euskaraespañol

Zabor elektronikoak balio energetikoa du

Plaka elektronikoetako plastiko-hondarretatik abiatuta hidrogenoa berreskuratzeko sistema bat garatu dute UPV/EHUn

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2015/03/11

Joseba Andoni Salbidegoitia ikerketan erabilitako ekipoaren ondoan.
Joseba Andoni Salbidegoitia ikerketan erabilitako ekipoaren ondoan.

Zaborretako plaka elektronikoetatik hidrogeno garbia, erregai gisa erabil daitekeena, lortzeko sistema bat garatu du Andoni Salbidegoitia UPV/EHUko ikertzaileak, nazioarteko beste ikertzaile batzuekin batera. Dagoeneko, ikertzaileek prozesuaren patentea erregistratu dute Japonian.

UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Ingeniaritza Kimikoko Saileko Ingurumenaren Iraunkortasunerako Teknologia Kimikoak (TQSA) ikerketa-taldearen helburua da plastiko-hondarrak eraginkortasun handienaz aprobetxatzea, ingurumenaren, energiaren eta ekonomiaren ikuspegitik.

Plastikoak petroliotik eratortzen direnez, hondakin gisa baino gehiago, lehengai-iturri eta energia erabilgarrien iturri gisa hartu behar dira. Tratatzen zailak diren hondakin plastikoentzako tratamendu-aukerak garatzen ari da Andoni Salbidegoitia ikertzailea; hain zuzen ere, plastiko horiek duten konposizioagatik edo beste substantzia batzuekin oso nahasita daudelako haiek bereiztea oso zaila izateagatik dira tratatzen zailak.

Hidrogeno garbia, hondakin elektronikoetatik abiatuta
Japoniako National Institute of Advanced Industrial Science and Technology institutuan ikerketa-egonaldi bat egin du Salbidegoitiak, eta patente bat eragin duen ikerketa batean hartu du parte: hidrogeno garbia —erregai gisa erabil daitekeena— lortzea zaborretako osagai elektronikoetatik abiatuta, gasifikazio-prozesu baten bidez. Gaur egun, herrialde aurreratuetan, esponentzialki ari dira ugaritzen osagai elektronikoetako hondakin plastikoak; hondakin horiek tratamendu berezia behar dute, metal ugari baitute, oso baliotsuak eta berreskuratu beharrekoak. Prozesuan, hondakinak ur-lurrunarekin tratatzen dira, hondakinetako metalek katalizatzaile gisa jarduten dute, eta, baldintza jakin batzuetan, hidrogeno gasa lortzen da: gero eta indar handiagoa hartzen ari den erregaia, baina oztopo garrantzitsu bat duena, hots, biltegiratzea.

Gasifikazio-prozesua industrian erabil daiteke, prozesua erabat ebatzita baitago. Berez, Japonian "hondakin plastikoen gasifikazioa erabat ezarrita dago industria mailan —azaldu du Salbidegoitiak—. Hemen erabili ahal izateko, inbertsio ekonomikoaz gainera, lortzen den erregai produktua nola eta non erabili bilatu beharko litzateke".

Informazio osagarria
Joseba Andoni Salbidegoitia (Bilbo, 1984) 2010ean sartu zen TQSA ikerketa-taldera, lehenbizi master-amaierako lana garatzeko eta, gero, doktore-tesia egiteko. Doktore-tesia Juan Ramón González Velasco eta M. Pilar González Marcos irakasleen zuzendaritzapean egiten ari da, Eusko Jaurlaritzaren beka batekin.

Lankidetzan ari da Japoniako National Institute of Advanced Industrial Science and Technology (AIST) institutuko EMTech taldeko Tohru Kamo irakaslearekin eta Indian Institute of Petroleum institutuko Thallada Bhaskar doktorearekin. Plastiko-hondakinetatik energia berreskuratzearen arloan ikertzaile handiak dira biak ere.

Joseba Andoni Salbidegoitia Samperiok, Tohru Kamok eta Thallada Bhaskar-ek garatutako patentea hau da: Technology and apparatus for recovering of valuable materials from e-waste by using steam gasification.

Erreferentzia bibliografikoak
Book chapter 19: Thallada Bhaskar, Joseba Andoni Salbidegoitia and Tohru Kamo, "Effective and Environment friendly Processes for Waste Plastics utilization". Solutions to Environmental Challenges through Innovations in Research, Asiatech Publishers Inc. 2013.

J.A. Salbidegoitia, E.G. Fuentes-Ordóñez, M.P. González-Marcos, J.R. González-Velasco, T. Bhaskar, T. Kamo. "Steam gasification of printed circuit board from e-waste: Effect of coexisting nickel to hydrogen production". Fuel Process Technol 133 (2015) 69. I.F.: 3.707.