen hitzaldian. Argazkia: Laura López. UPV/EHU

Montserrat Vila i Santasusana irakasleen komunikazio estrategien erabilerako adituak SEDLLen (Hizkuntza eta Literaturako Espainiako Elkartea) Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktikaren Nazioarteko Kongresuan parte hartu berri du, hain zuzen ere Bilboko Hezkuntza Fakultatean. “Ondo baloratutako irakasleen komunikazio estrategiak. Ahozkotasuna ikasgelan” izenburupean, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko irakasleak lehen eta bigarren hezkuntzako eta unibertsitateko irakasleen ahozko komunikazioaren arrakasta eta porrot formulei buruz egin dituen ikerketen emaitzak laburbildu ditu.

 

Nola jakin daiteke zein irakaslek izango duen arrakasta?
Tira... Gure ikerketan, lehen eta bigarren hezkuntzako eta unibertsitateko ikasleei galdetu genien ea izan zituzten irakasleetatik zeintzuk ziren efikazak zenbait irizpideren arabera: gelan ikasten zutelako, eskoletara joateak merezi zuelako eta ikasten zutena interesgarria zela uste zutelako.

Eta erantzunek desmuntatu egin zituzten gure aurretiko hipotesietako batzuk. Uste genuen, esaterako, irakasle gazteenek arrakasta handiagoa izango zutela edo gai “samurrago” batzuek balorazio hobea izango zutela, ebaluazioetan hain zorrotzak ez zirenez iritzi hobea izango zutela edo atseginenak edo metodologia “modernoenak” zerabiltzatenak izango zirela arrakastatsuenak, baina oker genbiltzan.

Eta zer ezaugarri komun zuten, hortaz, irakasle arrakastatsuek?

Hiru ezaugarri handitan laburbildu genezake: trebetasun diskurtsiboa zuten, interesa sortzen zekiten eta beren eta ikasleen irudia gordetzea lortzen zuten.

Ikasleek nabarmentzen zuten lehen gauza zen ondo ulertzen zitzaiela, azaltzen zuten informazioa hierarkizatzen zutela eta esaten zutenaren garrantzia intonazioarekin ere nabarmentzeko gai zirela. Hain zuzen ere, gauzak ondo azaltzen ez dituzten eta aspergarriak diren irakasleez kexu ziren oso. Ziotenez, zenbait irakaslek beren buruentzako hitz egiten dute. Latza da haiei entzutea, eta ez dago irakasle monotono bat baino gauza astunagorik.

Bestalde, gaiarekiko interesa izatea eragiten dute, eta justifikatuta egotea ikasleak eskoletara joatea; alegia, ez dadila izan eskoletara joan gabe egin dezaketen zerbait. Eta hori honengatik diot: asko kexu ziren irakasle batzuk PowerPoint osatu-osatu batekin iristen zirelako gelara eta diapositibak bata bestearen atzetik pasatu baino ez zutelako egiten. Gelako presentzia hori ez dago justifikatuta. Ikasleak etxean ere egin dezake hori.

Eta, gainera, testuingurua irakurtzen jakin behar da. Halako irakasleek badakite ikasleak entzuten ari diren edo ez, eta haien arreta berreskuratzeko –galdu badute– estrategiak erabiltzen dituzte. Gainera, ikasleak ezagutzen dituzte. Ikasleekiko interesa dutela erakusten dute, inork ez dezan amore eman; izan ere, zenbait ikasle bigarren hezkuntzara iristen dira pentsatuz beti porrot egingo dutela eta ahalko luketena baino askoz lan gutxiago egiten dute. Ikasleentzat erronka kognitiboak izan daitezkeen jarduerak bilatzen ditu; izan ere, gelan egin dezaketen onena pentsatzea da, ez apunteak hartzea etengabe. Hori etxean egin dezakete.

Jakina, baina aztoratu egiten dira.

Bai. Batez ere ahozkotasunaz hitz egiten dugunean, ikasleek gelan parte hartzea baitakar. Hona hemen datu kezkagarri bat: berriak diren zenbait irakaslek denboraren % 63 inguru gelan ordena jartzen ematen dute. Horregatik, irakasle arrakastatsuen ezaugarri handietako beste bat da gela denentzako espazio erosoa izatea lortzea. Horrela, haserretu eta garrasi egin gabe egin dezake lan.

«Halako irakasleek badakite taldeko buruak direla, eta taldeak txukun eta gustura lan egitea lortu behar dutela»

Halako irakasleek badakite taldeko buruak direla, eta taldeak txukun eta gustura lan egitea lortu behar dutela. Aginte maila hori lortzeko, nolabaiteko distantzia hartzen dute ikasleengandik behar denean eta, aldi berean, konplizitatea eta prestasuna agertzen dituzte. Konbinazio zaila, baina beharrezkoa.

Alegia, bere irudia gordetzea lortzen du, aginteari eutsiz, baina, ikasleena ere gordetzen du, ez daitezen inoiz barregarri geratu, baizik eta arrakastatsu senti daitezen gelan. Horrela, askoz jarrera positiboagoak lortzen dituzte.

Beste gai garrantzitsu bat parte hartzea sustatzea da. Ikasleek gelan parte hartu nahi dute, egiten dutena baino askoz gehiago, baina ez bigarren hezkuntzan edo unibertsitatean gertatu ohi den bezala –alegia, ikasleak isilik uzten dituzten galdera libreak eginda edo norbaitek hitza monopolizatzen duenean–, baizik eta gelako parte hartzea ekitatez antolatuta, denek izan dezaten tokia. Zenbait ikasle lotsatik esan ziguten ez zutela gelan parte hartzen beste gelakide batzuek jada dena esaten zutelako eta ez zutelako hitz egiteko espaziorik, hortaz deskonektatu egiten dut. Horregatik, orekaz banatu behar da hitz egiteko denbora, denek izan dezaten tokia, lasai-lasai.

Eta zer ez du egin behar irakasle on batek?

Ez ditu ikasleak umiliatu behar, ez baitute barkatzen. Gazte horiek, batik bat bigarren hezkuntzakoak, kristalezkoak dira barrutik. Hortaz, irakasleek kontrol emozional handia egin behar dute, informaltasunean eta arrunkerian ez erortzeko. Aitzitik, azterketa bat ez gainditzea ikaslea berreskuratzeko aukeratzat hartu behar dute. Gelan porrot egiten urteak daramatzan bati are porrot handiagoak ez dio kalterik egiten, eta gure zeregina da ahalik eta ikasle guztiek aurrera egin dezaten eta denek beren arrakasta uneak izaten laguntzea. Ikasleek eskertzen dizkizute zuhurtziaz egiten dizkiezun iruzkin kritikoak

Unibertsitatean ere funtzionatzen al du estrategia horrek?

Bai. Uste genuen unibertsitatean tratua ez zela hain garrantzitsua, irakasleen ezagutzei emango zietela garrantzi handiagoa. Alabaina, ez da horrela. Ikasketa zientifikoak eta teknikoetako fakultateetan ikerketa errepikatu genuenean, ikasleen pertzepzioetan ezberdintasunak egongo zirelakoan geunden, baina ez zegoen halakorik. Ikasleak larderiaz tratatzen dituen irakasleak ez dituzte ezein adinetan aintzat hartzen, ezagutza ugari izanda ere.

Trebetasuna diskurtsiboez edo adimen emozionalez ari gara.

Ikerketa egin baino lehen, uste genuen hoberen baloratutako irakasleak izango zirela klaustrokideen arabera komunikazioaren ikuspegitik trebetasun gehien zutenak; baina, ez, ikasturtea luzea da eta ikasleek irakasleak benetan nolakoak diren ikusten dute azkenean. Zenbait irakasle isilagoak dira, agian ez hain barregarriak; baina, ikasturtean zehar, maitekorrak dira ikasleekin. Oso bestelako estrategiak erabiltzen dituzte, eta efektu bera lortzen dute. Baina ez dute onartzen hasiera batean zoragarria izango zela zirudien norbait gero desordenatua izatea, esandakoa ez betetzea, arbitrarioa, adibide onik ez aurkitzea...

Hortaz, ez dago arrakasta eredu bakar bat.

Ez, ez dago estandar bat. Komunikazio estiloak daude, eta bakoitzak bere eredua bilatu behar du. Batzuek denbora gehiago beharko dute eta beste batzuek gutxiago, baina, ikasturtea luzea da, badago denbora.

Ezaugarri horiek berezkoak dira, edo ikas daitezke?

Hezkuntza Fakultatean ikusten dut ikasle batzuek sen didaktiko handia dutela eta komunikaziorako trebetasun handiagoa eta, ahalmen horren jakitun diren neurrian, hobeto kontrola dezaketela egiten dutena. Baina ikasle guztiek hobetu dezakete asko, hizkuntza modu komunikatiboan erabiltzen ikasi ahal baitute, konturatzen direlako beren estilora egokitzen diren estrategiak aukera ditzaketela.

 

Informazio gehigarria

Montserrat Vila i Santasusana Filosofian eta Letretan, Psikologian eta Filologian lizentziaduna da, bai eta doktorea Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktikako Sailean eta  irakasle titularra Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan. Hizkuntzaren didaktikako eta ahozko diskurtsoaren analisiko aditua da. Grell taldeko  ikerketa proiektuetan parte hartzen du, prozesu eleaniztunetako ahozko hizkuntzaren irakaskuntza eta ikaskuntza ikertuz. Textos aldizkariaren sortzailea eta zuzendarikidea da. Lehen eta bigarren hezkuntzako irakasleak prestatzen ditu.