euskaraespañol

Elektronika digitala irakasteko obra gakoaren aurkezpena

RAEk bere webgunean argitaratu berri du liburuaren ingeles-gaztelania baliokideen taula; beraz, diziplina horretako terminologia arautu da

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2015/04/16

"Sistemas Electronicos Digitales" liburuaren egileak
José Luis Martín eta Enrique Mandado.

Ostiralean, apirilak 16, Bizkaia Aretoan aurkeztu da Elektronika Digitalaren obra enblematiko baten hamargarren edizioa: Sistemas Electrónicos Digitales. Marcombo argitaletxeak argitaratu du eta Enrique Mandadok (Vigoko Unibertsitatea) eta José Luis Martínek (Euskal Herriko Unibertsitatea) idatzi dute.

Sistemas Electrónicos Digitales obra gakoa da Espainiako unibertsitateetako Elektronika Digitalaren irakaskuntzan, 1972an lehenengoz argitaratu zenetik. Egile nagusia Enrique Mandado irakaslea da, Vigoko Unibertsitateko Elektronika Aplikatuko Institutukoa. Bada, diziplina horren ibilbide labur baina bizkorrari jarraituz aritu da, bere lana etengabe eguneratzen eta erreferentziazko testu bihurtzen.Orain aurkezten den argitalpenean lehenengoz hartu du parte Euskal Herriko Unibertsitateak, José Luis Martínen bidez. Teknologia Elektronikoko katedraduna eta UPV/EHUko egungo idazkari nagusia da, eta liburua sinatu du, jatorrizko egilearekin batera.

Elektronika Digitala da gure ongizate teknologikoaren zati handi baten oinarria: gure eguneroko bizimoduan darabiltzagun tresna guztien % 90ek (erlojuak, ordenagailuak, aire girotua, garbigailuak, autoak...) diziplina gazte hori dute oinarri. Elektronika Digitala transistorea sortu zenean (1947) jaio zen, eta elektronika analogikoarena (tradizionalena) ez bezalako bidea ireki zuen. Handik gutxira iraultza betea izan zuen, Zirkuitu Integratua (mikrotxip famatuak) sortu zenean, 1958an. Orduz geroztik esponentzialki hazi da, hala mikrotxipen aurrerapenean nola era guztietako tresna eta lanabesetarako aplikazio praktikoetan.

"1970ean, transistore baten ohiko tamaina 12 mikrakoa zen; gutxi gorabehera, ile baten lodieraren hamarren bat" azaldu du José Luis Martínek, UPV/EHUko irakasleak. "Bada, orain 500 aldiz txikiagoa da, eta zirkuitu integratua duten transistoreen kopurua bikoiztu egin da, gutxi gorabehera, bi urterik behin: lehen milaka gutxi zituzten, eta orain, berriz, mikroprozesatzaile batzuek 2.300 milioi dituzte. Aurrera oso azkar egiten duen gaia da; beraz, irakaskuntza materialak etengabe eguneratzea eskatzen du".

"Liburuan, gainera, ahalegin handia egin dugu sektoreko enpresa emergenteen proiektuak eta ekimenak zabaltzeko" azaldu du Enrique Mandadok, Vigoko Unibertsitateko irakasleak. "Testuan agertzen diren produktuen adibideak Estatuko enpresa eta unibertsitateen garapena dira. Helburua da horien bidez ezagutzea zer-nolako lana egiten den gure inguruan, teknologia horri dagokionez".

11 kapituluk eta eranskin batek osatzen dute "Sistemas Electrónicos Digitales" liburua. Aipamen berezia merezi du hamaikagarren kapituluak. Bertan, fabrikatzaile ezberdinen zirkuitu integratu normalizatuen bidez, zirkuitu digital konfiguragarriak aurkezten dira, prestazio handiko sistema elektroniko digitalen diseinua erraztea helburu dutenak.

RAE-ren aitorpena

Obrak interes bereziko bi ekarpen zientifiko eta sozial ere baditu. Alde batetik, DVD batek aurreko edizioetako material guztia biltzen du, eta diziplinaren bilakabidean ibilbide historiko zehatza egitea ahalbidetzen du; beste alde batetik, eranskin batek zerrendatu egiten ditu Elektronika Digitaleko izen guztien ingelesezko eta gaztelaniazko baliokideen proposamenak. Hain zuzen ere, eranskin hori ezinbesteko tresna da hain espezialitate konplexu eta sofistikatuko terminologia bateratzeko.

Martxoaren amaiera aldera, Espainiako Errege Akademiak aditzera eman du bere webgunean (http://www.rae.es/boletines/bilrae) argitaratu duela eranskin hori. Horrela, funtsa eman dio erreferentziazko obra izateari, Elektronika Digitalaren eremuko gaztelaniazko terminologia finkatzeko.

UPV/EHUko KOMUNIKAZIO BULEGOAk
editatutako informazioa