euskaraespañol

UNUM Mugaz Gaindiko Uda Ikastaroen lehen edizioa Baionan ospatuko da

Mugaz Gaindiko Uda Ikastaroak – UNUM Baionan izango dira uztailaren 18tik 22ra

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2022/06/28

Irudia
Uda Ikastaroak Baionako Arteen Hirian izango dira | Argazkia: Peter Potrowl

“Mugaz Gaindiko Uda Ikastaroak - UNUM” jarraian aipatzen diren euroeskualdeko unibertsitateek eta ikerguneek 2019. urtetik hona egindako topaketen emaitza dira: Université de Bordeaux (UB), Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU), UPV/EHUko Uda Ikastaroak, l´Université Bordeux Montaigne (UBM), l´Université de Pau et des Pays de L´Adour (UPPA), Nafarroako Unibertsitate Publikoa (UPNA), eta Euskampus Fundazioa eta  CNRS/IKER. Egitasmoak lurralde erakunde hauen laguntza jaso du: Gipuzkoako Foru Aldundia, Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa euroeskualdea eta Euskal Herria Hirigune Elkargoa.

“UNUM” izenak “Askoren artean, bat” kontzeptua ematen du aditzera, proiektu ilusionagarri honetan bildutako askotariko eragileen batasuna adieraziz, hain zuzen ere.

UNUM proiektuaren egitekoa da partaide diren unibertsitate eta erakunde zientifikoetan sortzen den ezagutza ezagutaraztea, baita erakunde publikoek ezagutzan oinarritutako euroeskualdeko ekonomia baten garapenaren alde egindako plan estrategikoak ezagutaraztea ere, berrikuntza eta teknologia berriak balio erantsia sortzeko tresna katalizatzailetzat hartuta.

“Mugaz Gaindiko Uda Ikastaroak - UNUM” mugaz gaindiko herritarrei zuzentzen zaizkie, eta, Europako beste euroeskualde batzuetan lortu den bezalaxe, ekonomiaren, gizartearen eta lurraldearen aldetik kohesionatuagoa egongo den euroeskualdeko eremu baten sorreran unibertsitateek jokatzen duten eginkizun proaktiboa ikusaraztea dute xede.

Lehenengo edizio hau proba pilotu moduan planteatu da; hartara, aurtengo esperientziatik ikasitakoan oinarrituta, datozen urteotako programa garatuko da.

UNUM ikastaroak euroeskualdeko hiru hizkuntza ofizialetan (euskara, frantsesa eta gaztelania) izango dira, eleaniztasunaren eta kulturartekotasunaren balioa nabarmentze aldera. Aurrez aurreko ikastaroak izango dira eta, gainera, programazioaren zati bat online ere jarraitu ahal izango da, zuzenean. Kultur jarduera irekiak ere izango dira, lurraldearekin loturik. Izen-ematea doan da, baina nahitaezkoa.

Edizio hau uztailaren 18tik 22ra izango da, Baionako Arteen Hirian

EUROHIRIA, mugaz gaindiko polizentrismo-eredua 2022/07/18 2022/07/18
Mugaz gaindiko lankidetza Europako krisien aurrean 2022/07/18 2022/07/19
Amerikako mugarteko migrazioaren historia eta kultura-irudikapenak 2022/07/19 2022/07/20
Lurralde garapen solidarioa: tokiko txanponen ekarpena 2022/07/20 2022/07/20
Musika eta lurraldea 2022/07/20 2022/07/21
Itzulpengintza etengabeko eraldaketa teknologikoan murgilduta 2022/07/21 2022/07/22
Euskararen atlasak : eginikoak eta egitekoak 2022/07/22 2022/07/22

 

Egun horietako 7 ikastaroez gain, beste 2 programa nabarmendu nahi ditugu, egun horien bueltan izango baitira euroeskualdeko hainbat tokitan.

Itsasora begiratzen duen Unibertsitatea: ezagutzan zehar nabigatzen Saltillo eskola-ontzian 2022/07/11 2022/07/20
Basque Summer Tutorial in Language Documentation 2022/08/16 2022/08/26

 

Prestatzen ari den kultur jarduerei dagokienez, uztailaren 21erako kontzertu bat antolatzen ari dira aurreratu daiteke; arratsaldez izango da, eta sarrera libre eta doan: “En-Kantu” Nafarroako Unibertsitate Publikoaren proiektua da, eta Nafarroako Foru Komunitateko eta Behe Nafarroako melodia tradizionalak jasotzen ditu. Musika elementu bizia da, eta nazio mugak gainditzen ditu; mugaz gaindikoa da.