euskaraespañol

Ez dago eztabaidarik komunikabide digitaletako albiste-irakurleen iruzkinetan

UPV/EHUk Espainiako estatuko hiru komunikabide natibo digital nagusien erabiltzaileen iruzkinak aztertu ditu

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2021/12/15

Orge Castellano
Orge Castellano. Argazkiak: Mitxi. UPV/EHU.

UPV/EHUko Kazetaritza II sailean egindako azterlan batean, ElDiario.es, ElEspañol.com eta ElConfidencial.com hedabide digitaletako irakurleen parte-hartzea aztertu dute, eta erabiltzaileek komunikabide horietan eta haien sare sozialetako kontu ofizialetan egindako iruzkinen etika diskurtsiboaren dinamika analizatu. Irakurleek hiru egunkari digital horietan egiten dituzten iruzkinak aztertuta, ondoriozta daiteke iruzkinak ez direla egiten eztabaidatzeko helburuarekin.

ElDiario.es, ElEspañol.com eta ElConfidencial.com komunikabide digitalek 2019ko otsailaren 1etik martxoaren 27ra argitaratutako 704 artikuluren datu-multzo bat, eta albisteen irakurleek egindako 98.426 iruzkin eta sare sozialetan (komunikabide horien Twitter eta Facebook-eko kontu ofizialetan) bildutako 56.611 iruzkin aztertu ditu Orge Castellano kazetariak, UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko Kazetaritza II sailean. “Espainiako estatuan egiten den mota honetako lehenengo azterketa da, eta, gainera, lehenengo aldia da komunikabide digitalak soilik aztertzen direla —azaldu du Orge Castellano UPV/EHUko Gizarte Komunikazioko doktoreak—. Ez ditugu paperean inprimatutako komunikabide tradizionalak sartu, Interneten jaiotako komunikabide nagusiak baizik, aro digitalean jaiotakoak. Hori oso interesgarria da, oso bestelako dinamikak baitituzte: komunikabide guztiz digitalak dira, eta, publizitateaz gainera, beren harpidedunei esker egiten dute aurrera, Interneten beren albisteak irakurri nahi dituen jendeari esker”.

Iruzkinen laginak aztertu dituzte hainbat alderdi identifikatzeko: “iruzkinetan zer hizkera erabili den, elkarrizketa badagoen edo ez, solaskideen arteko aintzatespena, haien arteko errespetuzko tratua, beste partaide batzuen argudioak onartzen diren, bai eta eztabaidetako diskurtsoaren alderdi logiko eta koherenteak ere”. Eta, hala, ondorioztatu dute “iruzkinak ez direla egiten eztabaidatzeko helburuarekin. Erabiltzaileen % 72,6k iruzkin bakarra egin zuten aztertutako aldian: berri asko iruzkintzen ditu, baina behin bakarrik”, erantsi du Castellanok.

Egozentrismo digitala

“Iruzkin bakun asko izateak irakurleen arteko elkarrizketa arina eragozten du, eta eztabaida zatikatu egiten du”, dio. Castellano doktorearen iritziz, “jendeak ez du akordiorik lortu nahi, ez du eztabaidatu nahi; nork bere iritzia bota eta kito, besterik ez du nahi. Eta elkarrizketa zatikatuta dagoenean, ezin da ez eztabaidarik izan ez iritzi publikorik eratu”.

Era berean, azterlanak erakusten du hedabideetako iruzkinen atalean izaten diren eztabaidek kalitate eskaseko profila daukatela. Iruzkin gehienak hutsalak izaten jarraitzen dute eztabaidatzen ari den gaiari dagokionez, eta erabiltzaile gehienek ez dute albistearen gaia ardatz gisa hartzen. Gainera, gutxi dira argumentatzen saiatzen diren erabiltzaileak. Erabiltzaileek gutxitan babesten dituzte beste erabiltzaile baten argudioak edo gutxitan aipatzen edo adierazten dituzte beste iturri batzuk.

Sare sozialetarako bildutako datuen arteko aldea algoritmo moderatzaileen eraginkortasunaren ondorioa izan daiteke; izan ere, iruzkintzen den gaiarekin zerikusirik ez duten kalitate txikiko edukiak sailkatzen dituzte. Kazetariak dioenez, “sare sozialetan, argudio gehiago ikusten dira, iruzkinak gehiago iragazten baitira. Algoritmoek gako-hitzak erabiliz sailkatzen dituzte iruzkinak”.

Bestalde, azterketak erakusten du, oro har, ekarpen guztien % 12,7k deskalifikazioak dituela. “Aipatu beharra dago aurrerapen teknologikoek sistema moderatzaile sendoagoak eta automatikoak eragin dituztela, eta, horiei esker, irainak iruzkinen ataletik urrun geratzen dira. Hala ere, oraindik ere iruzkin negatibo asko daude”, dio Castellanok.

Oro har, “kazetariak ez dira albisteen iruzkinetara sartzen. Salbuespen gutxi batzuetan baino ez dira sartzen kazetariak iruzkinetan, haiek argitzeko, azalpenak emateko eta argudiatzeko. Hala, komunikabideak ere galtzaile ateratzen dira, iruzkin horiei kasurik ez egitean. Baina egia da zarata handia dagoenez ez dietela kasurik egiten. Ez dute iruzkinen atala kentzen, ordea, prentsa-askatasuna aintzat hartuta. Uste dute irakurleek badutela iruzkinak egiteko eta iritzia emateko askatasuna eta eskubidea. Beraz, atal hori erregulatu besterik ez dute egiten; oraingo joera nagusia da iruzkintzeko aukera harpidedunei soilik ematea”, dio. Azkenik, Castellanok azpimarratu duenez, “oraindik lan asko dago egiteko etika diskurtsiboa, interakzioak eta pertsonek albisteetan duten parte-hartzea aztertzeko, alderdi guztietan”.

Informazio osagarria

Ikerlan hau Orge Castellanok egindako doktore-tesiaren barruan kokatzen da (Commenting Natively: User-engagement Dynamics Below the Line within Spanish Digital Newspapers). Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko Kazetaritza II saileko irakasle diren Koldobika Meso Ayerdik eta Simón Peña Fernándezek zuzendu dute tesia.