euskaraespañol

UPV/EHUk plaza kopurua mantenduko du 2016/17 ikasturteko graduetan

Gobernu Kontseiluak ikerketan laguntzeko 1,6 miloi eurotik gorako diru laguntzak onartu ditu

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2016/03/10

Irudia

UPV/EHUk onartu egin ditu, gaur Gobernu Kontseiluak Bizkaia aretoan egindako bileran, 2016-17 ikasturteko gradu tituluetako plaza kopuruak, eta, ondorioz, berdin mantentzen da plaza kopurua ia gradu guztietan. Lau titulazioetan bakarrik egongo dira aldaketak. Hirutan kopuruak gora egin du eta batean plaza kopurua apur bat jaitsi da.


Hauek dira 2016-17 ikasturteko plaza kopurua igo duten graduak: Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Gradua, 285 plaza eskainiko ditu datorren ikasturtean, oraingo honetan 240 plaza dira; Ekonomiako Gradua, 115 plaza eskainiko ditu, oraingo honetan 100 dira; eta Arteko Gradua, 150 eskainiko ditu, oraingo honetan 145 dira. Aitzitik, Sorkuntza eta Diseinuko Graduan plaza kopuruak behera egingo du pittin bat. Izan ere, ikasturte honetan 105 daude eta, datorren ikasturtean, aldiz, 100 izango dira.

UPV/EHUk 2016-17 ikasturtean, bere hiru campusetan, emango dituen graduko 85 titulazioetan 8.454 plaza eskainiko ditu guztira. 2015/16 ikasturtean plazen %97,7 bete da. Plaza horiei, baina, beste 230 plaza gehitu behar zaizkie, UPV/EHUko ikastegi atxikietan eskainitakoak, hain zuzen ere (Arabako Erizaintzako Unibertsitate Eskolan, Bilboko Merkataritza Ganberako Unibertsitate Eskolan eta Elgoibarko Txandakako Ingeniaritza Eskolan).
Europako Unibertsitate Eremuak (EUE) dio graduko ikasketetarako plaza muga bat ezarri behar dela. Horrenbestez, Gobernu Kontseiluak onartutako plaza mugei oniritzia eman behar die orain Eusko Jaurlaritzak, eta, ondoren, Unibertsitate Politikarako Konferentzia Orokorrera bidali.

Amaya Zárraga UPV/EHUko Gradu Ikasketen eta Berrikuntzaren arloko errektoreordearen iritziz: "Egungo egoeran, eta UPV/EHUk gizartearekin duen erantzukizuna kontuan izanda, egokiena aurreko ikasturteko plaza kopuru bera mantentzea dela uste dugu".

Ikerketarako laguntzak

Era berean, Gobernu Kontseiluak onartu ditu 2016ko ikerketarako hainbat diru laguntza, guztira 1,6 milioi eurotik gorakoak, Eusko Jaurlaritzarekin formalizatutako kontratu programatik etorritakoak. Diru laguntza horiek dute xede kalitateko ikerketa ahalbidetzea, ikerlanera bideratutako baliabideak egokitu eta hobetzea eta ezagutzaren transferentzia sustatzea.

Lehenengo deialdiaren xedea da, 750.000 euroko diru kopurua duena, ikerketan hasten edo ikerketara berriro sartzen laguntzea, ikerketa jarduera finantzatzea eta ekipoak eta ikertaldeak ezagutza gizarteratzen aritu daitezen bultzatzea. Diru laguntza hauek dute xede ezagutzaren maila handitzea, berrikuntza sustatzea lehiakortasun elementu eta gizarte ongizatearen hobekuntza gisa eta ezagutza zabaltzen laguntzea.

Bigarren deialdia, 500.000 euroko diru laguntza jasotzen duena, bideratuko da UPV/EHUri zientzi ekipamenduak eta bibliografi funtsak lortzen finantzatzeko. Diru laguntza horri esker, unibertsitateko ikertzaileek ekipamendu modernoa eta eraginkorra erabili ahalko dute.

Azkenik, hirugarren deialdia, 400.000 euroko diru laguntza, unibertsitateko mugikortasuna ahalbidetu eta sustatzeko izango da eta ikerketetan lortutako emaitzen zientzi komunikazioa zabaltzeko UPV/EHUn nazioko eta nazioarteko biltzarrak antolatuz.

Fernando Plazaola Ikerketaren arloko errektoreordearen iritziz: "Unibertsitatearen funtsezko helburuetako bat kalitatezko ikerkuntza babestea eta sustatzea da; eta, hain zuzen ere, finkatzen ari diren deialdi hauek, ikerkuntzaren jarduera hori errazten dute".