euskaraespañol

Nekane Balluerka doktorea da UPV/EHUren errektore hauteskundeetarako hautagai bakarra

Bozketa azaroaren 24an izango da, 09:00etatik 18:00etara

Lehenengo argitaratze data: 2016/11/07

UPV/EHUren Hauteskunde Batzordeak, inpugnazioak aurkezteko epean bat ere aurkeztu ez denez, behin betiko aldarrikatu du Nekane Balluerka irakasleak aurkeztutako hautagaitza. Horixe izango da hauteskundeetara aurkeztuko den zerrenda bakarra.

Nekane Balluerka doktorea Portaera Zientzien Metodologia jakintza arloko katedraduna da, eta Psikologia Fakultateko irakaslea. Gaur egun Graduondoko Ikasketen eta Nazioarteko Harremanen arloko errektoreordea da, eta aurretik UPV/EHUko kudeaketan hainbat kargu izan du.

Azaroaren 24an egingo da bozketa, 9:00etatik 18:00etara. Horretarako, ikastegi guztietan (baita UPV/EHUko beste toki garrantzitsu batzuetan ere) egongo dira botoa emateko kutxak.Bozketan aldeko emaitza lortuz gero, Nekane Balluerka irakaslea litzateke Euskal Herriko Unibertsitatean errektore hautatutako lehenengo emakumea.

Hauteskundeetako egutegia eta prozesuaren ezaugarriak

Azaroaren 7tik hauteskunde kanpaina hasiko da eta hautagaiak eta harekin doan taldeak beren programaren berri emango diete unibertsitateko kide guztiei (www.ehu.eus/eu/web/idazkaritza-nagusia/errektore-hauteskundeak). Hauteskunde kanpaina azaroaren 22an amaituko da. Lehen esan bezala, bozketa azaroaren 24an izango da, baina botoa lehenago emateko aukera izango da azaroaren 14, 15, 16, 17 eta 18an, UPV/EHUko ikastegietan.

Hautagai bakarra dagoenez, aldeko botoa edo boto zuria bakarrik eman daitezke. Hautagaiak, hautatua izateko, botoen %33 baiezko boto lortu beharko ditu.

Jakina denez, boto kontaketa ez da egiten emandako boto kopuruaren arabera,  baizik eta unibertsitateko talde desberdinei dagokien ehunekoa kontuan hartuta. Horrenbestez, 2.200 bat irakasle-ikertzaile (IRI) doktoreri botoen %56,25 dagokio. 315 bat IRI ez-doktoreri botoen %7,5. Gainerako IRIri, 3.000 bat lagun, botoen %2,09. Ikasleei, 40.000 lagun inguru, botoen %22,08. Eta administrazio eta zerbitzuetako langileei, ia 1.900 lagun, botoen %12,08.