euskaraespañol

UPV/EHUk Gipuzkoako industria ereduaren jatorriak aztertu ditu liburu batean

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2018/02/07

Isabel Mugartegui eta Elena Catalán
Isabel Mugartegui eta Elena Catalán. Argazkia: UPV/EHU.

Liburuak Gipuzkoako industrializazioaren ezaugarririk adierazgarrienak zehaztu eta biribildu ziren garaiari buruzko ikuspegi berria eskaintzen du, sektore bakoitzaren ekoizpen-egitura nahiz egitura hura garatzea ahalbidetu zuen inbertsioa kontuan hartuta.

Gipuzkoako industria ereduaren erroak XX. mendearen hasieran daude. Joan den mendeko lehenengo herenean Gipuzkoako industria, Madrilekoaren, Bartzelonakoaren eta Bilbokoaren ondoren, Estatuko industriaren bide urratzailea izan zen inbertitutako kapitalari dagokionez. Une hartan, hogeiko hamarkadako Gipuzkoako industrian zehazki, adar tradizionalek eta ekipo-ondasunak eta bitartekoak ekoizten zituzten beste adar berri batzuek elkarren ondoan jardun zuten. Lehengaiak eta gai osagarriak barne-merkatuak hornitzen zituen –altzairu berezi, produktu kimiko edo kolonietako produktu batzuk izan ezik–, eta eskaera endogenoari erantzuteko manufakturatzen ziren. Salbuespena armak, damaskinatuak, alpargatak eta kontserbak izan ziren, nazioarteko merkatuetan ezohiko proiekzioa izan zuten sektoreak, alegia.

UPV/EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko Elena Catalán eta Isabel Mugartegui irakasleek idatzi duten eta Argitalpen Zerbitzuak argitaratu duen Gipuzkoa industrial (1886-1924) liburuak Gipuzkoako industrializazioaren ezaugarririk adierazgarrienak zehaztu eta biribildu ziren garaiari buruzko ikuspegi berria eskaintzen du, sektore bakoitzaren ekoizpen-egitura eta garapen hura ahalbidetu zuen inbertsioa kontuan hartuta.

Egileek erreferentzia gisa hartu dituzte Foru Ogasunak, probintziako kontribuzio oinarria ekonomiaren eta industriaren hedapenera egokitzeko eta, era horretara, kupo berria negoziatzeko, probintziako enpresei helarazi zien galdeketako datuak. “3.000 enpresak baino gehiagok erantzun zioten inkestari –azaldu du Elena Catalán irakasleak–, eta inbertsioari, enpleguari, indar eragileari, erregaiei, ekoizpen-prozesuan erabilitako lehengaiei eta gai osagarriei buruzko eta industria sektore guztien eta bakoitzaren, ez bakarrik ezagunenen, outputari buruzko datuak eman zituzten. Argazki finko hori ikuspegi ebolutibo batekin osatu da, aurretik egindako industria erroldak erabilita, bereziki 1860koa, 1908koa eta 1915ekoa, era horretara beste dimentsio bat hartu dutenak. Era berean, erroldako datuak Gipuzkoako Merkataritza Erregistrokoekin (RMG-GME), 1886tik 1926ra artekoekin, osatu ditugu, eta sare-analisien bidez aztertuta (ARS) inbertsioaren ezaugarriei buruzko giltza berriak ematen dizkigute”.

Industria errolden eta merkataritza erregistroen azterketa bateratua egin ondoren, UPV/EHUko irakasle hauek egiaztatu dute Gipuzkoak XIX. mendean utzi ziola ola eta armagintza nagusi zituen probintzia izateari modernizazio prozesu bati ekiteko, XX. mendearen lehenengo herenean Espainiako probintziarik industrializatuenetakoa izatera eraman zuena.

 “Aduanak kostaldera eramateak, siderurgia tradizionalaren krisiak eta monarkiaren politika protekzionistak Euskal Herriko geografia esparrua gainditzen zuen barne-merkatu erakargarria garatzen lagundu zuten. Merkatu babestu hori zabaldu izanak eskaera ziurtatzen zuen eta eskaintzaren ikuspegitik, berriz, kapital finko merkea nahiz jadanik erabiltzen ez ziren asmakuntza hidraulikoak eskuratu zitzaketen jarduerak lehenetsi ziren. Alde horretatik, nobleziak eginkizun erabakigarria izan zuen; izan ere, bere azpiegiturak ahalik eta ongien erabiltzeko bidea aurkitu zuen industria berriak horietan instalatzeko aukera emanez burdinaren manufakturarekin edo molturazioarekin zerikusi handirik ez zuten jarduerak bertan gauzatzeko. Horixe da industrializazioaren lehenengo fasean lurrunaren gainetik ura, eta, aurrerago, hidroelektrizitatea edota industria bakoitzak bere zentrala izatea (Gipuzkoako industriaren ezaugarri erabat arrunta), gailendu izanaren arrazoia”, azpimarratu du Catalánek.

Baina enpresa berriei bultzada emateko behar zen kapitala ez zen horien jabeetatik iritsi, Frantziako teknikariekin eta merkatariekin bat eginda, Espainiako merkatu hasiberrian finkatu nahi zuten “industriako” teknikarietatik eta merkataritzaren sektoretik baizik. Horrela, lehenbizi kontsumo-ondasunen industria txiki bat garatu zen, bere ezaugarriak zirela eta energia, ekipamendu tekniko eta finantza-baliabide gutxiago behar baitzituen abian jartzeko. Hortik abiatuta adar berriak sortu ziren industrian, besteak beste, papergintza eta zementugintza, eta Estatuko merkatuan lehenak izatera iritsi ziren. Bigarrenez, siderurgia metalurgiaren sektoreak berak eraldatu zuen, eta atzeratuta eta gainbehera zetorren industria merkatuaren eskaera berriei azkar eta malgutasunez erantzuteko gai zen industria modernoa bihurtzen jakin zuen. Industria horrek guztiak eragin handia izan zuen hazkunde ekonomikoan, eta eragin horiek XX. mendearen lehenengo herenean izan ziren argiak eta erabakigarriak.

 “Lehen Mundu Gerraren testuinguruan –jarraitu du esanez Elena Catalán irakasleak–, eta gerraren ondoren, elkarte-eredu tradizionalak –elkarte kolektiboak edo komanditarioak– eskaintzen zuena baino malgutasun handiagoa eta diru gehiago eskatzen zuten inbertsio berriei zabaldu zitzaien atea, baina familiako edo bertako izate hori galdu gabe. Normalean, eta 1916tik aurrera sozietate anonimo asko eratu baziren ere, Gipuzkoako industriariek sustatu zuten ekonomiaren garapena, hain zuzen ere, euren baliabideak dibertsifikatu zituztenean ezagutzen zituzten esparruetan nahiz berriak ziren eta etorkizun handia zuten beste batzuetan. Elkarte-harremanen analisiak agerian jartzen du Gipuzkoako enpresa-egitura aldatu egin zela: oso banatuta zegoen eta ezagutzen zituzten jardueretan interesa zuten inbertsiogile txiki asko zituen egitura batetik antolatuagoa eta konplexuagoa zen beste egitura batera, negozio elektrikoak edo finantzarioak ere barne hartzen zituena, ekimen eta dinamismo handia erakutsiz”.

Liburuan 1923-1924ko Industria Ekoizpenaren Erroldako datuak jaso dira, eta erakusten dute orduko industriak oraindik “heldutasunik eza agerian uzten zuten ezaugarriak zituela bai inbertsio-formuletan bai indar eragile gisa energia hidraulikoari lotuta jarraitzen zuten eta eskulan intentsiboa eskatzen zuten jarduera tradizionalei, hala nola, ehoketari, metalurgiari edo zerrategiei, lotutako establezimendu ugari mantendu izanean. Hala eta guztiz ere, ur-baliabideak eskuratzeko erraztasunari esker elektrizitatea indartsu sartu zen eta sektore gehienak modernizatu ziren, eta erabakigarritasunez integratu zituzten, banaka edo taldean, zentral hidroelektrikoak lantegian bertan”.

Gipuzkoa industrial (1886-1924) liburuaren egileen hitzetan, Gipuzkoako industriak jakin egin zuen enpresa txikiaren eta ertainaren esparruan hazten eta dibertsifikatzen, hain zuzen ere, barneko merkatu babestuak eskaintzen zituen negozio hobiez baliatuz. “Probintziaren ezaugarri fisikoak mesedegarriak izan ziren enpresak geografikoki taldekatzeko eta elkarte-harremanak gertuko inguru batean sendotzeko, eta horrek ekarri zuen industria barrutiak sortzea, Gipuzkoako ereduaren ezaugarri dena eta enpresa handiek eta finantza-kapitalak menderatzen zituzten beste batzuetatik bereizten duena. Kapitalen sektore arteko transferentziarentzat mesedegarria izan zen, zalantzarik gabe, industria multzo horietan gizarte-kapital handia izateak. Eta horrek bultzatu zuen “kolaboratiboa” dei dezakegun enpresa-antolaketa, industriari txikiei proiektu kolektiboetan parte hartzeko aukera ematen ziena sargaiez eta indarraz hornitzeko, eta horrekin beste testuinguru batean ezinezkoa izango zen lehiakortasuna lortzen zuten”.

Ahalegin inbertsiogile hori batez ere bi sektoretara iritsi zen, papergintzara eta metalurgiara, alegia, eta hogeiko hamarkadan Gipuzkoako industriaren hegemonia lortzeko lehiatu ziren. Papergintzak kapital eta energia ugari behar zituen, eta Espainian Papelera Españolak eratu zuen karteleko kide izateak baldintzatzen zuen. Hala eta guztiz ere, nortasun propioa zuen, paper berezietan, kartoietan eta enbalajeetan espezializatu baitzen eta, gainera, Espainiako argitaletxeen munduko kapitalistak erakarri baitzituen. Metalurgiak, berriz, Antzinako Erregimeneko manufaktura-industriaren lekukoa hartu zuen, eta modernizatu eta eskakizun tekniko eta energetiko eta eskaera berrietara egokitu zuen. Gipuzkoako langileen % 30i lana ematen zieten lantegi txikiak eta familiako edo kolektiboen enpresa txikiak Deba haranean zehar barreiatu ziren eta XX. mendean Gipuzkoaren ikur izatera iritsi zen espezializazio produktiboa eratu zuten.

1923-1924ko Industria Ekoizpenaren Erroldan argi ikusten da lehenengo industria iraultzan aitzindariak izan ziren industrien gainbehera eta bigarrenari lotutako beste batzuen goraldia. “XIX. mendean gailendu zen elikagaien industriak eraldatzea eta bere egitura dibertsifikatzea lortu bazuen ere –likoreak eta irin, txokolate eta kontserba lantegiak–, ez zuen lortu industrian ordura arte izandako garrantziaren gainbehera geldiaraztea. Gauza bera esan daiteke ehungintzaz ere, eta Gipuzkoako merkatuaren eskaerari erantzutera bideratu zen, alpargatagintzaren edo jantzigintzaren kasuan izan ezik. Beste aldean, eraikuntzarako materialek, bereziki Portland zementuak, petrolioaren fintzeak edo destilakinek etorkizuneko apustua zirela erakutsi zuten, baita Espainiako industriaren esparruan ere, eta ibilbide erabat berritzaileari ekin zioten", adierazi du Elena Catalán irakasleak.