euskaraespañol

Zauri kronikoentzako apositu berria

UPV/EHUko ikertzaileek sortuta, polimero biodegradagarri baten nanoehunez, aloe veraz eta nanopartikula lipidikoz osatua dago

Lehenengo argitaratze data: 2019/03/18

Itxaso García Orue
Itxaso García Orue. Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.

International Journal of Pharmaceutics aldizkariak berriki argitaratu du ‘Composite nanofibrous membranes of PLGA/Aloe vera containing lipd nanoparticles for wound dressing applications’ azterlana. Lan horrek zauri kronikoak tratatzeko apositu berri bat garatu du, eta horrek bigarren larruazal gisa balio du, zauria babestu, hidratatu eta orbaintzeko prozesua errazten du.

Apositu hori polimero biodegradagarri baten (PLGAren) nanoehunez, aloe veraz eta nanopartikula lipidikoez osatuta dago, eta elektrospinning edo elektroardazketa bidez lortzen da. Ehunak fabrikatzeko teknika horren oinarria hainbat kontzeptu elektromagnetiko dira, esaterako, karga elektrostatikoa. Bertan, soluzioak, orokorrean polimerikoa, kargaren eraginez tamaina ezberdinetako ehunak lortzen ditu. Elektroardazketak hainbat ezaugarri eskaintzen dizkie garatutako elementuei, hala nola, azalera zabala alor unitate bakoitzeko, porositatea eta hainbat propietate mekaniko; bioteknologikoki erakargarri bihurtzen dute.

Itxaso García Orue azterlaneko egile eta Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Farmazia Fakultateko NanoBioCel Taldeko kideak adierazi duenez, “Propietate ugaltzaileak dituen Aloe vera txertatu dugunez, aposituak fibroblastoak ugaltzea hobetu ahal izan zuen, in vitro azterketa batean. Halaber, arratoi diabetikoetan egindako orbaintze azterlan batean, aposituak nabarmen lagundu zuen zauria ixten, berrepitelizazioa gauzatzen eta hanturazko prozesua ebazten. Nanopartikula lipidikoak txertatzean, aposituaren propietate mekanikoak eta lodiera hobetu ziren, eta berau manipulatu eta aplikatzea erraztu zuen”.

Argitaratu berri den lanerako bi hesgailu garatu ziren. Lehenengoari PLGA eta Aloe vera emultsio bat erantsi zitzaion (1:1), eta bigarrenari aurrez aipatutako emultsioari nanopartikula lipidikoak (NLC) gehitu zitzaizkion. Osagai lipidiko hori apositua zaurira itsastea ekidin eta maneiua hobetzeko gehitu zen. Bi aposituok antzerako ezaugarriak eta emaitza berak eman zituzten zauriak orbaintzeko eraginkortasunari dagokionez, PLGA-AV-NLC formulazioan maneiu hobea hauteman bazen ere elastikotasun eta lodierari dagokienez. “Hortaz, PLGA-AV-NLC mintz nanofibrosoa izan daiteke zauri kronikoak tratatzeko estrategia onena, NLC gabe lortutakoaren alboan maneiu hobea baitu”, ondorioztatu du ikertzaileak.

Erreferentzia bibliografikoa