euskaraespañol

Susana Cristóbal, Suediako Linköping-go unibertsitateko katedraduna

«Porrotak ez du baliorik kentzen. Sentitu, aztertu eta aurrera egin behar duzu»

  • Elkarrizketa

Lehenengo argitaratze data: 2016/10/21

Irudia

Susana Cristóbal UPV/EHUko doktore eta Suediako Linköping-go unibertsitateko katedradunak Berdintasunezko unibertsitatearen alde. Akademe I. jardunaldian hartu du parte. Bertan, proteomikan eta nanotoxikologian ikertzaile aparta honek ‘Construyendo líderes tolerantes al fracaso, para ciencia y academia' [Zientzia eta akademiarako liderrak hezten, porrotaren jasanberak] hitzaldia eman du.Elkarretaratzea, lidergorako lehenengo Akademe programan sortutako emakumeen sareak antolatu du.

Susana Cristóbal Ikerbasqueirakaslearekin lidergoaz hitz egin dugu, genero arazoaz, bere esperientziaz eta porrota zientzian eta mundu akademikoan aztertzeko garrantziaz. "Oso zaila da porrotetik ikastea; baina, sakon aztertzen badugu, arrakasta bihurtu ahal dugu". Hausnartu ere egin du emakume zientzialariak gainditu behar izaten dituen eragozpenei buruz, "andreek, behin baino, birritan eta hirutan probatu behar" izaten baitute. Cristobal da peer mentoring (berdinen arteko tutoretza) talde europar baten sortzailetariko bat. Talde hori zientzian emakume lidergoei zuzenduta dago.

Zeintzuk ezaugarri dira egoki lidergoan aritzeko?
Liderrak badaki bere xedea, bere helburua komunikatzen, gainontzeko pertsonek ideial bera har dezaten. Eta hori zinez zaila da. Ez datza agintean, zeure proiektuarekiko pasio bera sentiaraztean baizik, lan taldeak bere egin dezala lortu behar da. Hori bai, izan badira bestelako faktoreak, horretan eragiten dutenak, batez ere zientzian bikain den pertsonaz ari bagara: talentua, sormena, etorkizun sena, porrotarekiko jasanberatasuna… Nahiz zientzia bikaina izateak ez dakarren berez lider izatea.

Zure iritziaren arabera, alderik al dago gizonezkoen eta andrazkoen lidergoen artean? Zeintzuk lirateke diferentziok?
Oro hartuk, ez legoke zertan alderik egon behar lidergoari dagokionean generoaren ikusmoldetik. Hala ere, testuinguru kultural eta sozialak markatu eta baldintzatu egiten du lidergoaren mota. Horretara, bada zenbait ezaugarri, gizonezko eta emakumezkoenak izanik ere, era ezberdinetan gestionatu ohi direnak. Izan ere, gizarteak oso modu desberdinaz ulertzen du gizon batek helmuga batera iristeko pasioa eta emakume batek izan dezakeena.

«Andreek behin, bitan, hirutan erakutsi beharra dute»

Energia hau ondo ikusita dago gizon baten eskuetan. Jarrera horrek berak, ordea, emakume batengan esangura eta ñabardura negatiboa izaten du. Honez gain, egungo emakume gazteek aitzindari gutxi dituzte, beren bideari jarraitu eta berengandik ikasteko. Adibide bakan horiek ikusita, esan daiteke ia beti zehatu, zigortu egiten dela emakume arrakastatsua eta ez dela aski behin erakustea, bi eta hirutan egin beharra izaten dela. ‘Ideia bat zanpatzen badidate, berdin dit, nik ideiak sortzen baititut. Hau zanpatzen badidate, nik beste bat dut, eta beste bat, eta beste bat'. Baina hori ez zaie gertatzen gizonezkoei, ideia batetik bizi ahal dira, besterik sortu gabe. Esaterako, politikan, gizon bat goi esferetara iritsi ahal da, talenturik baduela erakutsita. Emakume baten kasuan, ordea, talentuaz gain, curriculum bikaina behar izaten du. Hau da, emakumezko bati asko kostatzen zaio talentua erakustea eta, gainera, segurtasun handia behar du bere buruarekin, testuinguru honetan aurrera egingo badu. Bide latza da eta nik uste dut gazte batzuek ez dutela gura borroka honetan sartu.

Hortaz, egoerak berean dirau.
Berean dirau bai edo aldaketaren batekin, eta tristea deritzot. Gizarteak uste izaten du aukera berdintasuna egon badagoela, lege batzuei esker berdintasunezko baldintzak eskaintzen direlako plano teoriko batean. Errealitatera eta datuetara hurbilduta, ostera, ohartzen gara berdintasun hori itxurazkoa besterik ez dela. Bikaintasunezko proiektuak zeintzuek aurkezten dituzten, katedrak nortzuek eskuratzen duten ikustea besterik ez da behar. Edozein balioespenetan, ahal denik eta objektiboena izanik ere, azkenean beti egoten da interpretazio subjektiboren bat, balantza batera edo bestera makurtzen duena. Honen lehia handiko esparru zientifiko honetan, garatuagoa da gizonezkoen sarea.

Zertan eragiten du porrotak, lidergorako gaitasuna lukeen pertsona baten eraiketan?
Hainbat porrot mota dago: gertatu beharrik gabeko errakuntzak eragindakoa, maniobratzeko tarte eskasa uzten duten faktore anitzen ondoriozkoa; eta porrot adimentsua.

«Arrakastatik gutxi ikasi ohi da»

Hau da, geure egiten dugun eta sakonki aztertzen dugun porrotak, sinismenak sinismen, hazi eta hezteko balio du. Geure barne faktore pertsonaletan modu sistematikoan sakondu eta jorratzen ditugunean, aldatzeko gaitasuna lortzen dugu eta porrota arrakastarako baliabide bihurtu ahal dugu. Arrakastatik gutxi ikasi ohi da.

Baina, hain da zaila porrotetik ikastea…
Zailagoa da arrakastatik ikastea, interpretazio gaitasun txikiagoa dagoelako. Ebaluazioa oso orokorra izaten da. ‘Arrakasta dut. Beti bezala'. Honen erraza dirudi, ‘beti bezala' gertatzen ez den arte; arrakastak arrakasta, zerbait gaizki zihoalako eta ez zara ohartu eta, hortaz, ez duzu analizatu. Eta ebaluatu ez duzun atal horrek porrota eragin du. Alabaina, zergatik uste dugu porrota geure egitea eta bertatik ikastea zaila dela? Hain zuzen, uste dugulako porrota txarra dela eta porrotetik ikastea begien bistakoa dela. Baina ez da gauza bat eta ez da bestea. Gizarteak lotsagarri, zigorgarri eta ezkutuan gorde beharreko deritzo porrotari. Automatikoki jartzen dira abian porrota ez ikusteko mekanismoak, kanpoaldera desbideratzeko. Honela, zaila da oso testuinguru honetan porrotetik ikastea, berrikuntzarekin, arriskuarekin eta eboluzioarekin lotuta egonik ere.

Zein da zeure esperientzia?
Ez dakit nik zientziaren munduan bide erraz edo zaila izan dudan. Gustukoa dut egiten dudana. Zoriontsu naiz beti lanean. Zientzian lan egiten duen pertsona izaki pribilegiatua da, sormenezko lana baita, ideiak izan eta ideia horiek baliagarri bihurtzean baitatza, ikuspuntu zientifikotik eta ez lidergoaren ikuspuntutik. Niretzat, neure lana lan ideiala da. Orduan, begien bistakoa denez, zoriontsua naiz. Egia da zailtasunik egon badela, baina testuinguru honetan, honenbeste irabazten duzularik, zailtasunak arinak izaten dira. Ez duzu problemarik.

Ikerketan hasi zinenean, buruan al zenuen taldeen zuzentzea?
Bai, beti. Beti nahi izan dut neure ideiak garatzea eta zortea izan dut egin ahal izan dudalako. Ez naiz lanean egon inoiz inguru hierarkikoegietan. Tesia hemen egin nuen, bi zuzendari (Begoña Ochoa eta Olatz Fresnedo) izan nituen, ikerlari moduan hazteko aukera eman eta izugarri lagundu zidatenak. Suediara doktoretu ostekoa egitera joan nintzen, eta bertan aurkitu nituen,  ikertzaile-gazte gisa hazteko ingurune idealaz gain, nire lehenengo ideiak garatzeko inspirazio eta askatasuna eta oinarrizko finantziazioa arriskatu ahal izateko. Nahikotxo ikasi nuen. Eta han geratzea erabaki nuen. Suedian nire lehenengo plaza lortu nuen irakasle laguntzaile gisa. Proiektu berri bati ekin behar nion, aholkularien independente eta lan talde bat liderra izaten hasi. Egia esateko, neu eta doktoregai bat besterik ez ginen; baina oso aberasgarri izan zen, lehenengo egunetik aintzakotzat hartu nindutelako, hamar pertsonek osatutako talde baten buru den irakaslearen pare. Liderra nintzen eta pentsamenduaren indarrak, ‘egite hutsak' indartu ninduen egin beharreko bidean aurrera egiteko Honek eta nire ideiekiko errespetuak eta ideiak nola hartzen zituzten ikusteak.

Lider moduan jotzen al duzu zeure burua?
Ez dakit liderra naizen, baina baditut pentsatzeko modu ezberdinak, gauzak ulertu eta defendatzeko; nahiz eta ez dudan egiten iritzi korronterik sortzeko eta jendea nire atzetik ekartzeko. Zentzu honetan, ez naiz liderra. Interesatzen zaizkidan gauzak ikertzea da beti gustatu izan zaidana eta ez dut inoiz lan egin beste inoren proiektuetan. Hori bai, elkarlanean ibili naiz. Hori behar-beharrezkoa da. Osotasunari ekiteko ahaleginetan ere ez naiz aritzen, ez dudalako uste gai naizenik.

Pertsonak lider jaio edo egin egiten dira?
Jaio, bizitzea ikastea da eta garatzea da. Eta sortzetiko faktorea beharrezkoa bada ere, inguruneak ere erabateko eragina izaten du. Zailtasunak egon badirela jakitun izanik ere, ikasi ere egin daiteke. Taldeak erabiltzeko gaitasuna, enpatia, sare eta konexioen gestioa eta lanerako prestutasuna, gelditzen ere jakin behar den arren, ideia baten inguruan itsutuko ez bazara. Latza da aspektu hauek kontrolatzea. Eta, hauez gain, porrotarekiko jasanberatasuna. Jakin behar da ez dizula baliorik kentzen: iristen zaizu, sentitu, aztertu eta aurrera jarraitu behar duzu.

Argazkiak: Mikel Mtz. de Trespuentes eta Laura López. UPV/EHU