euskaraespañol

Etengabe ari da higatzen Espainiako pentsio publikoen sistema

UPV/EHUko ikerketa baten arabera, oso txikiak dira hainbat pentsio, emakumeenak batez ere, eta batzuk gutxieneko zenbatekotik beherakoak

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2016/03/14

Irudia

UPV/EHUko irakasle eta 'Sistema español de pensiones: revisión crítica de los elementos comunes al cálculo de pensiones contributivas (normas sobre tope máximo de pensiones, cuantías mínimas y revalorización de pensiones)' tesiaren egile Elisabet Errandoneak dioenez, Espainiako pentsio-sistema publikoari azkenaldian egin zaizkion aldaketak direla eta, jada ezin da bermatu haien erosahalmena. Aurreikuspenen arabera, berriz, erosahalmena galtzen jarraituko dute Espainiako pentsio publikoek urte dezentez.

"Ontzi komunikatuak bezalakoak dira pentsio-sistemak publikoak eta pribatuak: baten sendotasunak bestearen ahulezia adierazten du, eta alderantziz. Zenbat eta sendoagoa pentsio-sistema publiko bat, orduan eta txikiagoa sistema pribatuen bidez osatzeko premia, eta alderantziz", dio Elisabet Errandoneak. "Azken urteotan, pentsio publikoetarako gastua ez igotzea izan da irizpide nagusia, eta murrizketarako joeraren ondorioak hasiak dira nabaritzen pentsio berrietan", azpimarratu du aipatutako tesiaren egileak. Pentsioen gehienezko topea, adibidez, aldatu egin dute, haren zenbatekoa are gehiago jaisteko eta erretiro-adinaren aurreratzea zigortzeko. Beste horrenbeste gertatzen da gutxieneko pentsioen osagarriekin, zeinen eginkizuna pentsio txikienen gutxieneko zenbatekoa bermatzea baita. Murrizketa-bide hori dela eta, "pentsioen gutxieneko zenbatekoak ez dira jada izenak adierazten duen hori; izan ere, termino absolututan adierazita, legeak ezarritako gutxieneko zenbatekoaren azpitiko pentsioak ordaintzen dira jada", dio E. Errandoneak.

Pentsio pribatuak?

Egoera ikusirik, pentsio pribatuetara jo ote beharko genukeen galdetuko du zenbaitek. "Ahalik eta urte gehiena kotizatzen saiatu behar dugu, eta oinarri errealen gainean; sistema publikoa sendotu behar dugu, eta harekiko konfiantza areagotu… Sistema publikoa ahuldu egiten du mesfidantzak. Bestalde, pentsio pribatuek ere ez dute bermatzen etorkizuna: oso errentagarritasun txikiak dituzte; batzuetan, negatiboak. Horrez gain, oso txikiak izan ohi dira plan pribatuetara egiten diren ekarpen gehienak", dio ikerketaren egileak.

Beste galdera hau ere egingo dio zenbaitek bere buruari: bideragarria ote Espainiako pentsio-sistema publikoa? "Bai, bideragarria da, baina baliabide gehiago bideratu behar da pentsio publikoetara. Europako batezbestekoen azpitik dago Espainian gizartearen babes publikorako erabiltzen den gastuaren ehunekoa, eta areagotu egin behar da, gizarte-segurantzako sistema publikoa izan dadin. Gizarte-kotizazioak ere areagotu egin behar lirateke", adierazi du Errandoneak, eta beste hau erantsi: "Ez dago esaterik pentsio publikoak arriskuan daudenik, baina haiek murriztea dute helburu azken urteotan onartu diren aldaketek". UPV/EHUko irakasle eta ikertzaile horren dioenez, "2014ko pentsioetan argi ikusi zen jada murrizketa, urte horretan, aurrekoan baino hamar euro txikiagoa izan zen Espainiako pentsioen batezbesteko zenbatekoa, hasieran bederen. EAEn ere hasia da nabaritzen jaitsiera hori, eta gero eta gehiago nabarituko da, zenbait neurri direla medio: erretiro-pentsioa kalkulatzeko epearen handitzea, pentsio horren ehuneko % 100era iristeko kotizatu beharreko urte-kopuruaren igoera eta, batez ere, iraunkortasun-faktorea martxan jartzean, 2019an".

Emakumeak eta pentsioak

Tesiaren daturik deigarrienetako bat beste hau dugu: pentsio oso baxuak jasotzen dituztenetatik emakumezkoak dira asko eta asko. Zer dela-eta ote? "Arrazoi ugari daude: oso desberdinak izan ohi dira emakumeen eta gizonen lan-ibilbideak (etxeko eginkizun eta zaintza-lan gehienak emakumeen bizkarrera joaten dira, haien lan-ibilbideen eta kotizazioen kaltetan; diskriminazioa dago lan-merkatuan, eta bereizketa gizonek eta emakumeek egiten dituzten lanen artean (gehiengoa dira emakumeak zaintza-lanetan eta gaizki ordainduko beste sektore batzuetan). Bestalde, Gizarte Segurantzaren araudiak ere ez die beti berdin eragiten emakumeei eta gizonei, eta zenbait arauk bultzatu egiten emakumeek ezkutuko ekonomian jardutea", azaldu du Elisabet Errandoneak.

Informazio osagarria

Irakaslea da Elisabet Errandonea UPV/EHUko Lan Harreman eta Gizarte Langintza Fakultatean, eta Sistema español de pensiones: revisión crítica de los elementos comunes al cálculo de pensiones contributivas (normas sobre tope máximo de pensiones, cuantías mínimas y revalorización de pensiones) tesiaren egilea. Aipatutako unibertsitateko ohorezko laguntzaile Mikel de la Fuente Lavín izan du tesiaren zuzendari.

 

Argazkiak: UPV/EHU (Azala: cacaroot / DollarPhotoClub)