euskaraespañol

Urdaibai Biosfera Erreserba izendatzeak herritarren bizi-kalitatea hobetu du

UPV/EHUko ikerketa batek ondorioztatu du Urdaibai eremu babestu izendatzeak herritarrei hainbat muga ekarri arren haien bizi-kalitatea hobetu duela

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2017/06/08

Irudia

Biosfera Erreserba izendatu zenetik Urdaibain izan den ingurumen-bilakaera eta bilakaera sozioekonomiko eta kulturala aztertu dituzte UPV/EHUn, eta ondorioztatu dute izendapen horrek ez duela eragin negatiborik izan biztanleengan, ingurunearen kontserbazioa bermatzen duela eta litekeena dela horrek tokiko garapen sozioekonomikoa eta kulturala bultzatu izana. Busturialdeko eta Uribe Kostako aldagai sozioekonomikoak eta kulturalak eta lurraren erabilerarekin lotutako aldagaiak aztertu ondoren atera dituzte ondorio horiek.

Eremu babestuek helburu nagusi eta bakarra zuten hasiera batean, biodibertsitatea babestea; gaur egun, ordea, pertsonen ongizatea sustatzea ere bada haien xede. Ingurune baten kontserbazioaren eta haren garapen sozioekonomiko eta kulturalaren arteko loturaren inguruan eztabaida handia dago gizartean. Hain zuzen ere, Urdaibai Biosfera Erreserba izendatu eta Erabilera eta Kudeaketara Plan Gidaria onetsi zenetik (1993), hainbat jarduera debekatu eta hainbat ustiapen-mota mugatu dira, eta horrek eztabaida handia eragin du biztanleen artean: Urdaibaiko herritar asko ez dago ezarritako muga horiekin ados eta, beste batzuen ustez, ezarritako neurriak ez dira nahikoak kontserbazioa ziurtatzeko.

Eztabaida hori argitzearren, Urdaibai Biosfera Erreserbaren bilakaera sozioekonomikoa ikertu du Nekane Castillo UPV/EHUko Landare Biologia eta Ekologia Saileko ikertzaileak, "jakiteko Biosfera Erreserbaren izendapenak kalte edo on egin ote dion Urdaibaiko biztanleriari", azaldu du. Busturialdeko eta Uribe Kostako hainbat aldagaik Plan Gidaria onartu zenetik gaur egun arte izan duten bilakaera aztertu eta alderatu dute ikerketan, "bi eskualdeok elkarrengandik hurbil baitaude eta antzeko ezaugarriak baitituzte". Zehazki, hiru aldagai-mota izan dituzte langai: lurraren erabilerari buruzko aldagaiak (labore-lurrak, hiri-lurrak, pìnu-landaketak, eukalipto-landaketak, baso autoktonoa…), aldagai sozioekonomikoak (enplegua eta langabezia, BPGa, biztanleria…) eta kulturalak (euskararen erabilera, hezkuntza-maila…). Bestalde, ingurunearen jasangarritasun-indize bat atera dute, kontsumitzen den uraren araberakoa, sortzen den zaborraren araberakoa eta abar.

Bi eskualdeen aldagai sozioekonomiko eta kulturalak, parekoak

Adierazle horien guztien azterketa estatistikoak egin ondoren, ikertzaileek ondorioztatu dute bi eskualdeek antzeko joera izan dutela. "Alde batetik, landa-jarduera tradizionalak bertan behera utzi dira, eta ingurumenean hainbeste kalte eragiten duten pinu-landaketak urritu egin dira, haien ordez hiri-lurrak eta tokiko espezieak zabalduz", azaldu du Nekane Castillok. Bestalde, ikertzaileek hauteman dute hirugarren sektorea, turismoarekin lotutakoa, hazi egin dela, bai eta ongizatea (errenta, barne-produktu gordina, goi-mailako hezkuntza eta enplegua) eta jasangarritasuna ere. Dena dela, ikertzailearen esanetan, "oro har, Urdaibai Biosfera Erreserbaren azaleraren erdia pinudi-landaketak diren arren kontserbazio-baldintza hobeak eta landa-eremuko baldintza hobeak ditu Uribe Kostak baino, eta aldagai sozioekonomikoak eta kulturalak pareko mantentzen dira".

Castilloren iritziz, "horrek esan nahi du Biosfera Erreserbaren izendapenak ez duela herritarren gain eragin kaltegarririk izan, eskualdearen kontserbazioa bermatzen duela eta litekeena dela horrek eskualdearen garapen sozioekonomikoa eta kulturala bultzatu izana. Zenbait aldaketa egin behar badira ere pinudiak baso autoktonoz ordezkatu eta nekazaritza-jarduerak bultzatzeko, eremu babestuaren izendapenak helburuak bete ditu jasangarritasunari dagokionez, eta esan dezakegu eskualdeko populazioaren bizi-kalitatea handitzen dutela".

Informazio osagarria

Ikerketa hau Nekane Castilloren (Bilbo, 1988) doktore-tesian kokatzen da. Ingurumen Zientzietan lizentziaduna da, eta UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Landare Biologia eta Ekologia Sailean ari da doktoretza egiten, Miren Onaindia UPV/EHUko katedradunaren zuzendaritzapean. Tesia Euskadiko Ekosistemen Zerbitzuen Ebaluazioaren proiektuaren barnean sartzen da, eta Eusko Jaurlaritzako beka bati esker ari da gauzatzen.

Erreferentzia bibliografikoa