euskaraespañol

Negoziazio prozesuak bikote berdintzaileetan

UPV/EHUko Amaia Agirre ikertzaileak aurkeztutako tesiak bikote eredu berriak izan ditu aztergai

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2015/03/26

Irudia
Amaia Agirre Miguelez

Horien burua feminista edota parekidetzat duten bikoteek, eguneroko bizitzan hartu beharreko erabakiez egiten duten kudeaketa da UPV/EHUko ikertzaile Amaia Agirreren lanaren funtsa. Euskal Herria testuingurutzat hartuta, harreman eredu ezberdineko pertsonak aztertzen ahalegindu da irakaslea: bikote heterosexual zein homosexualak, monogamo zein sexu askeko harremanetakoak. 25-50 urteen artekoak, 15 dira ikerlariarekin solasean ibili direnak. Ikerketa kualitatibo honek ez du errealitate baten errepresentazioa izan nahi, gizartean egon daitezkeen diskurtso ezberdinen lekukoa baizik. Horretarako, bizitzako esparru ezberdinetan ematen diren negoziazio prozesuez interesatu da ikerlaria.

Finantzen kudeaketa, etxeko lanen eta zaintza lanen partekatzea eta bikote harremanak izan dira, besteak beste, azterketaren eremu nagusiak. Arlo hauetan ematen diren negoziazioetan, galdekatuek zenbait barne muga izan dituztela agerian utzi du tesiak. Maitasun erromantikoaren eredutik kanpo kontsideratzen badira ere, badirudi ideal horrek hala ere bikoteari eragiten diola. Interes pertsonalen defenditzea (bere indibidualtasuna), oraindik bikotearen kontrako eraso bezala ulertzen denean, ideologia eta praktika parekidearen arteko aldea sortzen da. Agirreren erranetan diskurtso parekideak, praktika ez parekideak gordetzeko balio du maiz. Harreman sexualen inguruko eztabaidan batik bat, hitz egiteko uzkurtasuna agertu da.

Hala ere, eredu edo jokamolde berriak ere sortu direla nabarmentzen du azterlanak. Finantzen kudeaketan, adibidez, geroz eta ohikoagoa egiten da baliabide ekonomikoak zatitzea (bakoitzak bere kontuak ditu). Etxeko lanen partekatzean ere halako eztabaidak sortzen direla dirudi.

Autoreari hurbilpen bat

Amaia Agirre Miguélez (Gasteiz, 1983) UPV/EHUko Soziologian lizentziatua eta doktorea da. "Negoziazio Prozesuak Bikote Berdinzaleetan" izeneko tesia defendatu du, Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko irakasle Mari Luz Estebanen zuzendaritzapean. Tesi honek Euskal Herriko Unibertsitateko Euskara Errektoreordetzako euskarazko tesia egiteko ikertzaileak prestatzeko laguntza jaso zuen 2011ko deialdian Feminismoa, maitasun erromantikoa edota genero ikasketak izan ditu ikerketa lerro. Gaur egun UPV/EHUko Bilboko Irakasleen Eskolan irakasten  dabil.

Argitalpenak

  • El dinero en la pareja: reflexiones sobre relaciones de pareja igualitarias

RES. Revista Española de Sociología, ISSN-e 1578-2824, Nº. 23, 2015, págs. 9-27

  • La gestión de la sexualidad en parejas con ideología igualitaria:de la monogamia dada por sentada a la negociación

RIPS: Revista de investigaciones políticas y sociológicas, ISSN 1577-239X, Vol. 13, Nº. 1, 2014, págs. 67-101

  • Unibertsitate-ikasketetako sexu-segregaziora hurbilketa

Uztaro: giza eta gizarte-zientzien aldizkaria, ISSN 1130-5738, Nº. 73, 2010, págs. 93-111
 

UPV/EHUko KOMUNIKAZIO BULEGOAk
editatutako informazioa