euskaraespañol

Milagros Quijada irakasleari omenaldia egin diote bere dizipuluek

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2021/04/22

Milagros Quijada Sagredo alboetan M. Carmen Encinas Reguero eta Javier Bilbao Ruiz
Milagros Quijada Sagredo alboetan M. Carmen Encinas Reguero eta Javier Bilbao Ruiz. Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.

Letren Fakultateko gradu aretoan, omenaldia egin zitzaion Milagros Quijada Sagredo irakasleari. Ekitaldia haren bi dizipuluk antolatu zuten (M. Carmen Encinas Reguero eta Javier Bilbao Ruiz), irakaslearen erretiroaren kariaz. Bertan izan ziren fakultateko dekanoa, Iñaki Bazán, eta UPV/EHUko Ikasketa Klasikoen Saileko zuzendaria, Carlos García Castillero. Gainera, José Antonio Fernández Delgadok, Salamancako Unibertsitateko Grezierako katedradunak, hitz batzuk esan zituen.

Milagros Quijada Sagredo 1983-1984 ikasturtean iritsi zen UPV/EHUra, egungo Letren Fakultatera eta Ikasketa Klasikoen Sailera zehazki, Salamancako Unibertsitatetik. Hainbat urtez Grezierako irakasle titularra izan zen, ondoren katedraduna, eta egun katedradun emeritua da. Antzerki greziarra izan du ikergai nagusia, eta hainbat liburu eta artikulu idatzi ditu arlo horri buruz hala estatuan nola nazioartean.

Ekitaldian, orobat, erretiroa hartu duen irakaslearen omenez argitaratu den liburua aurkeztu zen, zeinaren bidez unibertsitatearen zerbitzura eman dituen urte ugarietan ikertzaile, irakasle eta gizaki gisa izan duen ibilbidea nabarmentzen den. Liburuak, batetik, Milagros Quijadaren lan hautatuen sorta bat berrargitaratu du; bestetik, antzerki greziarraren arloko estatuko zein nazioarteko adituek idatzitako hamasei ekarpen original ere bildu ditu.