euskaraespañol

UPV/EHUko hiru ikertzaile, Espainiako Kimikako Errege Elkarteak sarituak

Fernando Cossiok urrezko domina jaso du, erakundearen sari nagusia, eta Aurelio Mateo-Alonsok eta Haritz Sardonek Ikerketa Bikaintasunari eta ikertzaile gazteari saria jaso dute, hurrenez hurren.

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2021/04/22

Irudia
Fernando Cossio, Aurelio Mateo-Alonso eta Haritz Sardon. Argazkiak: UPV/EHU eta Polymat

Espainiako Kimikako Errege Elkartearen Sarien Epaimahaiak, 2021eko edizioan, Fernando Cossiori eman dio Urrezko Domina, erakundearen sari nagusia. Cossio Euskal Herriko Unibertsitateko Kimika Organikoko katedradun eta Ikerbasqueko zuzendari zientifikoa da. "Bikaintasuneko ibilbide zientifikoa, bere berezitasuna, nazioarteko ikusgarritasuna eta diziplinan gaur egun duen lidergoa" hartu diu kontuan epaimahaiak. Domina, diploma eta diru-hornidura izango da saria.

Aurelio Mateo-Alonso, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle bisitaria eta Ikerbasque ikerketa irakaslea Polymaten, Ikerketa Bikaintasunaren Saria jaso du. Sari horrek hautagaien oraintsuko ibilbidea baloratzen du, denbora-tarte hori sarien aurreko 5 urteetara mugatuz. Diploma eta diru-hornidura dakar sariak. Aurelio Mateo-Alonso Material molekularren eta Supramolekularren taldeko zuzendaria da Polymaten.

Era berean, Haritz Sardonek, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle laguntzaileak eta Katalisi eta Polimero Iraunkorren taldeko buruak, Ikertzaile Gaztearen saria lortu du, ‘taldeko liderra’ modalitatean. Sariak batez ere ikerketa-talde berri bateko lider gisa egindako ibilbidea baloratzen du.

Azkenik, Daniele Mantionek, UPV/EHUko Kimikako doktoreak, ikertzaile gaztearen saria lortu du, 'doktoretza ondoko ikertzailea' modalitatean.