euskaraespañol

Michelin-ek gradu amaierako lan onenak saritu ditu Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolan

Michelin sarien helburua da ikasleen bikaintasuna agerian uztea eta irakasleei beren lana eta arduraldia aitortzea

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2018/02/08

Ezkerretik eskuinera Jesús Mª Auzmendi González, Felipe García Martín, Laura Martínez, Xabier Ostolaza, Faustino Mujika eta Luis Jaime de la Cal del Río.
Ezkerretik eskuinera Jesús Mª Auzmendi González, Felipe García Martín, Laura Martínez, Xabier Ostolaza, Faustino Mujika eta Luis Jaime de la Cal del Río. Argazkia: UPV/EHU.

Sariok Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) eta Lasarte-Oriako Michelin-eko Ekoizpen Guneak sinatutako lankidetza hitzarmenaren ondorio dira, eta unibertsitatea eta enpresa hurbilaraztea dute helburu, batetik, eta, bestetik, graduatuen laneratzea ahalbidetzea ere bai.

Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolan eman diote Michelin Saria, haren lehen edizioan, berrikuntza, diseinu eta kalitateari buruzko gradu amaierako lan onenari. Azken mailako ikasleentzat antolatutako prestakuntza jardunaldiak amaitzeko, ‘Michelin Saria berrikuntza, diseinu eta kalitateari buruzko gradu amaierako lan onenari’ eman da. Aipatutako jardunaldietan, Michelin-eko prestakuntza sailarekin elkarlanean, hainbat gai izan dira hizpide, hala nola negozioaren kudeaketa, talde lana eta bileretako animazioa. Lehen edizio honetan, 1.800 euroko beka, saria oroitzeko plaka eta diploma Laura Martínez Ingeniaritza Mekanikoko Graduko ikasleak aurkeztutako lanerako izan dira: ‘Identificación de parámetros en ensayos térmicos de componentes espaciales’.

Hauek dira ekitaldian parte hartu dutenak: Xabier Ostolaza Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako zuzendaria, Felipe García Lasarte-Oriako Michelin lantegiko zuzendaria, Ugutz Garitanoaindia Gipuzkoako Ingeniaritzako Eskolako Ikasleen eta Gizarte Erantzukizunaren zuzendariordea, eta Jesús Auzmendi Lasarte-Oriako Michelin enpresako langileen arduraduna. Sarituak eskolako ikaskide batzuk izan ditu lagun, baita Ignacio Garmendia tutorea ere, aitortza diploma bat jaso duena proiektu irabazleari eskainitako arduraldia eta aholkularitzagatik.

Sariok UPV/EHUk eta MICHELINek sinatutako lankidetza hitzarmenaren ondorioz sortuak dira, eta hainbat jardun arlo hartzen ditu kontuan, honako hauek bereziki:

- Eskolak, Michelin enpresako langile espezializatuekin elkarlanean, hainbat prestakuntza jarduera antolatzen ditu enpresako garapen profesionalari lotutako alderdien gainean.
- Ikasleek praktikak eta gradu amaierako lanak egiten dituzte Michelin-en.
- Michelin enpresako instalazioak bisitatzen dira, ikasleen eta irakasleen industria prozesuei buruzko ezagutza bultzatzeko, bi erakundeetako I+G+B taldeetako informazioa elkarri eman eta bien arteko elkarlana sustatzeko.
- Bi erakundeen arteko elkarlana Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako titulazioetako ikasle tituludunen laneratzea ahalbidetzeko.

Laster argitaratuko da sari hauen bigarren edizioaren deialdia:

- 1.800 euroko beka eta diploma bat berrikuntza, diseinua eta kalitatea batzen dituen gradu amaierako proiektu onenari.
- 600 euroko beka eta diploma bat berrikuntzari buruzko gradu amaierako proiektu onenari.
- 600 euroko beka eta diploma bat diseinuari buruzko gradu amaierako proiektu onenari.
- 600 euroko beka eta diploma bat kalitateari buruzko gradu amaierako proiektu onenari.

Ekitaldira bertaratutako ikasleak animatu dituzte bi zentroetako zuzendariek, beren hitzaldietan, sarien bigarren edizioan parte hartzera.