euskaraespañol

Aktore berri onenaren Goya saria irabazi duen Telmo Iruretak eta Aitziber Garmendiak ‘Sexberdinak’ antzezlana antzeztuko dute

Noiz eta non

2023/02/16, 18:00

Kokapena

Areto nagusia - Ignacio Maria Barriola Zentroa
Plaza Elhuyar 1. -20018- Donostia / San Sebastián (Gipuzkoa)

Irudia

Deskribapena

Ostegunean, otsailaren 16an, 18:00etan, Euskal Herriko Unibertsitateko Ignacio Mª Barriola Zentroko auditorioan, Donostiako Tanttaka Teatroak 'Sexberdinak' antzezlana aurkeztuko du, Mireia Gabilondok zuzendua eta Aitziber Garmendia eta aktore berri onenaren Goya saria irabazi berri duen Telmo Irureta protagonista dituena. Emanaldia EHUkultura Gipuzkoak antolatu du eta euskaraz egingo da.  Espainiako Arte eta Zientzia Zinematografikoen Akademiak ematen duen saria jaso zuenetik lehen antzezpena da.

Sarrera librea da leku guztiak bete arte.

Laburpena: “Anaren bihotza logela huts bat omen da. Nicok berea tatuatu egin nahi du. Igogailu batean daude harrapatuta eta ezezagun izatetik lagun izatera pasako dira. Beno, duela hiru urte gertatu zen hau, baina iraganera bidaiatuz, orainaldian biziko dugu kontatzera datozena; maitasuna, sexua, bakardadea eta jendearen aurreiritziak aztergai. Garun-paralisia duen kazetariak eta kontraesanetan erdi ittota dabilen goxoki saltzaileak, beren bizipen afektibo sexualak azalduko dituzte inolako konplexurik gabe, gutako bakoitzak, norbere paralisiarekin, beldur, amets eta ilusio ezberdinak ditugula erakusteko. Bi lagunen istorioa, umorez eta minez tindatuta.”