euskaraespañol

Zer eta nola jan: elikadura gomendioak berrogeialdirako

COVID-19ak eragindako itxialdi honetan elikatze ohitura osasungarriak mantentzeko aholku batzuk eskaintzen dizkigu Bittor Rodríguez irakasleak

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2020/04/15

Irudia
Argazkia: Daria Obymaha (Pexels).

Etxe barruan hainbeste denbora pasatzea tokatzen zaigun egunotan elikadura zaintzea inoiz baino garrantzitsuagoa da. Beraz, egoera lasaitasunez hartzeaz gain, bide batez, gure elikadura ohiturak egokitzeko erabili dezakegu denbora.
Kontutan hartu behar da jateko denbora gehiago eta jarduera fisikorako denbora gutxiago (gastu energetiko gutxiago, beraz) dugula. Beraz lagungarri izango da elikadura arin bat egitea: energian neurritsua eta zuntz eta uretan aberatsa. Barazkiak eta frutak izango ditugu lagun gure dietaren protagonista bihurtzen baditugu.
Hona hemen Farmazia Fakultateko irakasle Bittor Rodriguezek prestatutako gomendioak:


PLANIFIKATU

  • Menua planifikatu, honakoa kontuan izanda:
    • Plater osasungarriaren proposamenera hurbiltzea.
    • Egunero bazkarian zein afarian barazkiak kontsumitzea. Beste edozein otordutan ere, adibidez, askarian, ogitarteko begetala hartuz. Zenbat eta gehiago, hobe!
    • Otordu nagusietan proteina iturri garbiak tartekatzea: lekaleak, arraina, arrautza, haragi txuria edo gihartsua.
  • Denbora asko izango dugunez, ordu artean jateko tentazioa askotan agertuko da. Prestatu ‘tentazioentzako txokoa’ mokadu osasungarriekin: fruta freskoa zein deshidratatua, gatz gabeko fruitu lehor gordinak, infusioak eta motakoak.
  • Gogoratu planifikazio honetan umeak inplikatzea, etxeko antolaketari buruz ikasteko aukera paregabea baita!

ASTEAN BEHIN EROSI

  • Planifikatutako menuaren arabera eta egin erosketak ahal den gertuen.
  • Aste bat edo gehiagorako produktuak erosterakoan, sasoiko frutak eta barazkiak bihurtu protagonista.
  • Lekale desberdinak erosi, aste askotarako elikagai osasungarri eta merke honetaz baliatu.
  • Arraina freskoa erosi jarraian jateko eta izoztuta astean zehar kontsumitzeko.
  • Ez ahaztu arrautzez! Iraungitze luzea dute eta hainbat eratan prestatu daitezke, merkeak izateaz gain.
  • Ogi-opil txikiak aproposak dira izozteko (integrala hobe) eta ateratzeko beharra murrizteko.
  • -Aldez aurretik prestatutako elikagaiez ahaztu, sukaldatzeko inoiz baino denbora gehiago daukazu!

SUKALDATU

  • Garbitasuna zaindu, eskuekin eta garbitu behar diren elikagaiekin kontu berezia izanda.
  • Ogia izoztea gustuko ez baduzu: ausartu etxeko ogia egiten! Zergatik ez?
  • Familian sukaldatzeko aukera paregabea daukazu, umeekin batera aukeratu menua eta denon artean sukaldatu.
  • Umeen gustukoak diren barazki-errezetak aurkitzeko aprobetxatu, aurrerantzean eskaintza desberdinagoa izan dezaten mahaian.
  • Familia zein lagunekin partekatu sukalde momentua bideo-deiak erabiliz. Aitaren eta amaren (edo aiton-amonen) errezetak ikasteko momentuaz baliatu.

BESTELAKO OHITURAK

  • Zaindu hidratazioa otorduetan eta eguneko edozein momentutan ura edan.
  • Gustukoa duzun jarduera fisikoa etxe barruan egitera moldatu, proposamen desberdin ugari aurkituko dituzu sarean.
  • Eguzki argia jasotzeko denbora hartu! Eguraldiak errazten badu eguneko une desberdinetan leihora ateraz edo leihotik gertu egonda (irakurtzen, musika entzuten…).