euskaraespañol

UPV/EHUk indartu egin du gizarte konpromisoaren eta jasangarritasunaren aldeko apustua

EHUagenda 2030 prestatu du, lerrokatzeko unibertsitate jarduera Nazio Batuek planetarako definitu dituzten helburuekin

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/04/12

Irudia

Nazio Batuek ekintza plan unibertsala, integrala eta eraldatzailea definitu zuten Agenda 2030ean, helburu duena bultzatzea giza garapena. UPV/EHUk gaur aurkeztu du EHUagenda 2030, xedetzat duena lerrokatzea unibertsitatearen lana eta planetaren desafio handiak, eta hiru arlotan duena eragina: inklusioa, berdintasuna eta jasangarritasuna.

Behin aurkeztuta Gobernu Kontseiluan garapen jasangarrirako EHUagenda 2030, UPV/EHUk jarduteko bide berri bati ekingo dio, aurrera egiten jarraitzeko gizarte erantzukizunaren eta jasangarritasunaren eremuetan, zentzu zabalenean. Horretarako, unibertsitateak bat egingo du Nazio Batuek 2015. urtean garapen iraunkorrerako definitu zituzten 17 helburuekin, erakunde horren Agenda 2030ean jasota daudenekin hain zuzen. UPV/EHUk beste helburu bat gehitu die aipatutako hamazazpiei: hizkuntza eta kultur aniztasuna, Unescok definitua eta UPV/EHUren Munduko Hizkuntza Ondarearen Unesco Katedrak sustatua.

EHUagendak lau egitura bereizten ditu 18 helburuak lortzeko. Batetik, hiru arlo sektorial zehazten ditu: Inklusio Campusa, Berdintasun Campusa eta Planeta Campusa, eta horien bidez batu egingo dira UPV/EHUn modu sakabanatuagoan aurrera eramaten ari ziren planak eta jarduerak. Idoia Fernandez andreak, Berrikuntzaren, Gizarte Konpromisoaren eta Kulturgintzaren arloko errektoreordeak nabarmendu duenez, garrantzitsua da UPV/EHUren Agenda 2030ean agertzen diren ekintzak zeharkakoak izan daitezela eta koordinatuta egon, helburuak bete ahal izateko.

Berdintasun Campusa garapen jasangarrirako 5. helburuan oinarritzen da, hots, generoen arteko berdintasuna lortzean; eta horixe da UPV/EHU orain dela hamar urte sustatzen hasi zen erronka, berdintasun planen bitartez. Inklusio Campusak 10. helburua du oinarri: desberdintasunak murriztea herrialdeetan eta herrialdeen artean. Plan horretako ekintzen bidez arreta berezia eskainiko zaie bazterkeria edo marjinazioa jasateko edo zaurgarri izateko arriskuan dauden pertsonei (baliabide ekonomikoen gabeziagatik, babesgabetasun egoeran dagoen familiako kide izateagatik, asiloa eskatuta edo errefuxiatu izateagatik, desgaitasunen bat izateagatik edo askatasun gabeziagatik). Planeta Campusaren xedea da unibertsitateak modu jasangarrian eraman ditzala aurrera eguneroko zereginak, ekonomia, gizarte eta ingurumen irizpideei jarraituta, hala irakaskuntzan nola kudeaketan, ikerketan eta unibertsitate hedakuntzan.

Hiru arlo sektorial horiei batu behar zaie EHUagendaren oinarri den ideia: IKD hezkuntza eredu propioaren garapena. IKD 2010. urtean jarri zen abian,eta orain IKD i3 bihurtu da (irakaskuntza x ikerketa x iraunkortasuna) Ikaskuntza kooperatibo eta dinamikoaren eredu hori orientabide pedagogiko gaurkotuenetara egokitzen da eta, aldi berean, gradu eta master ikasketetan txertatzen du UPV/EHUren ikerketa kapitala, bai eta garapen jasangarrirako helburuak ere.

Agendako egitura bakoitzean xedeak, ekintzak eta adierazleak zehaztu dira, garapen jasangarrirako helburu bakoitzari lotuta, neurtu ahal izateko zein mailataraino beteko diren, bai eta horietako bakoitzean unibertsitatearen abiapuntua zein den erakusten duen taula ere. UPV/EHUk IHOBE ingurumen hobekuntzarako erakunde publikoaren laguntza izan du proiektua egiteko.

Idoia Fernandezen iritziz, kontuan hartuta helburuen eta adierazleen definizioa, bai eta horiek neurtu ahal izateko aukera ere, estatuko unibertsitateetan ez dago EHUagendaren parekoa den proiekturik, nahiz eta badagoen halakorik Europa edo Kanadako batzuetan.

2019ko aurrekontuen aurreproiektua aurkeztu da.

Bestalde, onartuta otsailaren 14ko 3/2019 Legea (Hezkuntza alorrean 2019ko ekitaldirako presako aurrekontu neurriei buruzkoa, otsailaren 19ko EHAAn argitaratua), bai eta Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak 2019-2022 aldirako Unibertsitate Plana ere, 2019ko aurrekontuen aurreproiektua aurkeztu da.

Guztira, 422.055.108€ dira; eta 2018an, berriz, onartutako aurrekontua 410.165.097 eurokoa izan zen. Beraz, % 2,90ko igoera izan da iazko aurrekontuekin alderatuta.

Aurreproiektua aurkeztuta, zuzenketak aurkezteko aukera egongo da, apirilaren 12tik maiatzaren 13ra arte. Proiektua Gobernu Kontseiluaren maiatzaren 30eko bileran aurkeztuko da, onartua izan dadin. Ondoren Gizarte Kontseiluari helaraziko zaio, behin betiko onespena eman diezaion.