euskaraespañol

2021eko saria historia garaikideko libururik onenari

Antonio Rivera irakasleak Juan José Carreras Ares saria irabazi du ‘1973. El día en que ETA puso en jaque al régimen franquista’ liburuarekin

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2022/06/09

Irudia
Antonio Rivera saritutako liburuarekin. Argazkia: UPV/EHU.

Juan José Carreras Ares sariko epaimahaiak erabaki du Antonio Rivera irakasleari ematea autore indibidual batek 2021ean argitaratutako historia garaikideko monografiarik onenaren saria, honako liburu honengatik: ‘20 de diciembre de 1973. El día en que ETA puso en jaque al régimen franquista’.

Sari hori Historia Garaikideko Elkarteak banatzen dituenetako bat da, eta 2017an eman zuen lehen aldiz. Historia Garaikideko Elkartea 1998an sortu zen, historia garaikidearekin zerikusia duten gaien ikerketa, irakaskuntza eta argitalpenak sustatzeko.

Saritutako liburuak Espainiako gobernuko presidente Luis Carrero Blancoren hilketa jorratzen du, mugarri izan zena ETA talde terroristaren ibilbidean. «Ogro» operazioaren arrakastak areagotu egin zuen ETAren itzala Espainiako estatuan eta nazioartean, hiru urte lehenago Burgosko prozesuaren eta heriotza zigorren kontrako protestekin hasitako bidetik. Erakundearen hasierako asmoa abertzaletasun tradizionala gainditzea izan zen, pasibotasuna leporatzen baitzion, eta orain, erregimenaren jarraipena oztopatuta, antifrankismoaren erreferentzia nagusi bihurtu zen.

Antonio Rivera Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Historia Garaikidea saileko katedraduna da, eta, 2020ko urriaz geroztik, Valentin de Foronda Gizarte Historiaren Unibertsitate Institutuko zuzendaria.

Epaimahaia Ángeles Barrio, Luis Castells, Miguel Martorell, Pedro Ruiz Torres eta Carme Molinero irakasleek osatu zuten, Molinero andrea epaimahaiburu zela.