euskaraespañol

Naiara Ozamiz, Amaia Eiguren, Maitane Picaza eta María Dosil

Erlaxazio teknikak, pandemiari aurre egiteko

Bilboko Hezkuntza Fakultateko ikertzaileak

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2021/01/08

Irudia
Artikulu honen jatorrizko bertsioa The Conversation argitalpenean dago.

SARS-CoV-2 birusa mundu osora zabaltzen hasi zenetik, nazioarteko azterlan batzuetan azaldu da herritarrek antsietatea dutela, bai kutsatzeko beldurragatik, bai konfinamenduagatik, urruntze sozialagatik eta ziurgabetasunagatik.

Antsietate Nahasmenduen Ameriketako Elkartearen eta Espainiako Antsietatea eta Estresa Aztertzeko Elkartearen arabera, erlaxazioa antsietateari aurre egiten laguntzen duen esku-hartze ez-farmakologiko bat da.

Erlaxazio teknikek lasaitasun eta ongizate sentimenduak sortzen dituzte, loaren higienea hobetzen dute, insomnioari aurre egiten diote, immunitate sistema indartzen dute eta estresari aurre egiteko ahalmena handitzen dute. Gainera, energia maila, pentsamendu positiboak eta sormena areagotzen dituzte, eta nork bere buruaren irudi positibo bat sortzen laguntzen dute.

Zer teknika erabiliko dut?

Erlaxazio teknika ezagunenak Jacobsonen erlaxazio progresiboa, arnasketa teknikak, bisualizazioak eta Schultzen entrenamendu autogenoa dira.

Jacobsonen erlaxazio progresiboa gorputzeko muskulu taldeak tenkatzean eta lasaitzean datza. Horren bidez, erlaxazio muskularra lortzen da; gero, gorputz osora zabaldu, eta laster erlaxazio psikologikoa bihurtzen da.

Arnasketa abdominal edo diafragmatikoa abdomenak aurrerantz zabaltzean hutsik uzten duen lekua birikak zabaltzeko baliatzean datza, zabaltze horretan diafragmak beherantz joateko joera duelako. Metodo horrek onura asko ditu: energia ematen du, digestioa eta larruazalaren itxura hobetzen ditu, emozioak kontrolatzen laguntzen du, nekea arintzen du eta antsietate sintomak hobetzen ditu.

Bisualizazio teknikak buruan emozio positiboekin lotutako irudiak osatzean datza. Irudi horiek, azkenean, gorputza eta burua erlaxazio egoera sakon batera eramaten dituzte.

Schultzen entrenamendu autogenoa gorputzak berak naturalki sortzen dituen sentsazioetan pasiboki kontzentratzeko sei ariketatan datza. «Kontzentrazioan oinarritutako autoerlaxazio» metodo horrek –Europako medikuntza psikosomatikoko eta psikologia klinikoko metodo klasikoa da– estresarekiko erreaktibotasuna murriztu, oreka emozionala hobetu eta antsietatea arintzen du, bai berezkoa bai egoerak eragindakoa, eta nork bere buruaren gaineko kontrola izatearen sentipena areagotzen du. Gaur egun, meditazio edo mindfulness metodo ez-budistatzat jotzen da; garapen pertsonala ahalbidetzeko, estresarekiko erresistentzia handitzeko eta krisi emozionaletan indarra emateko ahalmena duen metodotzat, hain zuzen.

Funtsezkoa da erlaxazio teknika horiek gogoan edukitzea pandemia garaian, datuek erakusten baitute herritar talde guztien buruko osasunean eragiten ari dela. Eragin horrek ezaugarri espezifikoak ditu, bilakaera etapa zein den.

Normaltasun berria haur eta nerabeen artean

Haurrek segurtasun neurri berriekin eta aldaketa askorekin topo egin dute –adibidez, konfinamendua eta ikastetxeen itxiera–, eta pandemiak sortutako presioari aurre egin behar izan diote. Horietako askok emozio negatiboak azaleratu dituzte, adibidez: antsietatea eta beldurra.

Ikusi ahal izan da nerabeak ere herritar talde kalteberen artean daudela, beren adina dela eta. Ikaskideak beraientzat guztiz garrantzitsuak diren eboluzio etapa batean daude. Errutinak aldatu zaizkie, eta estres eta antsietate handia pairatu dute. Besteak beste, hauek dira antsietatearen ezaugarriak: hondamendi edo berehalako arrisku sentimenduak, tentsioa, segurtasun falta eta sufrimendua dira.

Horregatik, ikastetxeetan eta institutuetan egoera horri aurre egiten laguntzeko metodoak ezarri behar dira, emozio negatiboak eta ziurgabetasuna sor diezazkiekeelako.

Erlaxazio autogenoak 6 urtetik 16ra bitarteko haurrengan eragina duela frogatu da. Praktikatzen duten adingabeek, errendimendu akademikoa ez ezik, autonomia, kontzentrazioa, ikasteko trebetasunak eta sormena ere hobetzen dituzte.

Gainera, medikuntza prebentiborako tresna egokia da. Horregatik, irakasleak erlaxazio metodo hori edo beste batzuk aplikatzen trebatu behar dira, ikastetxeetan ezar ditzaten.

Erlaxazio tekniken bidez, haurrei pandemiaren eragin emozionala arintzen lagundu dakieke. Ikastetxeak eta institutuak leku egokiak izan daitezke praktika horretarako. Ez da ahaztu behar ikastetxeek ez dutela heziketa akademiko hutsa eman behar, heziketa emozionala ere funtsezkoa baita haurtzaroan eta nerabezaroan garapen egokia izateko.

Unibertsitateko bizitza

Unibertsitateko ikasleek ere izan dute sintomatologia patologikoa pandemia garaian. Baliteke egoera hori larritu izana ikasketek berek eragiten dieten estresaren ondorioz, eskolak hartzeko metodologia berriekin eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiekin lotuta.

Artikulu honen egileek egindako azterlan esperimental batean frogatu dute erlaxazio teknikak, entrenamendu autogenoa barne, eraginkorrak direla Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateko ikasle gazteek COVID-19aren ondorioz duten antsietatea arintzeko.

Unibertsitateetan ere funtsezkoa da ikasleei laguntza emozionala ematea, sintomatologia patologiko handia agertzen ari direlako. Erlaxazio teknikak erakustea baliagarria izan daiteke nozitzen ari diren inpaktu emozionala arintzeko.

Erlaxazioa helduaroan

Gure taldeak erlaxazio autogenoa praktikatu ohi duten pertsona helduekin ere azterketa bat egin du, pandemiaren aurrean duten erantzuna aztertzeko.

Inkestan parte hartu dutenek antsietate maila txikia dute koronabirusak kutsatzeko arriskuaren aurrean eta, diotenez, entrenamendu autogenoa egiteak –teknika horiek ‘Autogenics 3.0. La Nueva Vía al Mindfulness y la Meditación’ liburuan jasota daude– oreka emozionalari eta osasun fisikoari eusteko laguntza handia ematen die.

Bestalde, besteak ulertzeko eta harremanetarako gaitasun enpatikoa hobetzen du, eta gaitasun hori biziki beharrezkoa da antsietatea oso zabalduta dagoen garai hauetan.

Beraz, lasaitasunaren eta norbere burua zaintzearen gainetik presa eta produktibitatea lehenesten diren garai hauetan, ez dugu ahaztu behar buruko osasuna zaintzea funtsezkoa dela.

Erlaxazioa egunero praktikatzeak, buruko arazoak ez ezik, fisikoak ere eragozten lagunduko du, baita COVID-19 gaixotasunaren pronostiko txarra saihesten ere, estresarekiko erreaktibotasuna arintzeari eta, horren ondorioz, defentsa immunologikoak indartzeari esker.

Gaur egun, azterlanak martxan jarraitzen du herritar talde orokor batekin, eta bertan parte har daiteke.

The Conversation