euskaraespañol

Arteshopek gonbidatzen gaitu Bilbon erosketez eta arteaz gozatzera

Arte Ederren Fakultateko ikasleek egindako 75 artelan ekainaren 18ra arte egongo dira ikusgai 75 saltokitan

Lehenengo argitaratze data: 2017/06/07

Irudia

Hilaren 18ra arte, Arte Ederren Fakultateko 75 ikasleren arte-proposamenak, Arteshop Bilbao proiektuari esker, 75 establezimenduren erakusleiho bihurtuko dira. Hain zuzen, hiribilduko merkataritza-jarduera sustatzea da ekimenaren xedea. Ekimenaren zazpigarren edizioa aurkeztu da gaur egindako ekitaldian, non Xabier Otxandiano Bilboko Udaleko Garapen Ekonomikoa, Merkataritza eta Enplegu zinegotzia, Juan Zapater Bilbao Arte Fundazioko zuzendaria eta Arantza Lauzirika UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko dekanoa bildu diren.

Artista berrien sorkuntzen bidez, hiriaren merkataritza-eskaintza erakargarria aberastuko da gaurtik aurrera eta ekainaren 18ra arte. Gazte guztiek artearen sektoreko tutore profesional bat izango dute, sormen-prozesu osoa gainbegiratzeaz eta saltokien eskaerak ikasleen arte-proposamenekin bateratzeaz arduratuko dena. Merkataritza-establezimenduetan ikusgai egoteaz gain, Erriberako Merkatura eta Plaza Biribileko Turismo Bulegora zabalduko da Arteshop Bilbao 2017; izan ere, bertan, hamar artista ezagunen artelanak jarriko dituzte ikusgai.

Arteshop Bilbaok hiriko saltokien babes beroa jaso du. Bilbao Ekintza arduratu da 75 establezimendu parte-hartzaileak aukeratzeaz izena ematen lehenak izan diren eta oinarrietan ezarritako irizpideak betetzen dituzten guztien artean. Bestalde, Arte Ederretako ikasleen artean ere ekimenarekiko interesa hedatu da, guztira, parte hartzeko 100 eskabide aurkeztu baitziren. Horrez gain, hiriko artistek lehiaketan inplikatu nahi eta Bilbao Arte Fundazioan 29 eskabide erregistratu dituzte, 10 tutoreetako bat izateko. Bilbao Ekintzak, berriz, 400 euroko diru-laguntza eskaintzen die ikasleei eta 600 eurokoa tutoreei, proiektu artistikoak ekoizteko eta garatzeko kontzeptu gisa.

Herritarren partaidetza eta lehiaketa

Herritarrak ekimen horretan inplikatze aldera, hala eskatzen dutenek eskuragarri izango dituzte 75 saltoki eta obra parte-hartzaileen identifikazio-mapak. Esku-mapa horiek erabilerrazak eta eramateko erosoak izango dira; saltokietan, Bilbao Bizkaia Turismo Bulegoan (Plaza Biribila, 1) nahiz Erriberako Merkatuan egongo dira eskuragarri.

Saltoki parte-hartzaileak ezagutzeko gida izateaz gain, mapa horiek gonbidapena luzatuko diete bezeroei saltokietara joan daitezen, haien produktuak zein erakusgai dauden artelanak ezagutzeko xedearekin. Horretarako, gutxienez Arteshop establezimendu desberdinen bost zigilu lortzen dituztenek 50 euroko hogei opari-txartelen zozketan parte hartzeko aukera izango dute, atxikitako saltokietan gastatzeko.

Arteshop Bilbao ekimenaren baitan, herritarrek aktiboki hartuko dute parte; izan ere, jendeak gustukoen duen proposamen artistikoaren aldeko botoa eman ahal izango du Bilboko Udalak antolatzen duen lehiaketan, obrarik onenak sarituko dituena.

Publikoaren Saria 450 eurokoa izango da, eta, halaber, beste bi sari egongo dira. Artearen eta merkataritzaren esparruetan ibilbide aitortua duten pertsonek osatutako epaimahaiak banatuko ditu azken bi horiek. Epaimahaiak artelanik onenak aukeratuko ditu aldez aurretik hiru erakunde sustatzaileetako ordezkariek (Bilbao Ekintza, UPV/EHU eta Bilbao Arte Fundazioa) egindako hamar onenen hautaketatik.

Epaimahaiaren lehenengo saria 1.200 eurokoa izango da, bigarrena 900 eurokoa eta hirugarrena 600 eurokoa.

Publikoaren Sariak merkatariek eta artista berriek elkarlanean egindako lanaren aitorpena da, baita herritarrak ekimenean parte hartzeko bide bat ere. Bozkatzeko, saltoki parte-hartzailean ikusgai egongo den doako telefono-zenbaki batera ditu beharko dute herritarrek.

Arteshop 2017 sariak banatzeko ekitaldia ekainaren 15ean egingo da, Erriberako Merkatuan.

Merkataritza-sustapeneko ekimen bateratua

Arteshop Bilbao ekimena merkataritza-dinamizaziorako eta sustapenerako jarduera berritzaile eta sortzaile gisa finkatu da zazpi edizioetan zehar. 2011. urtean sortu zen, Bilboko Udalaren babesa daukan Bilboko Saltoki Berritzaileak elkartearen ekimen baten eskutik. Lehenengo edizioan, guztira 20 establezimenduk hartu zuten parte, esperientzia pilotu gisa. Urteek aurrera egin ahala kopuru hori handituz joan da, eta egun 75 establezimenduk hartzen dute parte. Artista berrien eta Bilboko merkataritzako profesionalen inplikazioari esker, hizpide dugun ekimena hiriko merkataritza-egutegiaren ekitaldi garrantzitsuenetako bat da dagoeneko.