euskaraespañol

Arabar Errioxako altxor arkeologikoak

UPV/EHUk argitaratutako gida batean, eskualdeko kultur balio handieneko guneetako batzuen ikuspegi eguneratu eta zorrotza eskaintzen da

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2021/04/28

Irudia
Huesera Gaineko trikuharriaren egungo egoera (Argazkia: J. Fernández Eraso; J.A. Mujika Alustiza)

Liburuaren bidez, Arabar Errioxaren ondare historiko-arkeologiko aberatsaren ikuspegi bateratua eman eta ondare hori bisitatzea, zaintzea eta errespetatzea sustatu nahi da. Eremu horretan laurogeitik gora urtetan egin diren –eta oraindik ere intentsitate handiz egiten ari diren– indusketa arkeologikoen emaitza azaltzen du, labur.

Arabar Errioxa da, Arabako Lurralde Historikoaren barruan, ondare arkeologiko aberatsenetakoa eta askotarikoena duen eskualdeetako bat. Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzuak argitaratutako liburuak Arabar Errioxako historiaurreko aztarnategien mugarri nagusiak biltzen ditu. Aztarnategi horiek lurraldearen Epipaleolitotik talde erromanizatuen iritsiera bitarteko giza okupazioa zedarritzen dute –lehenengoa, itxura guztien arabera, Balantziego II harpean izan zen–, hain zuzen ere. “Arabar Errioxako historiaurreari buruzko gida hau ondare historiko aberats hori ezagutarazteko idatzita dago eta, ahal den neurrian, ulermena errazteko, baita ondare hori bisitatzea sustatzeko ere. Harpez, herrixkaz, dolmenez eta atari zabaleko kokalekuz osatuta dago Arabar Errioxak duen ondare historiko zaharrena. Lehenik eta behin, ezagutu egin behar da, berau errespetatu eta zaindu dezagun, etorkizuneko belaunaldiek gure arbasoek utzi ziguten ondare horretaz gozatu ahal izan dezaten”, adierazi dute egileek.

Lehenengo aurkikuntzak 1935ean egin baziren erre, Gerra Zibilaren eta horren ondorioen eraginez, ikerketa sistematikoak 1950eko hamarkadaren bukaerara arte atzeratu ziren. 1980ko hamarkadan, aztarnategi oso esanguratsu batzuk batera induskatu ziren, adibidez: Peña Larga, San Juan ante Portam Latinam eta La Hoya. Gure mendeko lehenengo hamarkadak ere oso emankorrak izaten ari dira. Los Husosen eta San Kristobalen beste indusketa batzuk egiten ari dira eta Errioxako dolmenak ikertzeko eta balioztatzeko programa martxan dago.

“Urte hauetan hainbat ikertzaile eta talde aritu dira lanean. Jose Migel Barandiaranek Sorgin Txabolako dolmenean lehenengo esku hartzea egin ondoren, Domingo Fernández Medrano aritu zen lanean, bera bakarrik edo Jose Migel Barandiaranekin, 1943 eta 1962 artean; gero, Juan Mª Apellániz, Los Husos I-en, 1965 eta 1970 artean, eta, Sorgin Txabolan, 1974an; Armando Llanos La Hoyan, 1973 eta 1989 artean; José Ignacio Vegas Los Llanoseko dolmenean eta San Juan ante Portam Latinam hilobian, 1985 eta 1991 artean; Javier Fernández Eraso Peña Largan, Peña Pardan, Los Husos I-en, Los Husos II-n eta San Kristobalen, 1985 eta 2015 artean eta, José Antonio Mujika Alustizarekin batera, El Montecilloko, Sorgin Txabolako eta Alto de la Hueserako dolmenetan, 2010 eta 2014 artean; José Manuel Martínez Torrecilla eta Qark arkeologia enpresa Castejón Muinoan, 2009 eta 2015 artean; eta, Maite García Rojas, Cristina Camarero eta Erik Arévalo Balantziego I eta II-n eta Gazteluen harpean, 2012 eta 2016 artean eta 2020an”, azaldu dute gidan.

Lan horiek guztiak arkeologiaren arloko monografietan eta azterlan espezializatuetan islatu dira (antropologia genetikoa, isotopoak, fauna, flora, kultura aztarnen azterketan edo karbono 14aren bidez lortutako 150etik gora datazio dituen esparru kronologiko baten zehaztapenean) eta, haiei esker, Arabar Errioxaren historiaurrearen ezagutza Estatuko zabalenetako bat da.

Orain, liburu honek ikerketa horien guztien emaitzak laburbiltzen ditu, aztarnategi bakoitzean egindako lanen historiatik hasita datazio erradiokarbonikoetara eta diziplinarteko azterketen esparruan egindako mota guztietako analisietara. Informazio hori, bai aztarnategi nabarmenekin bai xumeenekin lotua, modu laburrean edo oso dibulgatiboan aurkezten da. Testuarekin batera ilustrazio asko agertzen dira, zeintzuen bidez gidaren irakurketa are gehiago arintzen baita.

Hala, argitalpenak gaur egungo jarduera akademikoan ezinbestekoa den baldintza bat betetzen du, historiaurrearen esparruan egindako ikerketen edukia laburtuz eta hainbat mailatan dibulgatuz. Arabar Errioxa turismoarekin lotutako jarduera sozioekonomiko handiena duten Euskal Herriko eskualdeetako bat da. Gida honen bidez, kultur eta turismo balio handiena duten eskualdeko eremu batzuen ikuspegi eguneratua eta zorrotza ematen da eta bai interpretazio zentroei bai informazio guneei oso erabilgarria izango zaie horien sozializazioa eta turistek bisitatzea errazteko.

Informazio gehiago

La Prehistoria en Rioja Alavesa. Guía para su conocimiento y visita’ liburua Javier Fernández Erasok, José Antonio Mujika Alustizak, María José Iriartek, Orbange Ormaetxeak, Maite García Rojasek, Cristina Camarerok eta Erik Arévalo Muñozek egin dute. Zazpiak Euskal Unibertsitate Sistemako Historiaurreko Ikerketa Taldeko (IT-1223-19, gaur egungo laburduraren arabera) kideak dira. Hasierako bertsiotik (2002), taldeak kualifikazio gorena izan du, bi zuzendariren gidaritzapean: Ignacio Barandiarán (2012ra arte) eta Javier Fernández Eraso (2019ra arte). Edukia, nagusiki, testuaren lehenengo bi sinatzaileena da. Haiek liburuan laburbildutako landa ikerketa askoren zuzendariak dira, hain zuzen ere. Gaur egun, taldeko ikertzaile nagusia Álvaro Arrizabalaga da.