euskaraespañol

UNEDek eta UPV/EHUk Blockchain Unibertsitatea aurkeztu dute

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/03/22

Irudia
UNEDeko agintariak eta UPV/EHUko Gorka Palazio. Argazkia: UNED

Proiektua Germán Ruipérezek (UNED) eta Gorka Palaziok (UPV/EHU) zuzentzen dute, eLearning-eko Hornitzaileen Elkartearen (ApeL), FGSR-Casa del Lector Fundazioren eta Teknologia Aurreratuen Nazioarteko Zentroaren (TANZ) hasierako babesarekin. Tartean antzeko erakundeak inplika daitezela du xede, zeinekin helburu komunak sustatzeko hitzarmenak sinatuko bailirateke.

Blockchain Unibertsitatea pauso berri bat da Espainiako profesionalen lehiakortasuna sustatzeari begira, eraldaketa prozesuan den inguru globalean. Proiektuaren helburua da balio soziala duen ezagutza transmititzea, datu kateatu eta enkriptatuen teknologia erabiliz. Aditu batzuen esanetan, horrek Interneten jaiotzaren pareko iraultza bat ekarriko luke.

UNEDek teknologia horrekin lan egiten du jada, eta blockchain delakoa hedatzera bideratutako ekimen akademikoak ditu, hala nola RNEko Radio 3k eskaintzen duen irrati seriea, edo RTVEko 2. katean igortzeko etorkizunean ekoiztuko diren hedapen programen seriea.

UPV/EHU aitzindaria izan da blockchain teknologian oinarritutako ziurtagirian, Bilbon orain dela gutxi eginiko kongresu batean (Ikasnabar 2018). Ekimen honen arrakasta ikusita, UPV/EHUk Blockchain Unibertsitatearekin lankidetza ezarri du teknologia horren erabilera orokortzeko.

Erakunde babesleak

Blockchain Unibertsitatea antzeko helburuak lortu nahi dituzten erakundeekin lankidetza ezartzeko nahiarekin sortu da, herritarrei oro har eta unibertsitate komunitateari zehazki irekitako mintegian antolatzeko helburuarekin, teknologia mota hori hedatu eta zabaltzeko eta osagarriak izan daitezkeen bestelako ekimen akademikoak abiarazteko.

UNED eta UPV/EHUz gain, Blockchain Unibertsitateak hiru erakunde babesleen laguntza du: eLearning-eko Hornitzaileen Elkartea (ApeL), FGSR-Casa del Lector Fundazioa eta Teknologia Aurreratuen Nazioarteko Zentroa (TANZ).

e-Learning-eko Hornitzaileen Elkartea (APeL) Espainiako eLearning-eko enpresa eta erakundeak biltzen dituen sektoreko erakundea da, eta haren parte dira unibertsitateak, edukien hornitzaileak eta prestakuntza, plataforma, zerbitzu eta aholkularitzako enpresak. Hori dela eta, erreferentea da Administrazio Publikoaren eta eLearning-en Espainiako merkatuan interesa duten enpresa nazional eta atzerritarren aurrean.

APeL buru da Espainian prestakuntzara aplikatutako aurrerapen teknologikoen erabilera sustatzean (errealitate areagotua, adimen artifiziala, etab.) eta, beraz, blockchain teknologia estrategikotzat jotzen du eLearning-ean. Eta horregatik babesten du Blockchain Unibertsitatearen proiektua.

GSR-Casa del Lector Fundazioa eta Teknologia Aurreratuen Nazioarteko Zentroa (TANZ) miaketa eta prestakuntza jarduera bat garatzen ari dira blockchainaren inguruan duela urte batzuk, eta horri esker lider dira Europan horren aukeren azterketan liburuaren sektorean, eta kultura industrian oro har, berrikuntza eta bideragarritasuna sustatzeko.

Helburu horiekin, bi topaketa antolatu dira Readmagine astean, baita mintegi batzuk ere Renodo nazioarteko proiektuaren esparruan, Europako liburuen munduko profesionalen komunitateari zuzenduta. Luis González GSR Fundazioaren zuzendari nagusiak, tresna horiek sustatzeko Europa mailako ekimen bat aurkeztu zuen Frankfurteko (Alemania) Liburuaren Azokan, Estatu Batuetako mendebaldeko kostako industria digitalarekin aukera handiagoarekin lehiatzeko xedez.