euskaraespañol

Teresa Morera Herreras, Ane Murueta-Goyena, Maider Zubelzu Irazusta

Emakumea naiz eta parkinsona daukat: zer espero dezaket?

UPV/EHUko ikertzaileak

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2023/03/29

Irudia

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Parkinsonak, dopamina sortzen duten neuronak kaltetuta daudenean edo hiltzen direnean agertzen den gaixotasun neurodegeneratiboak, ez die berdin eragiten gizonei eta emakumeei.

Lehenik eta behin, sexu biologikoa arrisku faktore garrantzitsu bat da: gizonek emakumeek baino aukera handiagoa dute gaixotasun hori izateko (1,5 aldiz gehiago). Zergatik dago alde deigarri hori?

Ematen duenez, nagusiki sexu femeninoan dauden hormonetan dago gakoa: estrogenoetan. Zenbait azterlanek adierazten dutenez, estrogenoek eragin babeslea izan dezakete gaixotasunean degeneratzen duten neuronetan, heriotza neuronalaren erantzule diren mekanismo nagusiak blokeatzeko gaitasuna dutelako.

Hipotesi hori babestuko luke gertaera honek: parkinsona diagnostikatzen dieten emakumeen proportzioa handiagoa da menopausia ondoko aldian, menopausia aurreko aldian baino.

Emakumea naiz eta parkinsona diagnostikatu didate: orain, zer?

“Orain, zer?” hori da benetan gaitz hori detektatu dioten pertsonari benetan axola zaiona: Zer gertatuko zait? Zer nabarituko dut? Sintomek okerrera egingo dute? Zer tratamendu emango didate eta zertarako?

Gaur egun, parkinsona ezin da sendatu, eta aurrera egiten jarraitzen du denborarekin; beraz, sintomek –nolakoak diren, maiztasuna eta larritasuna pertsonaren araberakoak dira– gutxika-gutxika okerrera egiten dute. Hala ere, zenbait azterlanek ikusi dute seinale horien eredu jakin batzuk daudela, ezberdinak direnak sexu baten eta bestearen artean.

Emakumeen kasuan, arazo motorrak gizonen kasuan baino geroago ateratzen dira, eta dardara izaten da sintoma nagusia diagnostikoa egiten denean. Hori garrantzitsua da; izan ere, gaixotasuna horrela hasten duten pertsonek, ematen duenez, modu onberago batean bizi dute. Hala ere, emakumeek erorikoen arrisku handiagoa dute gaitzak aurrera egin ahala.

Esaten dute ez naizela gehiegi kexatzen

“Bizkarreko mina dut, eta hanketakoa... Egun osoan nago nekatuta”. “Ematen du ez dudala hobera egiten”. “Ez dut animo handirik, baina esaten dute normala dela horrela sentitzea, parkinsona diagnostikatu berri didatelako”. Uste bat dago zabalduta: dardara eragiten du. Baina ez da sintoma bakarra. Horrez gain, pazienteek muskulu zurruntasuna, mugitzeko moteltasuna eta are jarrera ezegonkortasuna ere pairatu ohi dituzte.

Hori gutxi balitz, gaitzak zenbait seinale ez motor ditu, eta horiek mugikortasun arazoek baino eragin handiagoa dute pertsonen bizi kalitatean. Hain zuzen ere hauek dira: idorreria, loaren alterazioak, usaimena galtzea, aldaketak izerdian...

Nahasmendu horiek gorputzeko beste sistema batzuen alterazioekin lotuta daude, garuneko dopaminarik ezaz harago. Zehazki, emakumeek mina, nekea, depresioa eta antsietatea gizonek baino maiztasun eta intentsitate handiagoarekin izan ohi dituzte.

Maiz, gaitzaren berezko sintoma horiek ez dira behar beste diagnostikatzen eta ez dira behar bezala kudeatzen; izan ere, nola ez du izango tristura eta antsietatea daukanarekin? Emakumea bazara eta parkinsona baduzu: ez gutxitu zure sintomak. Horietako asko farmakoekin tratatu daitezke, edo beste terapia batzuen bidez, psikoterapiaren, ariketa fisikoaren edo terapia okupazionalaren bidez, kasu. Kexatu, asko kexatu!

Nire gaixotasuna ezin da sendatu, baina tratatuko naute?

Bai, noski. Lehen tratamendu lerroa garuneko dopaminarik eza osatzea da. Terapia farmakologikoarekin, sintoma motorrak nabarmen hobetzea lortzen da. Dosiak eragin berbera du bi sexuetan, baina emakumeek nahi ez diren kontrako efektuak izateko arrisku handiagoa dute; tartean, hauek: nahi gabeko mugimenduak, diszinesia esaten zaienak.

Sintoma ez motorren tratamenduari dagokionez, ez dakigu parkinsona duten emakumeei sintomatologiagatik justifikatuta egongo liratekeen farmako antidepresibo, antsiolitiko, analgesiko gehiago errezetatzen zaizkien. Arreta sanitarioa hobetzeko, adituak medikuntza pertsonalizatuaren aldekoak dira. Ezer baino lehen, egokitu ditzagun tratamendu terapeutikoak sexuaren arabera

The Conversation