euskaraespañol

UPV/EHUko errektore Nekane Balluerkak bere agintaldiaren balorazio positiboa egin du gaurko Klaustroan

Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearen eraikin berriaren proiektuari emandako bultzada eta ENLIGHT unibertsitate partzuergoa, agintaldiko lorpen mugarriak

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2020/11/12

Nekane Balluerka errektoreak balantzea egin du klaustroan egin duen agerraldian
Nekane Balluerka errektoreak balantzea egin du klaustroan egin duen agerraldian. Argazkia: Tere ormazabal. UPV/EHU

Gaur goizean UPV/EHUko Klaustroaren ohiko bilera izan da Bizkaia Aretoan. Bileran erakundeko errektore Nekane Balluerkak 2019/2020 ikasturteko kudeaketa txostena aurkeztu du. Koronabirusaren pandemiaren ondorioz ezarritako segurtasun neurriak direla eta, ekitaldia erdipresentziala izan da: klaustrokide batzuk aretoan bertan izan dira, eta, gainerakoek, berriz, zuzenean jarraitu dute ekitaldia webgunearen bidez.

Gaur goizean UPV/EHUko Klaustroaren ohiko bilera izan da Bizkaia Aretoan. Bileran erakundeko errektore Nekane Balluerkak 2019/2020 ikasturteko kudeaketa txostena aurkeztu du. Koronabirusaren pandemiaren ondorioz ezarritako segurtasun neurriak direla eta, ekitaldia erdipresentziala izan da: klaustrokide batzuk aretoan bertan izan dira, eta, gainerakoek, berriz, zuzenean jarraitu dute ekitaldia  webgunearen bidez. 

Klaustroaren ohiko saio honetan unibertsitateko errektore Nekane Balluerkak iazko ikasturteko kudeaketa lanaren berri eman du, eta horren ostean azken lau urteotako (2017-2020) bere agintaldiaren balantzea egin du. 

Nekane Balluerkak amaitzear duen agintaldiaren balorazioa egin du: «Uste dut epe honetako lanaren emaitza ona izan dela, argi eta garbi. Lorpen nagusien artean azpimarratuko nituzke, batetik, lortu dugun finantzazio konpromisoa hemendik gutxira Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearen eraikin berria laster eraikitzeko; bestetik, Shanghaiko rankingean gora egin izana, munduko 400 unibertsitate onenen artean kokatu arte; eta, azkenik, goi mailako Europako unibertsitateen Enlight partzuergoa sortu izana beste unibertsitate batzuekin batera. Duda barik, Euskal Herriko Unibertsitateak badu erronkarik aurrean, baina uste dut lau urte hauetan urrats erabakigarriak egin ditugula norabide egokian».  

Bere hitzaldian errektoreak aipatu ditu, halaber, 2020ko pandemiak ekarritako arazoak: «Uste dut gure unibertsitateak jakin duela egoera honi erabakimenez eta adorez aurre egiten —esan du— eta hala esan dezaket, horren meritua kolektiboa izan delako. Salbuespen bakanekin, unibertsitateko kide guztiok ahalik eta modurik onenean egin diogu aurre gure erakundeak bere historian pairatu dituen krisi larrienetako bati. Horregatik, une honetan nagusitzen den sentimendua harrotasuna da, unibertsitateko kideok elkarrekin egin dugun ahalegin eskergagatik. Niri dagokidanez, harrotasun horri gehitzen zaio honen erantzukizun handiko kargua bete izana gure unibertsitatean, bere ahalegin eta sakrifizioekin, bai, baina baita horrek aldean dakarren ikaskuntza eta ilusioarekin ere». 

Bestalde, agintaldiaren balorazioan errektoreak nabarmendu du Erasmus Mundus kalifikazioa daukaten masterren kopurua handitu izana, bi izatetik zortzi izatera pasatu  baitira. Horrekin UPV/EHU bihurtu da zigilu hori daukaten graduondoko gehien dituen unibertsitatea estatu espainiarrean. Agintaldi honetan titulu bikoitzak ere indartu dira; hala, 2016/2017 ikasturtean, horrelako bi ematen ziren, eta ikasturte honetan hamabi izatera heldu dira. Horien arteko bat ingelesez osorik ematen den lehen titulu bikoitza da. Era berean, prestakuntza duala ere bultzatu da, eta gaur egun hamar titulazio daude modalitate horretan. UPV/EHUk lau gradu berri ezarri ditu (azkenekoa Adimen Artifizialekoa), eta bi ikastegi atxiki berri dauzka: Goi Mailako Online Institutua eta Elías Querejeta Zine Eskola. Gainera, eskaintza hori osatu du zeharkako gaitasunen gaineko ikastaroen katalogo zabal batez. Berezko tituluen kopurua ere % 74 igo da.  

Urtean 11.000 praktika 

Era berean, agintaldi honetan UPV/EHUk Enplegagarritasunaren eta Praktiken Atala sortu da, laguntza logistikoa ematen diena fakultate eta eskolei ikasleen praktikak kudeatzeko, bai curriculumeko praktikak eta bai borondatezkoak. Azken lau urteotan praktiketan kolaboratzen duten enpresen kopurua % 24 hazi da, eta horri esker dibertsifikatu egin dira ikasleek urtean egiten dituzten 11.000 praktikak. 

2019-2022 aldirako Ikerketa Planaren esparruan, deialdi berriak diseinatu dira proiektu handiak sustatzeko, diziplina artekoak eta beste erakunde eta enpresa batzuekin lankidetzan egitekoak, belaunaldi berriari txanda hartzeko bultzada emanez. 

Atal honetan, azpimarratzekoa da UPV/EHUk bere historiako lehen Nobel sariduna kontratatu duela orain gutxi Donostia International Physics Centerrekin lankidetzan: Albert Fert fisikari frantsesa, hain zuzen. 

Une honetan, UPV/EHUk ikerketari lotutako 55 milioi euro inguru eskuratzen ditu urtean. UPV/EHUk eskuratutako itzulkina Horizon2020 Europako Programan parte hartzearen ondorioz 24 milioi euro inguru izatera iritsi da. Argitalpen zientifikoei dagokienez, azken lau urteotan % 34 hazi da Web of Sciencen indexatutako artikuluen kopurua. 2019an 3.800 argitalpen baino gehiago egon ziren, horietako % 55 lehen kuartilean kokatuak. 

Sinatutako transferentzia kontratuen kopurua % 50 igo da, eta neurri berean handitu dira kontzeptu horretan lortutako sarrerak. Patenteak ere bikoiztu dira: urtean 22 patentetik gora egiten dira, eta oinarri teknologikoko bost enpresa sortzen dira urtean, bataz beste. 15 enpresa-ikasgela berri sortu dira, haietako bat UPV/EHU-Tecnalia lehen ikasgela teknologikoa.  

Egoera sanitario eta ekonomikoa konplikatua izanik ere, hiru azpiegitura zientifiko handi bultzatu dira: Micaela Portilla, Martina Casiano eta María Goyri guneak. Gainera, PharmaLabs 4.0 laborategiak sortu dira, eta sendotu da Fabrikazio Aeronautiko Aurreratuko Zentroa, 2017an inauguratua.  

Nazioarteko mugikortasuna, gora 

Nazioartekotzearen arloan, UPV/EHUk handitu egin du nazioarteko titulazio bikoitzen eskaintza, graduko bost titulazio bikoitz berrirekin eta masterreko hamar titulazio bikoitzekin. Azken lau urteetan, % 25etik gora hazi da ingelesez emandako graduko nahiz masterreko irakasgaien kopurua.  Bestalde, pandemia gorabehera, ikasleen kanporako mugikortasuna % 13 igo da, eta barrurako mugikortasuna, berriz, % 6. Horrela, UPV/EHUko ikasleen % 22k seihileko bat egiten du gutxienez atzerriko unibertsitate batean, eta, hortaz, uste baino askoz lehenago gainditu da Europar Batasunak 2020rako jarritako % 20aren helburua. 

Bere mintzaldian errektoreak azpimarratu du, bestalde, lehiaketa deialdi gogor batean UPV/EHUk bost milioi euroko babesa lortu duela ENLIGHTerako, hots, goi hezkuntzako maila handiko beste zortzi erakunderekin batera sortu duen Europako unibertsitateen partzuergorako.  

Nazioartekotzeko ahalegin horretan sakontzearekin batera, UPV/EHUk eutsi dio euskararekin duen konpromisoari. Graduko nahitaezko irakasgaien % 98 euskaraz ematen dira, 2017an baino lau puntu gehiago.  

Bestalde, hirukoiztu egin da euskaraz emandako berezko tituluen kopurua, eta % 6 igo da gure hizkuntzan egindako doktorego tesien kopurua. Era berean, «Doktore Euskaldunak» datu basea ere jarri da abian, eta dagoeneko 700 doktore inskribatu dira bertan. Gaur egun, irakasle-ikertzaileen % 61 euskara-gaztelania plaza elebidunetan daude, agintaldi honen hasieran baino 5 puntu gehiago. Azken lau urteotan unibertsitate mailako ia 300 testuliburu eta 60 ikasmaterial argitaratu dira euskaraz, besteak beste Hiztegi Juridikoa. 

Gizarte politiken arloan ekimen asko daude aipatzeko. III. Berdintasun Planaren eskutik abian jarri dira ekimen zehatz asko, tartean genero indarkerien aurkako protokolo espezifiko bat. EHUagenda 2030ek Garapen Jasangarriaren Helburuak txertatu ditu unibertsitatearen zereginean. Eta III. Inklusio Planaren bidez, zabalagotu egin da unibertsitatearen jarduna eremu horretan.  

Bestalde, errektorego taldearen asmoa izan da langileen lan baldintzak hobetzea, eta, ildo horretatik, finko bihurtu dira irakasle-ikertzaileen 447  plaza eta administrazio eta zerbitzuetako langileen 77 plaza. Nabarmentzekoa da 2018an lan eskaintza publiko bat onartu zela 38 plazarekin, eta 2019an beste bat administrazio eta zerbitzuetako langileen 635 plazarekin, UPV/EHUren historia osoan AZPkoei zuzendutako lan eskaintza publikorik handiena.  

Aparteko aipamena behar duten bi ekimen egon dira azpiegituren arloan: batetik, Galdakao-Usansoloko ospitalea unibertsitateari atxiki zaio ospitale elkartu gisa, eta horri esker, gainera, Medikuntzako Gradu osoa euskaraz egin ahal izango da; bestetik, Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearen eraikin berriaren proiektua mamitu da.  

Hori guztia posible izan da, alde batetik, UPV/EHUren aurrekontua % 5,6 handitu delako, eta, bestetik, unibertsitateak Eusko Jaurlaritzarekin sinatu duelako 2019-2022 aldirako Unibertsitate Plana, non jasotzen den 1.350 milioi euroko finantzazioa egongo dela planaren lau urteetarako, eta administrazio eta zerbitzuetako langileen 100 lanpostu finkatuko direla.