euskaraespañol

Euskarazko eta ingelesezko lexiko elebiduna, materialen terminologia zientifikoa eta teknologikoa euskal gizartera hurbiltzeko

Lexiko horrek 1.379 termino biltzen ditu –gehienak, beste baliabide batzuetan jaso gabeak–, ikertzaileei beren tesiak eta ikerlanak egitean euskarazko termino egokienak errazago aurkitzen laguntzeko

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2021/11/29

Irudia

Materialen zientzia eta teknologiaren arloko ikertzaile eta teknologoek lantzen dituzten ikerketa-, garapen- eta berrikuntza-ildoak oso garaikideak eta espezializatuak direnez, etengabe kontzeptu eta termino berriak erabili eta sortu behar izaten dituzte. Erronka horri berari aurre egin behar diote beren jarduera euskaraz egiten dutenek ere, eta testuinguru horretan ohikoa izaten da neologismoak erabiltzea eta sortzea. Hala ere, prozesu horrek metodologia jakin bat jarraitu behar du gutxieneko kalitate-maila bermatzeko eta euskara batuaren agintaritzek ezarritako arau zein gomendioekiko koherentea izan dadin.

Testuinguru horretan, Ceit, Tecnalia eta Leartiker zentro teknologikoek, Mondragon Unibertsitatearekin eta Euskal Herriko Unibertsitateko Polymat, Zientzia eta Teknologia Fakultatea eta Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolarekin batera, lexiko elebidun hau sortzea bultzatu zuten 2018an, MZT Materialen Zientzia eta Teknologia Kongresuaren laugarren edizioan aurkeztutako azterlanetan erabilitako hitz espezializatuenak, materialen ikerketarekin zerikusia dutenak, biltzeko euskaraz eta ingelesez. Kongresuaren edizio hura BRTA (Basque Research and Technology Alliance) aliantzako kide den CEIT zentroak antolatu zuen, Tecnun Nafarroako Unibertsitateko Ingeniaritza Eskolarekin batera.

Hiztegia kontsultagai dago dagoeneko kongresuaren webgunean integratutako aplikazio batean, eta bi urtez behin egiten den kongresuaren hurrengo edizioetan zabalduz joango da, baliabide sendo eta erabilgarri bat eratzeko unibertsitate-ikasleentzat, ikertzaileentzat eta industria-sektoreko langileentzat. 

Tecnaliak eta Euskampusek azaroaren 29an eta 30ean EHUko Bizkaia Aretoa eraikinean antolatu duten MZT kongresuaren bosgarren edizioan egingo da proiektuaren aurkezpen ofiziala.

Egitasmo honen koordinatzaile eta Ceit-eko Prozesamendu Termomekanikoko ikerketa-taldearen zuzendaria den Amaia Iza-Mendiak azaldu duen bezala, "bilketa-, zuzenketa- eta sortze-lanean oinarrituta, 1.374 terminoko lexikoa osatu dugu lehen bertsio honetan, eta termino horietako gehienak euskarazko erreferentziazko hiztegi terminologikoetan edo beste baliabide batzuetan orain arte jaso gabe zeuden. Xede bikoitza dugu: batetik, koherentzia eta zehaztasuna bermatzea kongresuaren hurrengo edizioetan aurkeztuko diren lan zientifikoetan, eta, bestetik, esparru akademikoan, teknologikoan eta industrian termino horien erabilera normalizatzen laguntzea".

Gizarteratzea

Gainera, hiztegi elebidun horren bultzatzaileek Euskalterm banku publikoa mantentzen duen  UZEI Terminologia eta Lexikografia Zentroaren koordinazioa eta aholkularitza terminologikoa izan dituzte. Banku horretan jasotzen da Terminologiako Batzordearen normalizazio-ekimenaren emaitza, euskal gizarteari euskarazko termino tekniko normalizatuak eskainiz.

"MZT kongresuak lantzen dituen jakintza-arloetako oinarrizko termino normalizatuak eta espezializatuak Euskaltermen ere kontsultatzeko aukera izatea oso garrantzitsua da. Lexikoa Euskaltermen bidez modu errazean eta zuzenekoan kontsultatu ahal izango dela bermatzeak lan honen gizarteratzea eta normalizazioa ahalbidetuko ditu”, gehitu du proiektuaren koordinatzaileak.

MZT Kongresuaren 2018ko edizioko lexiko terminologiko elebiduna euskarazko eta ingelesezko glosario terminologiko elebiduna da. Guztira 1.374 sarrera ditu, eta, oraingoz definiziorik ez ematea erabaki bada ere, sarrera bakoitzak testuingurua izeneko eremu bat du. Horrela, terminoa bere testuinguruan bistaratzeko aukera izatea baliagarria da kontzeptua eta erabilera argitzeko.

Halaber, glosarioko sarrerak jakintza-arloen arabera sailkatuta daude. "Eremu-zuhaitza" egituraren arabera egindako sailkapen bat erabili da, kongresuan erabilitako sailkapen tematikoarekin bat datorrena: materialen prozesamendua (218 sarrera, % 16), karakterizazio-teknikak (355 sarrera, % 26), materialen propietateak (149 sarrera, % 11), aplikazio eta erabilera industrialak (389 sarrera, % 28), materialak eta ingurumena (69 sarrera, % 5), simulazioa eta modelizazioa (54 sarrera, % 4), sailkapen bat baino gehiago (140 sarrera, %10).

Hiztegiaren garapenean ikertzaile hauek parte hartu dute bultzatzaile gisa: Amaia Iza-Mendia eta José Mari Rodríguez Ibabe (CEIT), Antxon Santamaría (UPV/EHUko POLYMAT), Maider García de Cortazar eta Pedro Egizabal (Tecnalia); Idoia Urrutibeaskoa eta Laurentzi Aretxabaleta (Mondragon Unibertsitatea), Jose Miguel Campillo, Nestor Etxebarria eta Fernando Plazaola Muguruza (UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatea), Rikardo Hernández (Leartiker); Faustino Mujika Garitano (UPV/EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskola) eta Begoña Arrate (UZEI).

Era berean, erakunde hauen babesa izan du proiektuak: Eusko Jaurlaritza, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren bitartez, SPRI Taldea, Bizkaiko Foru Aldundia, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Kutxa Fundazioa.