euskaraespañol

Neurgailu eramangarri bat, tomatearen heltze-puntu optimoa aurkitzeko

UPV/EHUko ikerketa batek Raman espektrometro mugikor bat erabili du tomatearen heltze-prozesua monitorizatzeko

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2017/05/09

Irudia
Josu Trebolazabala tomate baten osaera aztertzen Raman espektrometroaren bidez Argazkia: Txetxu Berruezo. UPV/EHU.

Tomatearen heltze-prozesuak hainbat fase ditu, eta, haietan, kolorea aldatuz joaten da. UPV/EHUko Kimika Analitikoa Saileko ikerketa batek beste alor batzuetan (artelanen analisian, esaterako) oso erabilia den tresna bat aplikatu du tomatearen monitorizazioan: Raman espektrometro eramangarria. Fruituaren konposizio molekularra aztertzen duen neurgailu mugikor horren bidez, ekoizleak in situ kontrola dezake tomatea, eta, hala, heltze-puntu optimoa aurki dezake.

Raman espektrometro eramangarria hainbat alorretan erabiltzen den tresna bat da, hala nola metalurgian, arkeologian eta artean. UPV/EHUko Kimika Analitikoa Sailean egindako ikerketa baten emaitzen arabera, tomatearen heltze-faseetan izaten diren konposizio-aldaketei buruzko datuak eskuratzeko ere balio du. Raman espektrometro eramangarria oso erabilia da askotariko sektoreetan, teknika ez-inbaditzailea izanik baliagarria baita, esate baterako, koadro baten edo eskultura baten pigmentuak ikusteko inolako laginik atera gabe eta lanari kalterik eragin gabe. Kasu honetan, UPV/EHUko ikerketa-talde batek sukaldaritzako ikerketara aplikatu du ekipo hori. Josu Trebolazabala lanaren egileak dioenez, "erabilera jakin bat zuen teknologia hori sukaldaritzara aplikatu da. Gure ideia zen ekoizleari tomatearen heltze-puntu optimoa zein den jakiten lagunduko dion tresna bat sortzea. Teknika honekin, gainera, fruitua hondatu gabe egitea lortzen da".

Laborategiko antzeko tresna baten emaitzekin alderatu dira tresna eramangarri honek emandakoak, eta ikusi da "laborategiko Raman espektroen kalitatea hobea izan arren instrumentu eramangarriak emandako informazioak ere baduela nahikoa kalitate ezarritako helbururako, alegia, ekoizlea ekipo horrekin baratzera joan, eta, kontakturako Raman zunda tomate-fruituaren gainean jarrita, jakin ahal izateko biltzeko punturik egokienean dagoen edo denbora gehiago utzi behar zaion", azaldu du Josu Trebolazabalak.

Tomatearen heltze-prozesua

Tomate-fruituak bere heltze-faseetan duen konposizioa monitorizatuz, heldu gabe dagoenetik heltzen denera arte haren konposizioan izaten diren aldaketak ikusi ahal izan dira. Tomatea berde dagoenean, gehien agertzen diren pigmentuak klorofila (horregatik du kolore berdea) eta argizari kutikularrak dira. Azken horiek kanpoaldean daude", argitu du Trebolazabalak. Baina konposatu horiek gutxitzen joaten dira fruitua heltzen joan ahala. "Laranja-kolorea hartu ondoren, bestelako konposatuak ikusten dira; konposatu karotenoideak aktibatzen dira. Tomatea nutrienteak hartzen joaten da, puntu optimora iritsi arte, hau da, likopenoa (karotenoide gorria) gorenean egon arte. Gero, tomatea karotenoide-edukia galtzen hasten da, gehiegi heldutako tomateetan egindako azterketek erakusten duten bezala".

Heltze-prozesuan kolorea aldatzen zaion edozein elikagairi aplika dakioke teknika berritzaile hori. "Piperrarekin eta kuiarekin probak egin ditugu, besteak beste, eta haien konposizioari buruzko datuak ere eskuratu ditugu", argitu du.

Informazio osagarria

Josu Trebolazabalak UPV/EHUko Kimika Analitikoa Saileko IBeA ikerketa taldean egin du lan hau. Talde horrek oinarrizko ikerketako lanak egiten ditu, eta hainbat enpresaren garapenerako eta berrikuntza teknologikorako lankidetzan aritzen da 1987az geroztik.

Erreferentzia bibliografikoa