euskaraespañol

Garapen jasangarriarekin konprometitutako GRALak

Ikasleen II. Biltzarrak aitortza egin die ikasleei, 2030 Agendako Garapen Jasangarrirako Helburuen arloan egindako ikerketengatik

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2019/10/23

Irudia
Gradu Amaierako Lanentzako sarien banaketa

Ikasleen II. Biltzarrak pasa den ostegunean, urriak 17, itxi zituen ateak, Gradu Amaierako Lanentzako sarien banaketa ekitaldiaren ostean. Lanotan, planetaren jasangarritasunari loturiko gaiak ikertu dituzte. Guztira, 30 ezagutza arlotako 61 proposamen jaso dira, eta zortzi sari banatu, proposatu ziren lau ardatzetan: pertsonak, planeta, oparotasuna, eta bakea eta aliantzak. Protagonistetako batzuekin egon gara.

Ane Kareaga, Arte Ederretako ikasleak frogagai hartu zuen maskulinotasunaren eta femeninotasunaren estereotipoek heziketan eragina dutela jaiotze beretik eta diseinu grafikoa ere horretarako bide dela. Eta horixe azaldu zuen gradu amaierako lanean.

Olatz Martínezek eta Idoia Ruiz de Apodacak Energia Berriztagarrietako ikasketak amaitu dituzte Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolan (Eibar). GRALetan, era koordinatuan aztertu zuten zer eragin duten ehunkien enpresetan bakero ehunak higatzeko erabiltzen diren produktuek, eta ingurumen jasangarritasun handiagoko ordezko aukera bat proposatu zuten.

Haizea Vianezek, bestalde, azpimarra egin zien bere lanean Nazio Batuen 2030 Agendak merkataritza librerako garapen jasangarrirako helburuak zehazteko garaian dituen gabetasunei, eta horiek zuzentzeko ordezko aukerak proposatu zituen.

Horiek, Ikasleen II. Biltzarrak Nazio Batuen 2030 Agendaren helburuei loturiko gradu amaierako lanetarako egindako deialdira aurkeztu ziren 61 proiektuetako lau dira. Ekimen horrek erakunde publiko askoren babesa du, tartean, UPV/EHUrena.

UPV/EHUren Iraunkortasuneko zuzendari Estíbaliz Saez de Cámara Oleagaren hitzetan, «ingurumenaren eta pertsonen ongizatearen babesari, oparotasunari eta bakeari ekarpen nabarmena egin dioten ikasleen GRAL onenak ikusgarri egin eta saritzeko ahalegina egiten dugu, 2030 Agendako leloarekin bat, inor atzean ez uzteko».

Ane, Olatz eta Haizea dira aurtengo edizioko zortzi ikasle saridunetako batzuk. 30 gradu desberdinetako ikasleek hartu dute parte. Hain zuzen ere, deialdiko lau ardatzetako proiektu saridunak (pertsonak, planeta, oparotasuna, eta bakea eta aliantzak) arlo askotakoak dira: Psikologia, Farmazia, Zuzenbidea, Ingeniaritza Kimiko Industriala, Energia Berriztagarrietako Ingeniaritza, Sorkuntza eta Diseinua eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza.

Izan ere, «Pertsonak» kategoriako lehen sariaren irabazle Ane Kareagak dioen bezala, «jasangarritasuna edozein ezagutza arlotan landu daiteke. Artean ere, gauza asko egin daitezke».

Iraunkortasuneko zuzendariak –bera ere lanak aztertu zituen batzorde zientifikoko kide izan zen– «proposamenen kalitate handia» nabarmendu zuen, eta honakoa gaineratu: «Aurkezpenetan egon ginenek ezusteko atsegina hartu genuen gure ikasleen komunikazio trebetasunarekin eta arazoei modu integralean aurre egiteko gaitasunarekin».

 

Jasangarritasunarekiko konpromisoa

Hiru ikasleak bat datoz: funtsezkoa izan zen irakasleen gomendioa, deialdian parte hartzeko; informazioa eman, eta parte hartzera animatu zituzten.

Haizearen iritzian, «gazteak klima aldaketaren gainean kontzientzia hartzen ari dira, baina oraindik ere asko dago egiteko». Izan ere, «gure adinekoek ez dute ezagutzen 2030 Agenda, edo ez dute argi zer den».

Bakea eta Itunak ardatzean lehen saria irabazi duen Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako ikasle honentzat, «ikasleek beste lehentasun batzuk dituzte: ikasketak hastean krisian ginen, eta fakultatetik irtetean beste baten hasiera dirudienean egongo gara –dio–; beraz, gehienek kezka indibidualak dituzte, lana eta antzekoak».

Horrenbestez, hizpide dugun ekimenaren bezalakoak, dioenez, «oso interesgarriak dira, ikasle gehiagok egin nahiko dituelako Agendari buruzko lanak, eta Agenda ezagutuko dute, eta gaiaren gainean kontzientzia hartzea ekarriko du horrek».

Olatz, «Oparotasuna» kategoriako lehen sariaren irabazlea, bat dator Haizearekin. Ikasleak –GRALaren zati bat MITen egin ahal izan zuen–, halaber, jasangarritasunera bideratutako ikerketak egitearen garrantzia azpimarratu du. Bere iritzian, «horrelako deialdiak funtsezkoak dira gazteok gure arduraz eta planetaren egoeraz pixkanaka kontzientziatzeko. Gure jarduna erabakigarria da planetaren egoerak okerrera egitea ekiditeko». Hala ere, ñabardura bat egiten du: «Gurea da zeregin nagusia, baina erantzukizuna, batik bat, agintean dauden helduena da».

 

GRALak praktikan jartzea

Saez de Cámararen esanetan, Berrikuntzaren, Gizarte Konpromisoaren eta Kulturgintzaren arloko Errektoreordetzak deialdi hauen bitartez bete nahi duen helburuetako bat da «GRALak ez geratzea bulegoetako tiraderetan edo liburutegiko apaletan, baizik eta ikasleek unibertsitateko kideekin eta kanpo eragileekin (balizko enplegatzaileak, erakunde publiko-pribatuak, hirugarren sektorea, etab.) partekatzea, gradu amaierako lanak egiatan bihur daitezen proiektu erreal».

Antza, proposamenetako bat praktikan jarriko da laster; esaterako, Ana Kareagarena. Genero estereotipoei haurtzarotik aurka egiteko proiektua gauzatzearren, Sorkuntza eta Diseinuko graduduna harremanetan jarri da hezkuntzako eta berdintasuneko erakundeekin. Beharbada, gure kaleetan ikusiko dugu laster.

Sarion deialdia finkatu da jada, eta Iraunkortasuneko zuzendariak aurreratu duenez, «bigarren edizioa ebaluatzen ari gara uneotan, eta datorren udaberrian hasiko ditugu hirugarrena prestatzeko lanak».

Hurrengo biltzarra ekaina eta iraila artean egingo da. Sariotara aurkezteko, GRALa zer‑nola egin behar den jakin nahi duen orok Iraunkortasuneko Zuzendaritzara jo dezake. Bertan azalduko dizkiote inguruabar guztiak.