euskaraespañol

Hondartzetako segurtasunaren seinale-sistema bateratu beharra dagoela jakinarazi dute

UPV/EHUko zenbait ikertzailek Kantauri itsasoko hondartzetako segurtasun-banderen sistema kudeatzeko politika aztertu dute

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2023/03/23

Irudia
Ezkerretik eskumara, Javier Sánchez-Beaskoetxea, María de las Mercedes Maruri, Imanol Basterrechea eta Iranzu Sotés | Argazkia: Mitxi. UPV/EHU

UPV/EHUren azterlan batean adierazi dute gertu-gertuko hondartzetako segurtasun-banderen sistemen artean ere aldeak daudela, eta uniformetasunik eza lege-esparru zaharkituaren eta erakundeek sistema bateratu ez izanaren ondorio izan daitekeela. Konponbide bat proposatu dute: segurtasun-plan nazional bat adostea, eta plan horren barruan hondartzetako bandera eta seinaleen gida espezifiko bat egitea.

Bainulariak zaintzeak lehentasuna izan beharko luke erakundeentzat, istripurik gerta ez dadin. Horretarako, sorospen-zerbitzuek tresna orokor eta ulergarriak eduki behar dituzte, seinaleztapen egokian oinarrituak, besteak beste. Hondartzetan segurtasun-banderak jartzea bainulariak arriskutik babesteko eta seguru bainatzeko informazioa emateko modu proaktibo bat da. 

Hondartzetako segurtasun-banderek zer adierazten duten eta Kantauri itsasoko ertzean (Higer lurmuturretik Galiziako Estaca de Bares lurmuturreraino) nola kudeatzen diren aztertu dute UPV/EHUko irakasle batzuek; itsasertz horretan 1.000 hondartza txiki baino gehiago daude. Horretarako, segurtasun-banderen esanahia eta baldintza ozeanografiko eta meteorologikoen araberako erabilera egokia aztertu dituzte. Baita hondartzetako segurtasunaren kudeaketak eta araudiak segurtasun-seinaleztapenean zer eragin duen ere.  

Ikerketan bandera orokorrak eta itsasertzeko banderak bereizi dituzte. Bandera orokorrak estatikoak dira, hondartzaren sarreran jartzen dira, eta hondartza osoko segurtasun-baldintzen berri ematen dute. Itsasertzeko banderak, berriz, erraz mugitzen dira, eta itsasertzean jartzen dituzte, eremu arriskutsuak edo jarduera espezifiko batzuk baimenduta edo debekatuta dauden eremuak mugatzeko. 

Itsasketa Zientzia eta Teknikak Saileko irakasle Imanol Basterrechearen hitzetan, eta ikerketako emaitzen arabera, segurtasun-banderen sistemen artean “aldeak daude, baita oso gertu dauden hondartzetan ere, segurtasuna tokian tokiko gobernuek kudeatzen dutelako”. Azterlana egin duten ikertzaileek diotenez, “1972ko Aginduan jasotako bandera orokorren esanahia eta kolorea (berdea, horia eta gorria) berdin erabiltzen dira, eta horrek esan nahi du araudiak funtzionatzen duela (agindu horrek bainu-lekuetan jendea seguru ibiltzeko arau eta jarraibideak ematen ditu). Aitzitik, “itsasertzeko banderen kolore, forma eta neurriak ez dira uniformeak. Hondartzen sarrerako informazio-karteletako ikur eta koloreak ez daude normalizatuta. Leku batzuetan, informazio kontraesankorra ematen duen seinaleztapen bikoitza ere badago”, azaldu du Basterrechea doktoreak.  

Badirudi uniformetasun falta hori lege-esparru zaharkitu eta tokian tokikoaren eta sorospen-zerbitzuak ematen dituzten erakundeek sistema adostu ez izanaren ondorio dela. “Sorosleek egoki seinaleztatzen dituzte arrisku-eremuak eta banaketa fisikoarekin zerikusia duten beste eremu batzuk. Nolanahi ere, hondartzetako banderen gaineko tokiko araudiak eta eskualde bakoitzak sorosleei eskatzen dizkieten betekizun eta ziurtagiriak desberdinak dira; ondorioz, hondartza batzuk ez dira seguruak”.  

Hondartzetako segurtasuna tokiko gobernuek kudeatzen dutenez, hondartza bakoitzeko segurtasun-zerbitzuetan giza baliabide eta baliabide material desberdinak dituzte. Gainera, sorospen-zerbitzuak enpresa eta erakunde desberdinek ematen dituzte, eta ez dago itsasertz osorako hondartzetako segurtasun-plan orokorrik. Hori dela eta, hondartzetan banderak eta segurtasun-seinaleak jartzeko hainbat prozedura daude. Ikertzailearen iritziz, “erkidego edo probintzietako gobernu guztiek segurtasun-plan nazional bat adostea eta plan horren barruan hondartzetako bandera eta seinaleen gida espezifiko bat egitea izan daiteke konponbide bat”. 

Horregatik, Basterrechearen ustez, “ezinbestekoa da erakunde guztiak inplikatzea, hondartzetarako segurtasun-plan nazional bat adosteko; plan horrek hondartza guztietako kudeaketa koordinatu eta berdinduko luke, eta banderen koloreek eta seinaleen diseinuak gainerako herrialdeetan erabiltzen dituzten estandarrak beteko lituzkete”, nazioarteko ISO eta ILS estandarrak, alegia (lehena Nazioarteko Normalizazio Erakundearena da, eta bigarrena Nazioarteko Salbamendu Federazioarena). Basterrecheak dio, gainera, ezinbestekoa dela “jendea hondartzako segurtasunaren inguruan heztea, erabiltzaileak kontzientziatzeko, seinaleak ulertzeko eta arriskuez jabetzeko. Haur Hezkuntzan hasi beharko litzateke herritarrak horretan hezten, ahal izanez gero”. 

Informazio osagarria 

Azterlana UPV/EHUko Enpresen Antolakuntza Saileko hiru irakaslek, Iranzu Sotés, Javier Sánchez-Beaskoetxea eta Imanol Basterrechea eta Matematika Aplikatua Saileko Maria de las Mercedes Marurik egin dute. Denak daude Bilboko Ingeniaritza Eskolan.

Imanol Basterrechea Iribar doktorea, merkataritza-nabigazioko pilotua, Nautika eta Itsas Garraioko Graduko irakasle da, Bilboko Ingeniaritza Eskolan. Gainera, Nautika eta Itsas Garraioa Masterreko irakasle eta arduraduna da. 

Erreferentzia bibliografikoa