euskaraespañol

Paisaia lurraldearen antolamenduan

UPV/EHUko bi ikaslek paisaiari buruzko nazioarteko akordioen garapen eza azaldu dute beren MALetan

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2017/12/19

Irudia

Paula Perez Pascualek eta Lorena Pascual Payak Euskal Herriko Unibertsitateko ‘Paisaiaren kudeaketa. Ondarea, lurraldea eta hiria’ unibertsitate masterra egin dute. Beren Master Amaierako Lanak Maria Jose Ainz Ibarrondo eta Orbange Ormaetxea Arenaza doktoreak zuzendu dituzte, elkarrekin, eta aipamen berezia jaso dute beren kalitatea eta gaia direla eta.

Paisaiaren Europako Hitzarmenak (PEH) honela definitzen du paisaia: lurraldearen edozein zati, biztanleriak hautematen duen moduan, zeinaren izaera natur edota giza faktoreen ekintzaren eta elkarreraginaren emaitza baita. Paisaiak, horrenbestez, dimentsio ugari ditu, ondarea, lurraldea edo hiria bezalako kontzeptuak hartzen baititu barne. Ondarea aztarna ukigarria eta ukiezina da naturan. Paisaia, era berean, ondare horren artikulazioa da lurralde mailan eta hiria gizakiaren habitata da, geroz eta hiritarragoa. Aipatu hitzarmenak paisaia babesteko eta antolatzeko politikak zehaztu eta aplikatzeko beharra arautzen du, horretarako neurri zehatzak aplikatu beharko liratekeela esanez.

Lorena Pascual Payaren lanak, ‘Análisis comparativo y revisión crítica de los instrumentos para la ordenación territorial del paisaje en España’ (Paisaiaren lurralde antolamendua gauzatzeko Espainian dauden instrumentuen alderaketa eta azterketa kritikoa) izenekoak, Espainiak PEH sinatzeak paisaiaren babesean, kudeaketan eta antolamenduan izan duen eragina aztertu du, lurralde antolamenduaren eta bere mendeko plangintzaren ikuspegitik, bere aplikazioa Autonomia Erkidegoen esku egon dela aintzat hartuz, lurralde antolamenduaren eskumena transferitua baitago. Paisaiaren gaiak legedian eta lurraldearen antolamenduan duen presentziaren bilakaera aztertu du eta ikusi ahal izan duenez, paisaia geroz eta protagonismo handiagoa hartzen joan da lurralde antolamenduaren arloan, gure paisaien bilakaera iraunkorra bermatu nahi duten plangintza dokumentuen garapenari esker.

«PEH-k ezartzen dituen neurrietako bakar bat bera ere landu ez duten autonomia erkidegoak daude oraindik»

“Egun, lurralde espainiarreko autonomia erkidego guztiek paisaiak gizartearentzat duen garrantzia juridikoki aitortu dute eta paisaiari buruzko politika bat garatzeko erreferentziazko dokumentutzat hartu dute PEH delakoa. Ez da ahobatekotasun hori ikusten, baina, politika horren garapenari dagokionez. PEH sinatu eta hogei urte igaro diren honetan, badira oraindik hitzarmen horrek ezartzen dituen neurrietako bakar bat bera ere garatu ez duten autonomia erkidegoak eta aipatu neurrien garapena oso bestelakoa da lan horri ekin diotenen artean”, azaldu du Lorenak.

PEHri babesa eman ondoren autonomia erkidego ezberdinek paisaia kudeatzeko xedearekin garatu dituzten lurralde antolamenduko erreminten azterketak eszenatoki zail bat utzi du agerian. Egindako lanak orijinaltasun eta berrikuntza maila oso urriak aurkitu ditu aipatu instrumentuei eta lan metodologiei dagokienez: erkidego bakoitzak tipologia eta konfigurazio bereziak eta bereizleak dituela adierazten badu ere, ereduak eta egiturak batak besteari kopiatzen bukatzen dute paisaiari buruzko instrumentuen garapenean.

“Paisaiaren eremuarentzat oraindik hastapenetan gaudela esan genezake, nahiz eta bi hamarkada igaro diren PEH sinatu zenetik; eta bat Espainiak berretsi zuenetik. Gure lurralde gehienean ez dira paisaian esku hartzeko aipatu hitzarmenak zehazten dituen instrumentuak aplikatu. Egia da lurralde antolamendua geldoa dela eta paisaiaren gaia berria dela nolabait. Hori, ordea, ezin da aitzakia izan biztanleriak aski ezagun dituen lurralde mailako arazoen konponbidea atzeratzen eta gizarte gisa definitzen gaituzten paisaietan geroz eta aldaketa dinamika azkarragoak, oldarkorragoak eta suntsitzaileagoak pairatzen jarraitzeko”, dio amaitzeko ikasleak bere MALean.

Lege garapena Euskadin

Paula Perez Pascualen lanak, ‘Paisairen bilakaera eta paisaia unitateen bitartezko paisai-politikaren azterketa Euskal Autonomi Erkidegoko Lurralde Plangintzan’ izenekoak, bestalde, Euskadin izandako lege garapenean eta egindako jarduketetan jarri du bere arreta.

Lurralde antolamenduaren eskumena orain dela urte asko transferitua izan bazitzaion ere Euskal Herriari, 90/2014 Dekretua onartu zen arte ez ziren paisaiaren lurralde antolakuntza era estandarizatu batean arautzen hasi, aipatua babesteko, kudeatzeko eta antolatzeko instrumentuak identifikatuz paisaiaren Katalogoen, paisaiaren Zehaztapenen, paisaiari buruzko Ekintza planen eta paisaia integratzeko Azterketen bitartez. Paula Perez ikaslearen ustez, halere, bide luze eta zaila dago egiteko oraindik aipatu dekretua garatu ahal izateko.

“Aipatu Dekretua onartu zenetik lau eremu funtzionaleko Paisaiaren katalogoak egin dira eta horietako hiruk bakarrik jasotzen dituzte Paisaiaren Zehaztapenak, Dekretua onartu baino lehen eginak. Lau urte hauetan, hasierako onarpena baino ez da lortu, baina Paisaiaren katalogo asko daude egiteke oraindik. Honela, irizpide bateratuak aplikatu gabe, Euskal Autonomia Erkidegoan Paisaiaren katalogo ezberdinen batuketa egin da, lurralde antolamenduko politiken arloan hartu behar diren erabakiak zailduz ondorioz”, azpimarratu du.

«Administrazio mailako mugek lurraldea mugatzen badute ere, paisaiak ez luke gauza bera egin behar»

Ikasle honek bere lanean ondorioztatzen duenez, orduan, Paisaiaren katalogoak egiterakoan inguruko lurraldeak aintzat hartu beharko lirateke, ez bakarrik paisaia aztertzeko metodoa; bai eta irizpide bateratuak aplikatu ere. “Administrazio mailako mugek lurraldea mugatzen badute ere, paisaiak ez luke gauza bera egin behar, beste dimentsio mota bat integratzen baitu. Horrenbestez, muga zorrotz horietan oinarritutako paisaiaren azterketak errealitatearen mugatzea dakar ere, termino murritzailetan. Paisaia, ordea, etenik gabeko errealitate aldakor bat da”.

Egoera horrekin topatu arren, paisaiari buruzko politikak "utopiatik urrun" daudela uste du Paula Perezek, nahiz eta asko dagoen egiteko oraindik eremu horretan. “Lurralde mailako erronkei ikuspegi bateratu batetik heldu behar diegu eta tokiko mailatik goragoko ikuspegi batetik, lurraldea bere osotasunean aztertu eta paisaien arteko harremanak ikusi ahal izateko. Horretarako, kontsekuente izan beharra dago paisaia unitateak ezartzerakoan, lurralde antolamenduaren ezaugarriei erreparatuz eta Paisaiaren Europako Hitzarmenak dioen bezalaxe, paisaia, bere osotasunean, funtsezko osagaia izan dadin lurraldearen antolamenduan”, amaitzen du.