euskaraespañol

Bordeleko Unibertsitatea Euskampus Fundazioan sartu da

III. Bordeaux-Euskampus Sinposioak Nazioarteko Bikaintasunaren Euroeskualdeko Campusaren azken aurrerapausoak proiektatu ditu

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2017/06/30

Irudia

Pasa den asteartean, Bordeleko Unibertsitateak gauzatu zuen Euskampus Fundazioaren patronatuan sartzea. Atxikimendu dokumentua sinatzea izan zen Frantziako hirian egindako III. Bordeaux-Euskampus Sinposioaren mugarrietako bat. UPV/EHUko, Bordeleko Unibertsitateko eta Euskampus eta IdEX-Bordeaux ekimenen bazkideetatik etorritako 340 pertsonak parte hartu zuten jardunaldi horietan. Bertan hainbat proiektu aurkeztu ziren, unibertsitate biek bultzatzen duten mugaz haraindiko campusaren sendotze eta etorkizuna erakusten dutenak.

Igarotako ekainaren 26 eta 27an III Bordeux-Euskampus Sinposioa ospatu zen. Hogei bat tailer, lan-bilera eta elkarteratze egon ziren, euroeskualdeko campusaren eraikuntzan ikerketako eta kudeaketako pertsonalaren konpromiso maila handitzen ari dela, unibertsitate itun estrategikoa sendotzen doala eta nazioarteko testuinguruan bikaintasuneko eredu horrek garrantzia duela erakutsiz.

Komunitate bien arteko harremana indartzeko, ezarritako proiektuetan aurreratzeko eta beste batzuk hasteko lekua izateaz gain, sinposioak hiru mugarri jakinarazteko esparrua ere izan zen. Lehendabizi, asteartean, Euskampus Fundazioaren Patronatuaren ohiko bileran, Bordeleko Unibertsitateko presidente Manuel Tuñón de Larak bere erakundea Euskampus Fundazioan sartzeko dokumentazioa sinatu zuen. Bileran egon ziren fundazioaren hiru erakunde fundatzaileen ordezkariak: UPV/EHUko errektore Nekane Balluerka, Donostia International Physics Center – DIPCko presidente Pedro Miguel Etxenike eta Tecnaliako zuzendari nagusi Iñaki San Sebastián.

Matematikako Mugaz Haraindiko Laborategia abiarazi da, eta QuatumChemPhys eratu da

Nekane Balluerka errektoreak adierazi duenez, "Bordeleko Unibertsitatea patronatuan sartzearekin batera, Euskampus Fundazioak bere konpetentziak indartzen ditu, baita bere mugaz haraindiko lankidetza dinamizatzeko gaitasuna ere. Aldi berean, agente berritzaile moduan paper nabarmenagoa hartzen du".

Euskampus Fundazioa 2011ko uztailean sortu zen, UPV/EHUren Nazioarteko Bikaintasun Campusa – Euskampus (NBC) kudeatzeko eta gobernatzeko tresna bezala. UPV/EHU, Tecnalia eta DIPC dira Euskampus Fundazioaren kide fundatzaileak. 2012. urtean zehar erakunde pribatu batzuk sartu ziren Euskampuseko patronatuan: Ormazabal-Velatia Taldea eta CAF, baita Ikerbasque Zientziarako Euskal Fundazioa ere. Hortaz, Euskadiko ehun ekoizle, ekonomiko eta berritzailearen agente sendoak sartzean, Euskampus NBCren aldeko apustua eta nortasun publiko-pribatua indartu ziren.  Euskampus Fundazioa funtsezkoa izan da UPV/EHUren eta Bordeleko Unibertsitatearen arteko euroeskualdeko campusa abiatzean, eta lankidetzaren katalizatzaile izan da unibertsitate biak elkarrekin aritzen diren arloetan: ikerketa, prestakuntza eta Euskadi-Akitania Euroeskualdeko lurraldearen lotura.

Bestalde, sinposioaren lehenengo jardunaldian, Ulermen Memorandum bat sinatu zen Mugaz Haraindiko Lankidetza Laborategi bat abiarazteko, matematikaren eta haren aplikazioen arlokoa, eta Matematika Aplikatuaren Euskal Bikaintasun Zentroak (BCAM) ere parte hartzen du. Eta itxiera saioan, Mugaz Haraindiko Lankidetza Laborategi bat, Eskala Kuantikoko Fisika eta Kimika Teorikoari buruzkoa (QuatumChemPhys) ezartzeko hitzarmen markoa sinatu zen.

Aliantzaren azken aurrerapausoak

III Bordeaux- Euskampus Sinposioak agerian utzi du euroeskualdeko campusaren proiektuaren heldutasuna eta ekintza eta adierazleen gehikuntza. Hortaz, ikasturte honetan graduondoko bi titulazio bikoitz berri martxan jarri dira, 25 tesi egiten ari dira tutorekidetzan; Europako lau proiektu bateratu onartu dira, eta berrikuntzaren arloko lau proiektu handi jarri dira martxan euroeskualdearen esparruan, Euskal Herrirako eta Akitaniarako funtsezkoak diren sektoreetan: osasuna (Chronicity Valley), ardoaren ekonomia (Euskadi-Vin-Aquitaine, EVA), itsas bioteknologia (Turquoise 00) eta uretako lerradura kirolak (surf, windsurf, e.a.). Azken arlo ekonomiko horretan, mugaz haraindiko berrikuntza ekosistema bat aktibatu nahi da Txingudi badia-Donibane Lohitzuneko eremuan. Ekosistemaren ardatzetako bat Sokoako gotorlekua izango da. Bertan prestakuntza eta berrikuntza plataforma bat ezarriko da, uretako lerradura kirol horien inguruan. Azkenik, aipatu Mugaz Haraindiko Lankidetza Laborategi biez gain, beste bat dabil lanean, fabrikazio aurreratuaren esparruan.

Bilerak balio izan zuen zeuden harremanak sendotzeko eta lankidetza berriak bultzatzeko. Zehatzago, egindako hamabi tailer zientifikoetan honako gai hauek landu ziren: zahartzea, materialak, enologia, neurozientziak, itsas eta lurreko ekosistemak eta lurraldearen kudeaketa, fabrikazio aurreratua, hezkuntza, fisika eta kimika teorikoa, matematika, translaziozko biofisika eta artea eta zientzia. Tailer horietan nazioarteko proiektu, tutorekidetzako tesi eta graduondoko titulazio bikoitz berriak taxutu ziren. Bestalde, giza baliabide eta pertsonalaren kudeaketaren, doktoregoko ikasketen, komunikazioaren, eta ekoizpen zientifikoaren analisiaren alorretako administrazio eta zerbitzuetako eta kudeaketako ordezkariak era bildu ziren, unibertsitate bien gestio egiturak hurbiltzeko, bestearen prozedura administratiboak ulertzeko, deialdien agendak bateratzeko eta aktibitateak jarraitzeko mekanismoak ezartzeko asmoz. Era berean, berrikuntza pedagogiko eta irakaskuntzaren kalitateari buruzko batzarrak egin ziren, eta aurreikusita dago irailerako UPV/EHUren bisita bat Unikude sistema erakusteko. Euskal Herriko Unibertsitateak garatu du aplikazio hori, zentroak, titulazioak eta zerbitzuak ondo kudeatzeko.

Euroeskualdeko campusaren heldutasuna eta aktibitateen gorakada erakutsi du sinposioak

Halaber, aeronautika eta itsasoko lerradura kirolen arloko Prestakuntza Plataformen lan tailerrek (azken hori, aipatu denez, Sokoako Gotorlekuan jarriko da) UPV/EHUko kideak dinamika horretan sartzea eta hezkuntza lankidetza bultzatzea zuten helburu. Prestakuntza Plataformak Bordeleko Unibertsitateak garatutako programa bat dira, bere bikaintasun ekimenen barruan. Arlo ekonomiko zehatzetara zuzenduta daude, eta prestakuntza formatu ezberdinak dituzte. Formatu horiek dagozkien arloen beharrei egokitzen zaizkie eta profesionalizazioak eskatzen dituen diziplinarteko ikuspuntuak bultzatzen dituzte.

Erronka berriei ere atea ireki zitzaien, Europako mugaz haraindiko lankidetzako unibertsitate ekimenei buruzko mahai-inguruan Euskampus Fundazioko zuzendari Igor Campillok aipatu zuenez. "Bordeaux-Euskampus Campusa garrantzia hartzen ari da mota honetako proiektu europarren artean. Beharbada momentua heldu da ekimen horiek era zabalagoan elkarri eragiteko eta Europako Batzordearen aurrean elkarrekin sustatzeko, aliantza estrategiko hauek bultzatzen eta egituratzen laguntzen duten tresna eta programa berriak iradokitzeko asmoz", esan zuen Igor Campillok.

 

Irudian, Tecnaliako zuzendari nagusi Iñaki San Sebastián, UPV/EHUko errektore Nekane Balluerka, Bordeleko Unibertsitateko presidente Manuel Tuñón de Lara eta DIPCko presidente Pedro Miguel Etxenike, Euskampus Fundazioaren patronatuaren bileran.