euskaraespañol

Aitor Payrosek "ICS Medal" irabazi du

Estratigrafiaren arloko nazioarteko sari nagusia da

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2015/07/13

Irudia
Aitor Payros

Aitor Payros, UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Estratigrafia eta Paleontologia Saileko ikerlariak, Nazioarteko Estratigrafia Batzordeak ematen duen "ICS Medal" saria irabazi du, hau da, estratigrafiaren arloan nazioarte mailan ematen den sari nagusia. Hain zuzen ere, saria Gorrondatxeko hondartzan (Getxo, Bizkaia) burutu duen ikerketagatik emango diote, ikerketa horren ondorioz 50 urtez indarrean egon den denbora geologikoaren eskala zuzendu eta ordezkatu baita. Nazioarteko Estratigrafia Batzordeak Payrosek Lethaia aldizkari zientifikoan argitaratutako artikulu bat saritu du, hala nola, "Reassessment of the Early-Middle Eocene biomagnetochronology based on evidence from the Gorrondatxe section (Basque Country, western Pyrenees)" (Behe-Erdi Eozenoko biomagnetokronologiaren birbalioztatzea Gorrondatxeko sekzioaren ebidentzien arabera), batzordearen ustez "berebiziko ekarpen bikaina izan baita estratigrafiaren eremuarentzat".

Sariaren banaketa ekitaldia uztailaren 21ean burutuko da, Graz-en (Austria) ospatuko den STRATI2015 – Estratigrafiaren Nazioarteko 2. Kongresuko ekitaldi nagusian. Saio berean, Torontoko Unibertsitateko (Kanada) Andrew Miall geologoak "Digby McLaren Medal" domina jasoko du bere ibilbide profesionalaren aintzatespen bezala.

Egokitzapenak denbora geologikoaren eskalan

Aitor Payros, behin hasierako sorpresa gaindituta, "oso harro" agertu da aintzatespenarekin, "errekonozimendu profesional bat izateaz gain, poztasun pertsonal handia ere ematen didalako". "Zientzialariei Gorrondatxen eskuratutako emaitzen balioaz konbentzitzea ez zen batere lan erraza izan, seguruenik itsura sendoa zutelako 50 urte baino gehiagoz indarrean izan diren kalibraketa estandarrak eta, beraz, gure alternatiba polemikoa zelako", dio.

UPV/EHUko ikertzailea orain 10 urte hasi zen Gorrondatxeko hondartzako sekzio estratigrafikoa sakonean aztertzen. Hondartza honetako itsaslabarra, orain dela 45 edo 50 milioi urteko harri sedimentarioz osatuta dago, itsas hondoan, 1.500 metro inguruko sakoneran, pilatuta aurkitzen dena. "Ikusi genuen Gorrondatxen, harriak datatzeko, ezin zela aplikatu azken 50 urteetan erabiltzen ari zen kalibraketa estandarra. Eozenoko gertaerak ustez aldi berean gertatu zirenak eta, ondorioz, harrien maila berean aurkitu behar zirenak, Gorrondatxen geruza oso desberdinetan aurkitzen ziren, eta horrek 3 milioi urte inguruko desadostasunak eragiten zituen kalibraketa estandarrarekin. Eta arazo horren aurrean, jatorrizko lanak berrikusi genituen eta erregistro geologikoak bildu genituen beste eremu batzuetan. Horrek eraman gintuen ondorioztatzera kalibraketa estandarrak akats garrantzitsuak zituela eta Gorrondatxeko gure behaketak fidagarriak zirela", azaltzen du Payrosek. Sinesgaitza izan arren, ikertzaile bat ere ez zen hortaz konturatu 50 urte baino gehiagotan.

Aitor Payros ikerlariak azpimarratu duen bezala, dataziorako tresna fidagarriak edukitzea izugarri garrantzitsua da geologian, zientzia honetako lanetan zehatz kontrolatu behar baita harkaitzen adina. "Adibidez, hau argi ikusten da aro zehatz batean aurkitzen diren baliabide naturalen bilaketa lanean. Era berean, Lurraren iraganeko gertaeren efektuak ere aztertzen ditu geologiak (berotze globala, glaziazioa, meteoritoen inpaktuak, sumendien erupzioak, etab.) eta zehazten du zein izan zen eratorritako gertaeren segida, etorkizunean antzeko egoerak gertatuz gero zer gertatu daitekeen aurreikusteko helburuarekin; horretarako, jakina, ezinbestekoa da iraganeko gertaerak hurrenkera kronologiko zuzenean kokatzea, eta horretarako da beharrezkoa datazio fidagarria".

UPV/EHUko KOMUNIKAZIO BULEGOAk
editatutako informazioa