euskaraespañol

Entrenamendua adinera egokitzea

UPV/EHUko ikerketa batek gomendatzen du entrenamendu teknika batzuk ez erabiltzea adingabeen futbolean

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2016/03/10

Irudia

UPV/EHUko ikertzaileek aztertu dute futboleko entrenamendu jarduera ezberdinek, zehazki joko murriztuek, 12 eta 13 urteko jokalarien aldagai fisiko eta fisiologiko batzuetan duten eragina, beren garapenera ongien egokitzen diren formatuak zein diren jakiteko. Azterlanaren arabera, formatu horietako batzuk ez dira komenigarriak haurrentzat.

Plos One aldizkari zientifikoa Public Librari of Science etxeak argitaratzen du eta zientziarekin eta medikuntzarekin zerikusia duen edozein gairi buruzko oinarrizko ikerketen berri ematen du nagusiki. Aldizkarian duela gutxi argitaratu da "Number of Players and Relativ Pitch Area per Player:  Comparing Their Influence on Heart Rate and Physical Demands in Under-12 and Under-13 Football Players" artikulua. Lan honetan futboleko hainbat entrenamendu jarduerek 12 (U12) eta 13 (U13) urteko adingabeen alderdi fisiko eta fisiologikoetan duten eragina aztertu dute Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Hezkuntza eta Kirol Fakultateko ikertzaileek.

Entrenamendu metodo hori, joko murriztuak, (edo luzeak, neurrien eta jokalari kopuruaren arabera) izenekoak barne hartzen dituena, oso hedatua dago kirol ezberdinetan. Joko murriztuak "small-sided games" (izen anglosaxoia) edo "jokoan oinarritutako entrenamendua" ere deitzen dira eta, nolabait esateko, kirol dueluak dira, normalean jokalari kopuru txikiagoekin eta joko zelai txikiagoetan (11ko futbolarekin alderatuta) jokatzen dira eta jokoaren barne logikaren elementu guztiak errespetatzen dira jokalarietara egokituta eta jokalariak motibatzeko. Jarduera horiek asko erabiltzen dira futboleko entrenamenduetan, eta funtsezkoak dira jokalari gazteen garapenerako programetan.

Ikerketa hau egiteko talde bakoitzeko jokalari kopuru ezberdinak erabili ziren (7, 9 edo 11 jokalari), eta jokalari kopuruaren arabera hiru neurri ezberdinetako joko zelaietan jokatu zuten (100, 200 eta 300 m2). Egoera horietan hainbat aldagai aztertu ziren, hala nola, egindako distantzia osoa, jokalariaren karga, gehienezko abiadura, bihotz taupaden maiztasuna hainbat intentsitate mailatan, eta abar, hau da, barneko aldagaiak edo fisiologikoak nahiz kanpokoak edo fisikoak hartu ziren kontuan.

Lortutako emaitzek egiaztatzen dute formatua aldatzeak antzeko eragina duela jokalarien bi kategorietan, eta, ikertzaileen arabera, "zenbat eta handiagoak izan neurriak eta taldeko jokalari kopurua, orduan eta handiagoak dira eskakizun fisiko eta fisiologikoak, eta bereziki dira handiagoak U13etan U12etan baino". Badirudi, beraz, U13ek maximoan gara dezaketela bere ahalmen fisikoa.

Aitzitik, eskakizun horiek, ikuspegi erlatibotik baloratuta, hau da, banakako abiadura maximoekiko baloratuta, erakusten dute U12ek lan karga handiagoa jasaten dutela, eta ikusten da beren abiadura maila maximoak U13enak baino txikiagoak direla. Hala ere, badirudi ez litzatekeela gomendagarria izango U12 adinean formatu handiak sartzea (>300m2), ez eta talde bakoitzeko jokalari askoko formatuak ere (11).

Azterlanaren ondorioei esker entrenatzaileei, edo futbol prestakuntzaren etapa honetan diharduten eragileei, lagundu ahal izango zaie modu progresiboan planifikatzen lehiaketa ereduak, jardueraren eskakizunak parte hartzaileen garapen fisiologiko eta fisikora egokituta.

Erreferentzia bibliografikoa

Castellano, J., Puente, A., Echeazarra, I., Usabiaga, O., Casamichana, D. Number of Players and Relative Pitch Area per Player: Comparing Their Influence on Heart Rate and Physical Demands in Under-12 and Under-13 Football Players. Plos One, January 11, 2016; DOI: 10. 1371/journal. pone. 0127505.

 

Argazkiak: UPV/EHU.